NAIZ

Josu Okiñenak euskal ondare musikala berreskuratzeko proiektua sustatu du

Eskuizkribuak ikertu eta berreskuratzeko lanean aritu da Josu Okiñena musikaria. Euskal musika zaharra berreskuratzen ari da eta aurten jada 10 partitura jasotzea lortu du. Beste batzuk ditu esku artean.

Euskal musika ondarea berreskuratzeko proiektuaren aurkezpena.
Euskal musika ondarea berreskuratzeko proiektuaren aurkezpena. (Andoni CANELLADA | FOKU)

OE Oficinak urteetan ahaztutako euskal musika-ondarea berreskuratzeko helburuarekin jarraitzen du lanean, azken urtean argitaratutako argitalpen eta disko lan ugarirekin. Era berean, musika garaikideko konpositore berriak bultzatzeko lanarekin ere jarraitzen du. Josu Okiñena musikari, ikertzaile eta irakasleak berreskuratu duen obra berriak aurkeztu ditu gaur.

«Harro eta pozik gaude OE Oficinaren proiektuarekin hasiera batean ezarri genituen helburuak betetzen ari garelako, hau da, euskal musika klasikoa mundu osora zabaltzea. Zabalkunde hori zuzeneko errezitaldien, grabazioen eta partituren edizio kritikoen bidez egiten dugu. Horrela, errepertorioa eskura dago musika munduko ezein profesionalentzat, melomanoarentzat edo euskal kultura ondarearen ezagutzan interesa duen publikoarentzat», aipatu du Okiñenak.

Izan ere, 2022 oso urte emankorra izaten ari da: «Garrantzitsua izan da pandemiak eskaini digun on eskasa aprobetxatzea, hau da, hausnarketarako, lanerako eta ikerketarako tarteak bilatzea, pandemiarik ezaren egunerokotasuna ezinezkoa dela aprobetxatzea. Jakina, horrek kontzertuak antolatzeko zailtasun handiagoa ekarri du, mugikortasun arazoak izan direlako, baina emankorra izan da eskuizkribuak ikertzeko eta partiturak egiteko», esan du.

Bide horretan, Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Saila lagun izan du, zeinek diruz laguntzen duen ekimena. Bingen Zupiria sailburuak esan duenez, «bizirik behar du memoriak, bizitzak memoria behar duelako. Horregatik hitz egiten dugu memoria biziaz. Eta transmisioaz. Egitasmo honek, gordean eta isilean zeuden altxor musikalak kulturaren eta bizitzaren plazara ekartzen ditu. Memoria biziaren adierazpen ederra da: euskal musika gordailutik, plazara eta iraganetik egungo belarrietara ekartzen du. Ikuspegi zabal eta profesional batekin».

Lanaren fruituak

Hala, 2022an zehar Pascual Aldaveren hiru partitura, Lorenzo Ondarraren bost eta Tomas Garbizu eta Hilario Olazaran de Estellaren bana argitaratu dituzte. Horiez gain, Aita Donostiaren ‘Pro Defunctis’ mezaren orkestra bertsioa argitaratzear daude, inoiz argitaratu ez dena. «Euskal requiem handia dugu honakoa», aipatu du Okiñenak.

Berreskuratutako musikarekin bi disko argitaratu ditu OE Oficinak; ‘Aita Donostia Songs’ eta ‘Xarmak’. Horiez gain, azpimarratu dute euskal musika ondarea zabaltzeko beste moduetako bat dela zuzeneko emanaldiak eskaintzea, eta horretarako Batura zikloaren hirugarren edizioa prestatzen ari dira. Aurtengo edizioan ‘Emakumea eta euskal musika’ gaia aukeratu dute ardatz gisa.

‘Hegalak’ ekimen berritzailean berreskuratutako obren pianorako errezitaldia eskainiko dute, eta ‘Kaputxino’ konpositoreen zikloan aurten eta datorren urte bitartean Iberiar Penintsulako hainbat herritan zehar arituko dira.

Amaitzeko, 2024ean Pascual Aldaveren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko programazio berezia prestatuko dutela iragarri dute. «Zoritxarrez, orkestralki pare bat aldiz interpretatu da Historian, azkena duela hiru hamarkada baino gehiago», argitu du Okiñenak.