JURGI FERNANDEZ - SALTO TRAINING

Neguko kirolak eta hauen prestakuntza

Pasatu den astean Elurraren Nazioarteko Eguna ospatu genuen, urtarrilaren 15ean alegia. Honekin batera, jarduera fisikoarekin lotuta, elurretan egiten diren jarduera fisiko ezberdinei buruz eta hauetarako gure gorputza prestatzearen garrantziaz arituko gara hemen. Anitzak eta ezagunak dira elurretan burutu daitezkeen kirol jarduerak, hala nola eski molde ezberdinak (trabesiako eskia, alpinoa, fondoko eskia...), snowboard, alpinismoa, raketak, split board, hokey izotzezko pistan, patinajea... Gure gizartean maiztasunez burutzen ditugu, azken urteetan neguko kirolen hazkunde handia izan baita, eta denboraldiari etekin handiena ateratzeko intentzioarekin jarduten dugu.

Kirol mota hauek, lurzoru berezi batean (elurra eta izotza) eta material espezifiko batekin egiten dira (raketak, patinak, eskiak...). Honek gure erosotasunetik ateratzera behartzen gaitu, eta gure gorputza egokitu beharra daukagu egoki jarduteko eta lesioak ekiditeko.

Hau guztia dela eta, neguko kirolak burutu baino lehen oso garrantzitsua da aurretiko prestakuntza fisiko espezifiko bat egitea, urteko bizimodu aktiboarekin eta beste jarduera ezberdinak egitearekin ez baita nahikoa. Hau diogu, sistema muskulu-eskeletikoak jasaten dituen tentsioak, indarra sortzeko uzkurdura muskular mota eta inpaktuak xurgatzeko gaitasuna ez direlako berdinak elurretan edo lur egonkorrean (kalea, mendia...). Gainera, elurretako kirolak burutzeko premiazkoak diren materialek gure gorputzean ezartzen duten mugikortasun oztopoak ez du laguntzen. Horrek guztiak min hartzeko arriskua handitzen du, eta horretarako kirolaren teknika eta indar maila espezifikoa behar bezala garatuta izatea ezinbestekoa da.

Amaitzeko, naturako jarduerak egiteko garaian kontrolpean dugun bakarra gure gorputza bera da, natura iragarrezina baita. Beraz, gorputza ondo prestatzen badugu eta zentzuz jokatzen badugu, ezustekoak izateko aukerak asko murriztuko ditugu.