NAIZ

Emakumeak Zientzian ekimena martxan da eta urtarrilean irekiko dute izen ematea

Emakumeen parte hartzea zientzian sustatzeko asmoz sortu zen Emakumeak Zientzian proiektua. 2023ko otsailean ospatuko dute zazpigarren edizioa. Horren baitan 24 erakundek sinatu dute lankidetza akordioa.

Aurreko edizio batean, emakume gazteak.
Aurreko edizio batean, emakume gazteak. (Emakumeak Zientzian)

24 euskal erakundek bat egin dute Emakumeak Zientzian proiektuarekin, lankidetza hitzarmen berri bat sinatuz. Hala, ekimenaren helburuekiko konpromisoa berretsi dute, alegia, zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea. Helburu horiek kontuan hartuta, erakundeek indarrak batu dituzte Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta –otsailak 11– elkarrekin egingo diren jardueren programa antolatzeko.

Urtez urte handituz doan proiektuaren lankidetza akordioa sinatu duten 24 erakundeak zientzia eta teknologiaren sarearen erakusle garrantzitsuak dira: Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), Achucarro, CIC biomaGUNE, CIC nanoGUNE, Deustuko Unibertsitatea, Polymat, Basque Centre for Climate Change (BC3), Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Biodonostia, Ceit, Cidetec, Donostia International Physics Center (DIPC), Elhuyar, Eureka! Zientzia Museoa, Biofisika Bizkaia Fundazioa (FBB), Ikerlan, Ingeniariak-Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala, Euskadiko Parke Teknologikoa, Tecnalia, Tecnun-Escuela de Ingenieria, EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Kimika Fakultatea.

Azaldutakoaren arabera, «batasun hori Emakumeak Zientzian jendea biltzeko bokazioarekin jaiotako proiektua delako izan da posible; ateak zabalik eta elkarrekin hobeak garela argi izanik. Hala, erakunde antolatzaileak, zientziaren eta teknologiaren arloko dozenaka profesionalen inplikazioari eta dedikazioari esker, 50 jarduera baino gehiago izango dituen programa zabal bat diseinatzen ari dira, era askotako jarduerekin, ‘zientzia bada nesken kontua’ mezua ahalik eta pertsona gehienei helarazteko».

2023ko edizioko egitarau osoa datorren urtarrilaren 18an jakinaraziko da eta orduan irekiko dira izen emateak euren webgunearen bidez.