‘Gaztelu beltza’ 500 urte eta gero zutik Brigade Locoren bideoklipean

Brigade Loco taldeak ‘Gaztelu beltza’ kantaren bideoklipa argitaratu du. Nabarralde fundazioak egindako elkarlana izan da eta Hodei Izarrak zuzendu du ikus-entzunekoa. 

Uztailaren 15ean 500 urte beteko dira Gaztela eta Aragoiko erresumek Amaiurko setioari hasiera eman ziotenetik. Nafarroako erresistentzia osatu zutenei gorazarre egiteko eta bertan gertatua belaunaldi berrietara ekartzeko, Brigade Loco taldeak ‘Gaztelu beltza’ kantaren bideoklipa aurkeztu du. Nabarralde fundazioarekin egin dute horretarako lan eta Hodei Izarra izan da bideoa zuzendu duena. 

Manex Egaña taldeko bateria-jotzaileak horrela azaldu zigun elkarlanaren zergatia: «Zerbait berezia egiteko aukera ikusten genuen 500. urteurren honen aurrean. Izan ere, saiatzen gara gure abestietan memoria historikoa lantzen. Aukera hau mahai gainean jarri genuenean, Nabarralde bezalako elkarte batekin aritzea egokia ikusten genuen, gure proiektuari kutsu historiko bat emateko eta lanketa sakonago bat egin ahal izateko. Haiekin harremanetan jarri ginen eta kantu hau birmoldatzea planteatu genuen, berriz ere grabatu dugu abestia eta bideoklipa egin dugu».

Nafarroa itsasoraino iristen zela aldarrikatuz hasten dute, inplizituki bada ere, bideoa. Hala, Idoia Tapia, Skabidean taldeko abeslaria, itsasoari begira dagoela jota bat abestuz entzun daiteke, baina baita gero kantako beste zati batzuetan ere, hura izan baitute kolaboratzaile Brigade Locokoek. Horrez gainera, itsasaldetik barrualdera eraman dituzte irudietan ikusten diren Lekeitioko zanpantzarrak ere, baina Oteitza, Barañain eta beste hainbat tokitako kideak ere izan dituzte bidaide. Aktore nagusiak, berriz, Manez Beitia eta Noa Iturrioz izan dira.

Amaiurko herriaren laguntza izan dute bideoan ikusten diren irudi dotoreak grabatu ahal izateko, izan ere jende andana batu zen bideoklipa grabatzerako garaian. Argi geratu da bostehun urte eta gero zutik jarraitzen duela Amaiurko izpirituak, eta hori nabarmen utzi dute Brigade Locokoek «Askatasunaren alde bizia eman dutenei betiko argia» leloa azpimarratuz.