NAIZ

OMEk Henrietta Lacks omendu du, bere laginek ikerketa asko ahalbidetu zituztelako medikuntzan

OMEk sari bat eman dio, hil ostean, Henrietta Lacksi. Lacks zerbixeko minbiziak jota hil zen 1951an eta bere baimen zein ezagutza gabe, biopsiak egin eta laginak erauzi zizkioten. Gerora, lagin horiek ezinbestekoak izan dira polioa edo giza papilomaren aurkako txertoak aurkitzeko.

Henrietta Lacks. (Wikimedia Commons)
Henrietta Lacks. (Wikimedia Commons)

OME Osasunaren Mundu Erakundeak hil osteko omenaldia egin dio Henrietta Lacksi, bere ekarpena, baimenik gabekoa eta inkontzieteki izan bazen ere, ezinbestekoa izan baitzen polioa edota giza papilomaren aurkako txertoak sortzeko. Berarengandik eskuratutako laginek aurrerapen handiak ahalbidetu zituzten medikuntzan zelula-hazkuntza hilezkorraren lerroari esker.

Zerbix minbiziaren aurkako tratamendua jasotzen zuen bitartean, ikertzaileek biopsiak eta lagin erauzketak egiten zizkioten Lacksi. Gerora, bere zelulak bihurtu ziren historiako lehen lerro zelular hilezkorra eta OMEek dioenez, aurrerapauso «kalkulaezinak» lortu ziren horri esker. Besteak beste, giza papiloman, polioan, VIH eta minbiziaren aurkako sendagaietan eta, oraintsu, covid-19aren txertoan.

Emakume beltza izanik, komunitate zientifikoak Lacksen arraza ezkutatu du urte hauetan zehar. «Gaurko errekonozimenduaren bidez zuzentzea espero dugun akats historikoa», azaldu du OMEk.

Henrietta Lacks zenari omenaldia. (OME)

Henrietta Lacksi omenaldia eginez, «iraganeko bidegabekeria zientifikoak aitortortzearen» eta zientzian eta osasunean arraza berdintasuna sustatzearen garrantzia azpimarratu du OMEren zuzendari nagusi den Tedros Adhanom Ghebreyesusek: «Partikularki emakume beltzak errokonozitzeko aukera ere bada, sekulako ekarpenak egin baitituzte, baina sarritan ikusezinak zientzia medikuan».

Saria Lacksen semeak jaso du, bizirik ezagutu zuen azken senideetako batek, eta familiak sentitzen duen poza plazaratu du: «Hunkituta gaude nire amari egindako errekonozimendu historikoagatik. Nire amaren ekarpenek, lehen ezkutuak, orain jasotzen dute bere inpaktu globalagatik merezitako errekonozimendua».

Medikuntzari egindako ekarpena

31 urte zituela hil zen Henrietta Lacks umetokiko edo zerbixeko minbiziak jota. Tratamenduan zehar, ikertzaileek bere tumorearen laginak hartu zituzten eta lerro zelular hori sekulako aurrerapausoa bihurtu zen zientziarentzat. Izan ere, era mugagabean bereizten diren giza zelulen lehen lerroa eskuratu zuten lagin horri esker.

Horrela, Lacksi esker, zelulak masiboki produzitu ziren eta gaur gaurkoz 50.000.000 zelula tonelada banatu dira mundu osoan zehar eta 75.000 ikerketetatan baino gehiagotan erabili dira.