Urtzi Urrutikoetxea

Barbagia, sardiniar nortasunaren aterpea

Sardiniako txokorik sardiniarrena da Barbagia, kanpotarrentzat iristeko zailena izan dena erromatarren garaitik. Izenak berak agerian dakar konkistatzaileen ikuspegia: barbaroen, arrotzen lurraldea. Barrutik kanpora begiratzean, baina, sardiniera bizi-bizirik dagoen eskualde bikaina ageri da.

Barbagiako paisaiak.
Barbagiako paisaiak. (GETTY IMAGES)

Barbagia neguan zein udan ezagutzeko eremua da. Inauterietako tradizioetatik bide, kale zein hormetako muraletara, sardiniar herriak ahots propioa darabil hemen, eta merezi du gehiegitan isilarazitako adierazpide horri entzutea, lasai, patxadaz eta arretaz bertaratuta. Uharteko hondartzek, ur gardenek, turkesa kolorearen eta harea zuriaren kontrasteak… horrek guztiak erakartzen du bisitaria Sardiniara. Gero, bertako gastronomia edo ondare arkeologiko garrantzitsua dago, baita kostaldeko hiri animatuak eta turismora etorritako arrantzale-herriak ere. Horietatik guztietatik erabat apartean dirudien mundu bat ere badago, ordea, kostaldetik pixka bat urrundutakoan. Minutu batzuk dira autoz barnealderantz, baina nortasunean erabatekoa da aldaketa Barbagiara iristean. Olibondoak, harrizko kalexkak eta Mediterraneoko pinudien artetik eskualde ezin bereziagoa bisitatzeko unea da.

Nuoro da Sardiniako hiriburua (Nùgoro sardinieraz). Sardiniako Atenas ezizena hartu izan du hiriak; udako berotik ihesi, beste edozein urtarotan bertaratuta, nabari daiteke, turismotik apartean, zer nolako eszena intelektual bizia duen Barbagiako hiriburuak, uharteak beste leku gutxitan duen aniztasun kulturalarekin batera. Caffe Tettamanzi kafetegi historikoa da giro horren adibide argienetakoa; XIX. mendetik literaturgileen eta kulturazaleen topagunea da, bertan sartu eta berehala sumatzen denez. Nuorokoa zen Grazia Deledda, XX. mendearen hasieran Literaturako Nobel saria jaso zuen idazlea, eta ezinbesteko bisitetako bat da hiriko alde zaharrean zeukan etxea. Nuoron dago Sardiniako jantzien museoa ere, arkeologikoaren ondoan. Barbagian eta uharte osoan diren janzkeren eta tradizioen berri izateko lekurik egokienetakoa; arropa horiek erabili ohi diren ospakizunetatik kanpo bisitatuz gero uhartea, batez ere. Museoa bera Sardiniako herrixka tradizional baten itxuran eraikita dago, eraikin batetik bestera ibilian uharteko historian eta ohituretan ibilbide bat proposatuz.

Mural errebeldeak

Hiriburuaren inguruan, beti gertu baina apartean, mendi alderantz eginda, Barbagiako herrietan sardiniar identitatea gordetzen da. Hizkuntzatik kultur-adierazpideetara, inauterietatik artzainen arteko kantu inprobisatura eta, zelan ez, auzotar eta herritarren arteko harreman sare konplikatuetaraino, denbora hartu eta beste Sardinia horretan murgildu gara gu ere. Nuorotik kanpo, 13 kilometrora dagoen Orgosolo da, zalantzarik gabe, Barbagiako herririk ezagunena. Nortasun independente eta sarritan matxinoari ondoen eutsi dion herrietako bat da; besteak beste, poliziari ihesi zebilen jendeak aterpe hartu ohi zuen bertan. 1961eko “Banditi a Orgosolo” filmak (Orgosoloko bidelapurrak) fama hori areagotu zuen. Gerora, nortasun errebelde horren beste agerkari batek erakarri ditu bisitariak herrira: Orgosoloko muralek. Herrira sartu aurretik ageri dira lehen irudiak, eta bertako kaleetan ibiltzea erabateko esperientzia da. Nazioarteko gatazketatik Sardiniako bertako borroketaraino, zorrotz eta kritiko mintzo dira Orgosoloko hormak.

Sardiniako esperientziarik interesgarrienetakoa, herritik kanpora, mendian gora eraikitako ostatu tradizionalean egotea izan zen. Turistez gain, Orgosoloko herritar ugarik bertara jotzen dute larunbat iluntzeetan trago bat hartzera eta berbetan eta eztabaidan egotera; sardiniera bizi-bizi entzuteko txoko paregabea bihurtzen da. Eta, biharamunean, bezperako ordu luzeak eta tragoak egon ez balira legez, harrizko etxolen ondoan, ardi-larruz jantzita, artzainen bazkaritarako txanda da, berariaz antolatutako etxolan arkumea hainbat eratara prestaturik zerbitzatzeko.

Inauteriak

Barbagiako txoko bakoitzean bertako ardo, gazta, bildots eta pasta bereziena dastatzeko aukera izaten da. Mamoiada herrian (Mamujada sardinieraz), esaterako, Cannonau ardoa egiten duen Sedilesu upategia dago; botila ezagunenak Mamuthone izena du, ezin bestela izan: Mamoiadak Italia osoan ezagun egin duten inauterietako pertsonaia maskaradunak dira, mamuthones eta issohadores. Zalantzarik gabe, inauteria inguruan Sardinian ibiliz gero paregabeko aukera da, baina bestela ere, gaiari buruzko museo interesgarria dago herrian.

Eskualde luze eta zabala da, herrixka bakoitzak bere misterioak ditu, betiere mendi, haitzulo, olibondo zein mahasti-zelai eta besteko basa-eremuen artean. Gavoi herria Sardiniako ederrenetakoa da, Gennargentuko basoen erdian, Gusana aintzirara begira. Harrizko kalexka estuetan paseatuta ostatu interesgarriak (mural eta guzti haietako zenbait) aurkituko ditugu, beti mahaira esertzeko gonbitarekin: ‘Gavoi fiore’ sardiniar gaztaren txoko garrantzitsuenetakoa da.

Errepidean are gorago eginda, Fonni dator (Fonne sardinieraz). Sardiniako herririk garaiena da, itsasoaren mailatik mila metrora (Mediterraneoa ez dago urrun marra zuzenean, baina beste mundu bat dirudi Barbagiatik begira). Gennargentuko mendi ibilbideetarako abiapuntua da herria; besteak beste, Sardiniako mendirik garaienera iristeko bidea Fonnin hartzen da Bruncu Spina eski estazioraino joateko. Eskualde menditsu honen tontorra 1.834 metroko Punta La Marmora da (Perdas Carpias sardinieraz).

Kostalde ezinezkoa

Sardinia erdialdeko eskualde menditsuak badu kostalderik; uhartea izanda, hala behar zuen. Egia da ez daukala gainerako eskualdeek daukaten hiri, portu edo herrixka ezagunik, besteak beste, barnealdeko artzain-kulturan babestutako herria izan delako Barbagia. Hala, itsasoak urrun dirudi, baina uharteko kostalde berezienetakoa eta gutxien bisitaturikoa dauka, iristeko zailtasunagatik, besteak beste. Cala Gonone herrixka turistikora heltzeko Dorgalitik tunela igaro behar da, Genargentu erraldoiaren beste aldera. Bat-batean, parez pare, mendien eta labarren magalean ageri da Mediterraneoa. Gainerako kostaldeko lekuetara ontziz iritsi behar da, edo kostaldetik eta mendi magaletik oinez joanda. Horregatik daude, ziur aski, Sardiniako kalarik ederrenetakoak alde honetan, Bue Marino itsas kobazuloak edo Cala Luna, esaterako.

Barbagiako hegoaldeko kostalderaino itsasoz edo barnealdetik doan errepidetik goaz, Gennargentu parke nazionalaren ertzetik. Bide horretatik hartzen da Tiscaliko gune arkeologiko bereziraino doan xendra ere, ordu pare batez mendian gora ibilita. Errepidera itzulitakoan, Gola di Gorropu arroila estua atzean utzita, Urzuleira iritsi eta beherantz egiten du bideak, kostalderantz goazen seinale. Baunei herritik Arbataxeraino doan bideak uharteko trenbiderik ederrenetakoari egiten dio leku. Bien artean, izenak berak atentzioa ematen duen herria dago: Santa Maria Navarrese, izen bereko dorre eta hondartza eder batekin. Herria XX. mendean sortu zen, baina bertako eliza oso aspaldikoa da, eta aldameneko olibondoari begira, biak ere duela mila urte ingurukoak dira. Gurutzaden garaian Mediterraneoko txoko honetaraino iritsi zen Nafarroako erregearen alaba batek eraikiarazi ei zuen tenplua. Kondaira ala egia, eskualde honetan dena nahasi samar lotzen da; eta horrela, beste mila urtez ere bizi liteke.