
Urteetan zehar formato desberdinak izan dituen arren, ostiral honetakoa Eroskik eta Basque Culinary Centerrek batera antolatzen duten sariaren 10 urteurrena izan da. Rosa Carabel kooperatibako buru denetik lehendabizikoa ere izan da. Bere harrera-hitzaldian, Carabelek Eroskik egiten duen lanaren azalpena eta defentsa egin ditu. Onartu duenez, ez da une erraza, inflazioaren ondorioz presioa jasaten ari delako, baina beren konpromisoekin aurrera egingo dutela esan du.
Egoera sozioekonomikoagatik kezka oso presente egon da bazkariaren aurretik Aieteko fakultatean sortu ziren taldeetan, baita mahai desberdinetan ere. Kooperatibetako eta erakundeetako ordezkariez gain, jakien produktoreak, gastronomian adituak eta komunikabideetako ordezkariak biltzen dira urtero bertan. Ohi bezala, Eroskiko Kanpo Harremanetako zuzendaria den Josean Yelak anfitrioi lanak egin ditu, ordezkariak eta partehartzaileak aurkeztuz eta agurrak banatuz.
Eroski-BCC Onenak 2022 ekitaldian tokiko produktua, jasangarritasuna, osasuna eta berrikuntza lantzen dituzten proiektuak nabarmendu nahi izan dituzte. Horretarako, BCCn egin den bazkarian, Tolosako AMA jatetxeko Javi Rivero eta Gorka Ricoren, Cartagenako Magoga jatetxeko María Gomezen, Huelvako Jose de La Rosa biologoaren jakiak aurkeztu dituzte.
BCCko buru den Joxe Mari Aizegak gogoratu duenez, lau profesional gazteak Donostiako Culinary Centerren ibilitakoak dira. Rivero eta Rico tolosarrak bertan egin zituzten graduko ikasketak; Gomezek eta De La Rosak, ordea, masterrak egin zituzten. Gazteak izan arren, etorkizun handiko profesionalak dira eta sarien filosofiarekin bat egiten duten proiektuak aurrera ateratzen ari dira.
Javi Riveroren kasuan, 7Kko Gastrotekako artikulugilea dela aipatu behar da, besteak beste. Bertan, igandero, BCCn ikasitakoak, AMAn frogatutakoak eta, orokorrean, janariagatik eta sukaldaritzagatik etxetik dakarren pasioa erakusten ditu.
BCCrentzat aste borobila izan da, duela egun batzuk Fatmata Bintari Basque Culinary World Prize 2022 saria eman baitzion. Fulani kultura eta sukaldaritzaren dibulgatzaile gisa egindako lana saritu nahi izan dute.

Ranking de alternativas al aceite de oliva, de más saludable a menos

¿Qué es peor, el azúcar o el alcohol?

Ciudades fantasma, atractivas reliquias para exploradores urbanos

Bihotz osasuntsua izateko hamar elikagai
Belako: «Generoak abolitzen saiatzen gara, musikan ere bai»

Borroka herritarrak abiatzera deitu dute Barbadok eta Zelaiak, herri burujabea eraikitzeko

Suecia ya siente los desafíos de una sociedad sin dinero en efectivo

Esperanza y sensacionalismo orbitan el exoplaneta K2-18 b
