NAIZ

Amina Claudine Myers eta Mulatu Astatke sarituko ditu Donostiako Jazzaldiak

Amina Claudine Myersi eta Mulatu Astatkeri emango die Donostiako Jazzaldiak saria, Jazzean egin duten ibilbide oparo eta luzeagatik.

Amina Claudine Myers.
Amina Claudine Myers. (JAZZALDIA)

Amina Claudine Myers eta Mulatu Astatke saritu ditu aurten Donostiako Jazzaldiak. Amina Claudine Myers pianista, organista, bokalista, konpositore, aktore eta hezitzaileak hamarkadak daramatza musikaren arloan lanean. Association for the Advancement of Creative Musicians (AACM) elkarteko kide, Aminak hamaika disko kaleratu ditu bere izenean, ezin konta ahala kolaborazio egin ditu, antzerkiko obretarako konposatu du, koruak eta orkestrak zuzendu ditu, irakaskuntzan jardun du… Bere ibilbide luzean artista anitzekin aritu izan da lanean, haien artean aipatzekoak Archie Shepp, Charlie Haden’s Liberation Orchestra, James Blood Ulmer, Lester Bowie, Bob Stewart, Joey Baron, Gene Ammons, Sonny Stitt, Muhal Richard Abrams, Bill Laswell, Eddie Harris, Von Freeman, Anthony Braxton, Henry Threadgill, Frank Lowe, Rahsaan Roland Kirk…

Mulatu Astatke 1943an jaio zen Etiopiako mendebaldean. Aurrena Londresko Trinity College of Musicen jaso zuen prestakuntza, eta hurrena Bostonen, Berkleeko izen handiko musika-eskolan; lehenengo ikasle afrikarra izan zen bertan. Ikasi eta entzundako guztiarekin, 1969an bueltatu zen Adis Abebara asmo zehatz batekin, hain zuzen ere, Jazza, musika latinoa eta musika etiopiar tradizionala uztartuta estilo berri bat sortzea: Ethio-Jazza. Bere ibilbide luze eta jorian, konpositore, moldatzaile, bibrafonista, perkusionista, irakasle, zuzendari… izan da Astatke. Etiopiako “70eko urrezko urteen” ondoren, 1998az geroztik ezagutarazi zen berriro Astatkeren musika Ethiopiques disko sailaren hasierarekin eta gerora, 2005ean, sail horretako bere abestietako zazpik Jim Jarmuschen Flores Rotas filmean izan zuten agerraldiari esker.

Jazzaldia uztailaren 20tik 25era izango da eta 84 kontzertu eskainiko ditu hiriko 14 agertokitan. Aurtengo programazioan izen handiak daude, Herbie Hancock, Iggy Pop, Diana Krall, Simple Minds, Gregory Porter, León Benavente, Hiromi, Steve Coleman, Amina Claudine Myers, Mulatu Astatke, Benny Green eta Bruce Barth, besteak beste. Baita nabarmentzen ari diren artista ugari ere: Ben Lamar Gay, Louis Cole, Miho Hazama, Curtis Harding, Craig Taborn, Sofiane Pamart, Marco Mezquida, Christone ‘Kingfish’ Ingram, Lakecia Benjamin, Lucia Fumero, Carlos Sarduy, Chico Pérez, Atrisma eta Oreka TX, beste askoren artean.

Aurten, Txikijazzek, familiei zuzendutako kontzertuen eta jardueren zikloak, bere hamargarren edizioa betetzen du. Hala, abagune hau ospatzeko, handitu egin ditu bai bere asmoak bai bere kontzertu eta agertokien kopurua. 10. edizioko Txikijazzek bederatzi kontzertu programatuko ditu lau agertokitan: Kutxa Kultur Tabakalera, Chillida Leku, Garbera Merkataritza Gunea eta Fnac Gunea. Bestetik, aurtengo edizio honetan, kontzertu horiek guztiak eskaini ez ezik, jarduerak eta tailerrak ere izango dira gune horietara hurbiltzen diren haurrentzat.

Uztailaren 21etik 25era garatuko den 10. Txikijazz honen kartelaren egilea Ane Pikaza da; 57 Jazzaldiaren kartela ere berak egina da.

Gainera, Jazzaldiarekin batera, Euskadiko Filmategiak antolatzen duen Jazzinema zikloaren seigarren edizioa izango da aurten. Jazzinema hazi egingo da 2022an, bai proiekzio kopuruan, bai egoitza kopuruan, horrela errazagoa izango da guztiontzat zinemaren eta Jazzaren arteko harreman apartaz gozatu ahal izatea.

Jaialdira bertaratu ezingo duten Jazz zale guztientzat, Donostiako Jazzaldiak streamingen emango ditu, doan, 14 artistaren kontzertuak, haietaz gozatu ahal izan dezaten. Hauek eskainiko zaizkie: Trinitate plazako 5 kontzertu eta FCC Victoria Eugenia Antzokiko 9 kontzertuak (JazzEñeko guztiak barne). Streamingerako sarbidea webgunean eta Youtubeko gure kanalean izango dute.