NAIZ

Hizkuntzak ulertzeko orduan ortografiak duen garrantzia ikertu du BCBL zentroak

Euskara eta gaztelera hitz egiten duten elebidunekin egin dute ikerketa, eta ortografia akatsak eginda ere, hizkuntzak ondo ulertzen dituzten ikusi dute. Hala, ondorioztatu dute ortografia hizkuntzak identifikatzeko tresna garrantzitsua dela.

Elebidunen ulermena aztertu dute ikerketan.
Elebidunen ulermena aztertu dute ikerketan. (BCBL)

Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa zentroak ikerlan berri bat garatu du ortografiak hizkuntza bat ulertzerako garaian duen garrantzia azpimarratzen duena. Ondorioak Cambridge-ko unibertsitateko argitalpen zerbitzuak zabaldu du. Izan ere, ikerketa honen arabera, ortografia da elebidunek hizkuntza bat hautemateko modua, baita haurtzaroan kode linguistikoa eskuratu duten hiztunen kasuan ere.

«Ikerketa honekin euskara eta gaztelaniazko elebidun goiztiarretan ortografiaren ezagutzak hizketaren pertzepzio eta ekoizpenean eragina duenetz aztertu dugu. Euskara eta gaztelaniazko zenbait letra berdinak izan arren ahoskera ezberdina dutela kontuan hartuz, ‘z’ kasu, frogatu nahi izan genuen ea ‘z’ gaztelaniaz ahoskatuta zegoen hitzetan euskarazko hitzak identifikatzeko gai ziren ala ez. Ariketa berdina errepikatu genuen baina kasu honetan ahoskera akatsek ez zuten gaztelaniazko ortografiarekin loturarik. Horrez gain, ikerlanean aurkeztutako hitzak gaizki ahoskatzen zituzten ere jakin nahi genuen», ziurtatu du Antje Stoehrrek, ikerketa honen arduraduna den BCBLko ikerlariak.

Ikerlanak ondorioztatu duenaren arabera, euskara eta gaztelaniazko elebidun goiztiarrek gaztelaniarekin loturiko ahoskera akatsak onartzen dituzte, bestela esanda, hitza euskal berba bezala identifikatzen dute hau euskaraz ahoskatu beharrean gaztelaniazko ahoskerarekin entzunagatik ere. Aitzitik, ahoskera akatsak gaztelanarekin zerikusirik ez zuen kasuetan, korrelazio hori ez zen hain erraz gertatzen. Gainera, garbi geratu zen gaztelaniatik datozen ahoskera akatsak ez dituztela errepikatzen euskaraz hitz egiterako orduan.

Ikerlan honen emaitzek elebidunek hizkuntzak hautematean ortografiaren ezagutzak duen eragina agerian utzi dute eta, lehen aldiz erakutsi dute ortografiak irakurtzen eta idazten ikasi baino askoz lehenago eskuratutako hizkuntzen hizketaren hautematean eragiten duela.

«Jakina zen heldutan atzerriko hizkuntza bat ikastean ohikoa dela jatorri ortografikoa duten ulermen eta ahoskera akatsak egitea. Ingelesa heldutan ikasten duten gaztelaniazko hiztunek, esaterako, mutuak diren letrak ahoskatzen dituzte, ‘talk’ hitzean ‘l’ adibidez. Elebidun goiztiarretan, ordea, ez genekien ortografiak ere eragina zuen hizketaren hautemate eta ekoizpenean. Gure ikerlanak lehenbiziko aldiz erakutsi du ezagutza ortografikoak eragina duela irakurtzen eta idazten ikasi aurretik eskuratutako hizkuntzen hizketaren hautematean, baina ez da berdina gertatzen hizkuntzaren ekoizpenean», gehitu du Clara Martinek, BCBLko  Ikerbasque ikertzaileak.

BCBLko ikerlari taldeak 30 euskara-gaztelania elebidunen parte-hartze boluNtarioari esker burutu zuen ikerketa. Partaideek euskarazko entzutezko ulermenezko ariketak burutu zituzten. Bertan zuzen ahoskatutako euskarazko hitzak zein ‘z’ letra gaztelaniazko ahoskerarekin esandako hitzak entzun zituzten. Gainera, ozenki irakurri behar zituzten ‘z’ letra zuten euskara eta gaztelaniazko hitzak.