Gaizka Martinez

Ilulissat Icefjord Zentroa, Izotzak gordetzen duena

Naturak, zientziak, arkitekturak eta arteak paisaia artiko muturreko honen erdi-erdian bat egin dute daniar-groenlandiar ekimen bati esker. Groenlandian Unescok babestutako eremu batean dago Ilulissat Icefjord Zentroaren eraikina. Babesleku, behatoki eta bilgune natural bihurtzea du helburu.

Odd ANDERSEN (AFP)
Odd ANDERSEN (AFP)

Ilulissat Groenlandiako mendebaldeko kostaldean dagoen herria da, Disko izeneko badian, zirkulu polarraren iparraldean, 250 kilometrora. Eskuzabaltasunez, izena eman dio ondoan duen 11 kilometroko zabalerako icefjord edo izotz fiordo ikusgarriari. Begi hutsez ikusi ahal da bertan klima aldaketaren presentzia ukaezina; izan ere, hemen aurkitzen dira planetaren beroaldia gehien pairatzen duten glaziarrak. Ilulissatekoak, esaterako, gutxienez 10 kilometro egin du atzera azken hamarkadetan. Bizi duen muturreko hauskortasunagatik, habitat natural berezi hau 2004an sartu zen Unescoren gizateriaren ondarearen zerrendan eta, horren harira, bertan sortu zen, hamabost urte gerora, Ilulissat Icefjord Zentroa eraikitzeko proiektua. Hala, 2021eko uztailean ireki zituen ateak estreinakoz.

Arkitektura eta paisaia bat eginik

Dorte Mandrup arkitekto daniar ospetsuak diseinaturik, erakusketa, hezkuntza eta ikerketa guneak, zinema aretoa, kafetegia eta denda bat biltzen dituen 1.500 metro karratuko eraikina da Ilulissat Icefjord Zentroa. Egurrez, beiraz eta altzairuzko 52 markoz altxatu dute. Kanpotik, hildako antigoaleko animalia baten hezurdura izan zitekeenaren edo elurretako hontz baten lur hartzearen antza hartzen du. Hedatu nahi dituen printzipioekin bat eginez, zentroaren zorua, teilatua, kanpoko terrazak eta estalkia, baita barruko gainazal ugari ere, europar haritzaz egindakoak dira, horrek berokuntza naturalaz hornitzen duelarik etxea.

Bada, hala ere, kontraesanik aurkitu dionik proiektuari. Bakarra, bai, baina handia. Groenlandiak azken urteotan turismoaren alde egin duen apustuaren erdian legoke zentro hau ere eta, Iñigo Garcia Odiaga arkitektuaren iritziz, «harrigarria da nola lortu dugun turistiko egitea eta esperientzia paregabe bihurtzea fiordo baten postala, bizi dugun krisi klimatikoari buruzko alarma-oihurik zaratatsuena, alegia».

Zientzia eta artea, naturaren ate

Ilulissat Icefjord Centre instituzioaren arabera, «inguruan dugun mundua erregistratu eta deskodetzen du zientziak, eta arteak interpretatu, azaldu eta miretsi egiten du». Hain zuzen ere, artearen eta zientziaren arteko hartu-emana da proiektu honen muina, naturaren erraietara iritsi eta honek jasaten dituen aldaketez jabetzeko.

JAC Studios-ek sortutako instalazio iraunkorrean, ingurumenaren eta bertako biztanleen soinu, hiru dimentsiotako irudi eta ukimen unibertso baten bidez, izotzaren eta gizateriaren arteko erlazioaz jabetzeko aukera izango dugu. Milaka urtetan zehar inuitak Disko badian bizi izan dira eta haien kultura eta bizimodua -ehiza, arrantza, arropa ekoizpena, garraio teknologia…- muturreko klima honetara nola egokitu dituzten ulertu ahal izango dugu, gizakia-natura ustezko erlazio malkartsuaren alde sinbiotikoak geureganatuz.

Leihate zabaletatik eta irekia den sabaitik inguru latz bezain zirraragarriaz gozatu daiteke. Kanpoko ikuskizun hau barnean azaltzen da argiago, bisitaren elementu nagusia delarik: izotz geruzen eta izotz nukleoen erakusketa. Egungo eta K.a. 124.000 urte bitarteko kultura eta klimari buruzko istorio bat kontatzen da bertan. Izotz xafla bakoitza elur geruzek eratua da, urtez urte, maluta bat bestearen gainean pazientziaz apailatu ostean. Elur partikulen artean, izotzak aire izpi txikiak ere ezkutatzen dituela konturatuko gara. Liburu ireki bat balitz bezala, izotz geruzek iraganean jazotako gertakari handien berri ematen dute, sumendien erupzioek, eguraldi eta klima aldaketek edo meteoritoen talkek utzi dituzten arrastoei esker.

Azken batean, izotzaren historia bizitza nola sortu eta mantendu den kontatzen digun istorioa ere bada. Fiordo edo glaziarren izotz geruzen pisu hondogabe eta sakonaren historia, milaka urtetan haren azpian karraskatu eta, ozeanoranzko bidaia geldo baina saihetsezinean, aurrera bultzatu dituen arroken historia ere badena. Baina, bortizkeria eta laztasun honen aurrean, jelak bizitza ere esan gura du gizaki eta animalientzat, bazter honetan bi-biek izotza behar baitute ehizarako edo arrantzarako.

Ur solidoaren oinarri sortzaile horretara hurbiltzeko atea da Ilulissat Icefjord Zentroa, gizateriaren handitasuna, makurkeria eta txikitasuna parez pare jartzen dituena. Elisabeth Momme zentroaren arduradunak espero du «bisitariak kontzientzia hartuta ateratzea hemendik, alegia, gizatasuna ezin dela naturaren gainetik jarri, natura eta gizatasuna bat direla, natura zaindu behar dela, eta ez garela haren jabeak, maileguan baino ez dugulako». Finean, urtzen den jela zati bakoitzean ikusiko baitugu islaturik, Ilulissateko Icefjorden, gizakiok munduan uzten ari dugun aztarna ezabagaitza. Lurraren muturreko paraje honetan, arnasgune eta hausnargune den honetan, aurkituko ote ditugu, akaso, premiazkoak zaizkigun galderen erantzunak.