NAIZ
Toledo

Edorta Lamok Michelin izarra piztu du Kanpezuko Arrea!-n

Edorta Lamo sukaldari arabarrak bere lehenengo Michelin saria eskuratu du. Sukaldaritza lokala, tokian tokikoa eta ohiturak eta kultura errespetatu eta egunean mantentzea helburu ditu Arrea! proiektuak. Jasangarritasunaren Izar Berdea ere Euskal Herrira dakar.

Edorta Lamo, saria jaso berritan.
Edorta Lamo, saria jaso berritan. (NAIZ)

Pandemiaren ondorioz urte luzez Donostiako Alde Zaharrean abiatutako A Fuego Negro sukaldaritza proiektua ixtera behartuta ikusi zuen bere burua Edorta Lamok. Izurriaren ondorioak erraietan bizi izan zituen sukaldariak. Baina errautsetatik berrabiarazten jakin izan du eta azken denboran Kanpezun sortutako Arrea! egitasmoak indar handiz egin du aurrera.

Astearte gau honetan jaso du sukaldarien errekonozimendurik gorenena –bezeroek ematen duten oniritziaz apartekoa–. Bere lehenengo Michelin saria jaso du Toledon egin den galan. «Nire aiton-amonei eskaintzen diet!», adierazi du sukaldariak Elena Arzaken eskutik saria jaso duen unean. Momentu umoretsurik ere izan da sari-ematean. Izan ere, sukaldaria Gasteizko Michelin lantegiko txapelarekin atera baita eszenatoki gainera «aupa Araba!» ohikatuz.

Arrea!-k izaera propioa du. Tokian tokiko elikagaiekin osatzen du bere menua eta horrek identitate propioa ematen dio jatetxeari. Ohiturak eta kultura errespetatu eta egunean mantentzearen aldeko apustua egin zuen Lamok, eta orain bultzada garrantzitsua jaso du. Izarren artean, bada Arrea!-ren izena daraman bat.

Lamok, Michelin izarraz gain, Michelin Izar Berdea ere jaso du, sukaldaritza jasangarriari eskainia. Izan ere, euskal sukaldari honek ehiza oinarri duen sukaldaritza sustatzen du, besteak beste. «Tradizioagatik egiten dut, gure aurreko belaunaldiek ez baitzuten landatzeko hektarea handirik, ezta abereriik ere. Mendira joaten ziren jatekoaren bila. Beraiek dagoeneko zaintzen zuten natura eta bazuten ardura ekologikoa!».

Juan Carlos Caro gidari duen Zelai-Txiki jatetxe donostiarrak eta Jose Ignacio Jauregiren Maskarada-k (Lekunberri) jasangarritasunaren Izar Berdea eskuratu dute, halaber.

Martin Berasategik Ibizak duen Etxeko Ibiza jatetxeak, Paco Budia sukaldaria buru duenak, lehenengo izarra lortu du ere. Txef donostiarrak mediterraneoko irlan duen lehen jatetxea da. Sukaldariak 13 izar ditu dagoeneko

Bitxikeria moduan, Vasco Coelho Santos sukaldari portugaldarrak Porton daukan Euskalduna Studi jatetxeak ere bere lehen izarra lortu du. Bere ibilbidea Mugaritz eta Arzak bezalako jatetxeetan abiatu ondoren, Euskalduna Studin munduko zapore eta teknika desberdinak uztartzen ditu.