NAIZ
Gasteiz

Iñaki Añua hil da, Gasteizko Jazzaldia goratu zuen zuzendaria

Berrogei urtez izan zen Gasteizko Jazzaldiko buru Iñaki Añua. Gaur eman du bere heriotzaren berri bere anaiak, pandemiaren osteko edizioa hasi berritan.

Iñaki Añua, 2014an hartutako irudi batean, oraindik Gasteizko Jazz Jaialdiko zuzendari zela.
Iñaki Añua, 2014an hartutako irudi batean, oraindik Gasteizko Jazz Jaialdiko zuzendari zela. (Juanan RUIZ | FOKU)

Gasteizko Jazzaldiak bere 45. aldia abiatu zuen atzo Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrak eman zuen estraineko kontzertuarekin. Gauzak nola diren, edizio berri bat hasi berritan eman baitu Iñaki Añuaren anaiak berrogei urtez zuzendari izan den gizasemearen heriotzaren berri.

Añuak goreneraino eraman zuen jaialdi gasteiztarra eta Europako garrantzitsuenen artean kokatzea lortu zuen. Jazzaldia hasi berritan hartu zuen gidaritza, hirugarren urtean, eta berrogei urtez lanean izan da Arabako hiriburura nazioarteko jazzaren izar garrantzitsuenak ekarriz. Sarah Vaughan, Ella Fitzgerald edo Oscar Peterson izan dira Gasteizen izan diren izen entzutetsuetako batzuk.

Gaztetatik izan zuen musikarekiko zaletasuna Añuak. Orain egun gutxi bere anaia Xabierrek sare sozialetan egin zuen bere bizitzaren errepasoa. Disko entzule eta musika aldizkarien irakurle sutsua zen eta jazza maite zuten gazte batzuk sortu zuten Gasteizko Jazzaldiak laster izan zuen buru berria Añuarekin.

Egindako lan eskergak bere emaitza izan zuen eta Europako hamar jaialdiren arteko sare bat osatzea lortu zuen, kontratazioak elkarrekin egin eta nazioarteko izar garrantzitsuak Gasteizera ekarri ahal izateko.

Orduan hasi berriak ziren musikari garrantzitsuen lehen urratsen lekuko izan zen, Cecil McLorinen kasuan, esaterako, eta gauza berriak probatzeko ausardia ere izan zuen, flamenkoa jazzera ekarriz, adibidez, Paco de Luciaren eskutik.

Baina musikaren alorraz gain, Añuak izan zuen bestelako loturarik Gasteizko jarduera desberdinekin. Joxean Kerejetarekin batera, esaterako, Baskoniaren lehenengo taldean jokatu zuen. 2006an Gasteizko Urrezko Domina jaso zuen, egindako lanagatik.