NAIZ

Alzheimerraren eragina geldotzeko sendagai berri baten «arrakasta» egiaztatu dute

Eisai izeneko farmazeutika japoniarra alzheimerraren inguruko entsegu kliniko bat egiten dabil, eta sendagai berri bat frogatu dute. Asteazken honetan eman dute emaitzen berri; eta ondorio «positiboak» antzeman dituzte.

Alzheimerraren inguruko entsegu klinikoa.
Alzheimerraren inguruko entsegu klinikoa. (Getty images)

Lecanemab izeneko tratramendu berriarekin amaitu berri dute entsegu klinikoaren hirugarren eta azken fasea, Biogen farmazeutika estatubatuarrarekin elkarlanean.

Lecanemab gaixotasun neurodegeneratiboaren progresioa prebenitu eta moteltzeko diseinatutako sendagaia da; beta amiloide antigorputza gaixoaren garunean sartzean datza. Horrela, beta amiloide proteina deuseztatzea lortzen da, eta nerbio zelulak ez suntsitzea. Izan ere, alzheimerra pairatzen duten gaixo gehienek beta amiloide proteinaren akumulazioa izaten dute garunean, eta hauek gutxitzea izan ohi da sendagaien helburua.

Entsegu klinikoa

2019an abiatu zen entsegu klinikoa, Japoniako, Estatu Batuetako eta Europako 1.795 kidek hartu zuten parte. Guztiak zeuden gaixotasunaren abiapuntuko fasean, eta beta amiloide proteinaren anomaliak egiaztatuta zituzten.

Bi taldetan banatu zituzten gaixoak. Batzuei bi asterik behin eman zioten aipaturiko sendagaia 18 hilabetetan zehar; besteei, plazebo bat eman zioten denbora tarte berean, bi taldeen funtzio kognitiboen aldaketak eta eraginak ikertzeko.

Urte eta erdiren ondoren Lecanemab sendagaia jaso zuten gaixoei sintomen %27a gutxitu zaie plazeboa jaso zutenekin alderatuz. Sei hilabete pasa ondoren, tratamenduak bilakaera kognitiboan «aldaketa estatistikoki esanguratsuak» erakutsi dituela baieztatu du farmazeutikak. Txinan 111 gaixorekin beste entsegu kliniko bat egiten dabiltza egun.

Eisai farmazeutikak ondorio guztiak Alzheimerraren inguruko entsegu klinikoen Kongresuan aurkeztuko ditu azaroaren 29an.