NAIZ

Mugimendua eta argia duten irudiak sortzen dituen robot bat aurkeztu dute BIEMH azokan

‘Holobot. Social Garden’ robota aurkeztu dute BECen ospatzen ari den Makina-erremintaren Nazioarteko Biurtekoan (BIEMH). Robotak mugimendua eta argia duten irudiak sortzen ditu inguruan dituen sare sozialen laguntzaz.

‘Holobot. Social Garden’ robotak sortutako irudietako bat.
‘Holobot. Social Garden’ robotak sortutako irudietako bat. (HOLOBOT)

Tabakalerak, VR Kommand artisten kolektiboak, Tekniker eta KUKAk ‘Holobot. Social Garden’ robota aurkeztu dute ostegun honetan Barakaldoko BECen ospatzen ari den Makina-erremintaren Nazioarteko Biurtekoan (BIEMH). Robotak mugimendua eta argia duten irudiak sortzen ditu beso robotiko baten bidez. Tabakalerak zehaztu du helburua teknologiaren presentzia eta giza interakzioa «saihestezinak» diren testuinguru batean «teknologiaren eta naturaren arteko analogia» sortzea dela.

Robotak inguruko sare sozialetatik jasotzen du irudiak sortzeko behar duen informazioa. Hau da, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak azaldu duenez, «robotak #Holobot traola erabiltzen duten erabiltzaileak detektatzen ditu, euren profiletatik hartutako datuak landare-errealitate simulatu bilakatzen ditu eta ondoren sare sozialetan argitaratzen ditu».

Robota «instalazio artistiko» bezala deskribatu dute bere aurkezpenean: «Abiapuntua robotaren eta gizakiaren artean sortzen den elkarrekintzaren oinarrian dagoen ‘konfiantza’ kontzeptua da. Emaitza interprete baten gisan jardungo duen instalazio bat da, adimen artifizialari esker Biurtekora bertaratzen direnen sare sozialetako interakzioa lorategi birtual handi baten itxura hartzen duen konposizio batean islatzen duena».

Hori horrela, ‘Holobot. Social Garden’ asmakuntzak bere inguruko sare sozialen erabiltzaileen inputak jasoko ditu irudi pertsonalizatu eta distortsionatu bat sortzeko argi-irudi bat erreproduzitzen ditu, mugimenduen konbinazioa eta LED seinaleen igorle bat erabiliz horretarako. Ondoren, argi-irudi hori kamera batek jasotzen du eta irudiak sare sozialetan argitaratzen dituzte.

Bingen Zupiria, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, robotaren aurkezpenean egon da eta adierazi du horrelako ekimenek kultura eta sormenaren eremua beste eremu batzuekin harremanetan jartzeko aukera sortzen dutela. «Kulturaren ikuspegia ere zabaldu egiten da eta batzuen eta besteen arteko mugak desagertuz doazela ikustarazten digute. Diziplina batzuk beste batzuk aberasten dituzte», ebatzi du.