NAIZ

Google Mapsek «ibilbide jasangarriena» proposatuko du aurrerantzean

Orain arte Google Maps aplikazioan ibilbide bat bilatzean, biderik azkarrena edo bidesaririk gabekoen artean aukeratzea zen posible. Orain beste aukera bat gehiago izango dugu, biderik «ekologikoena» zein den jakiteko.

Leku batetik bestera iristeko jarraibideak ematen ditu Google Maps aplikazioak.
Leku batetik bestera iristeko jarraibideak ematen ditu Google Maps aplikazioak. (GETTY IMAGES)

Google Maps nabigazio tresnak Europako berrogei herrialdetako erabiltzaileei ibilbide «ekologikoagoak» eta «jasangarriagoak» egiteko aukera eskainiko die.

Funtzionalitate berria erregai kontsumoa murrizteko eta dirua aurrezteko pentsatuta dago eta, ondorioz, karbono isuriak murrizteko, konpainiak ohar batean azaldu duenez.

Aplikazioak gidariaren lehentasunak zehaztea ahalbidetuko du ibilbide azkarrena edo ekologikoena aukeratu nahi duen kontuan hartuta, eta erregaiaren aurrezpen erlatiboa eta bi ibilbideen arteko denbora aldea erakutsiko ditu.

Bestalde, gidariak aukeratu beharko du ibilgailua gasolia edo diesel bidezkoa, hibridoa edo elektrikoa den, kontsumo eraginkorrena duten ibilbideak ere ibilgailuaren motorraren araberakoak baitira.

Googleren arabera, datuek erakusten dutenez, Estatu espainola mugikortasun jasangarrirako bidea egiten ari da, oinezko joan-etorriek nabarmen egin baitute gora iazko datuekin alderatuta, ibilgailu elektrikoak kargatzeko estazioen inguruko bilaketak %200 igo dira eta bizikleten erabilera ere handiagoa da.

Orain Google Mapsek Europan hasiko duen ibilbide mota Estatu Batuetan eta Kanadan abiarazi dira dagoeneko, eta kalkuluen arabera milioi erdi tona karbono isurketa baino gehiago saihestu dira.

Hala ere, aplikazio horrek mugikortasun jasangarriko beste aukera batzuk ere eskaintzen ditu, «autoa hartzea» saihesteko bizikletaz egindako ibilbideak, oinez egindakoak, partekatutako ibilgailuak edo garraio publikoa proposatuz.