NAIZ

Eskutik helduta ‘Ni ez naiz Penelope’ oihukatu dute Tulsa eta Verde Pratok

Tulsa eta Verde Prato musika taldeek eskutik helduta eraiki dute sareratu berri duten ‘Ni ez naiz Penelope’ abestia. Tulsaren ‘Yo no soy Penelope’ gaztelaniazko abestiaren euskarazko moldaketa da.

Miren Iza, Tulsa musika taldeko abeslaria.
Miren Iza, Tulsa musika taldeko abeslaria. (NAIZ)

Tulsa, Miren Iza musikari eta abeslari hondarribiarrak gidatutako taldea, ‘Ese Éxtasis’ biran bete-betean sartua dela aurkeztu berri dute ‘Ni ez naiz Penelope’, taldearen ‘Yo no soy Penelope’ kantuaren euskarazko moldaketa.

Bertsio berria Ana Arsuaga-rekin (Verde Prato) elkarlanean osatu du Izak eta dagoeneko entzungai dago plataforma digital nagusietan.

Kantua biraren izen bera daraman diskoan, ‘Ese Éxtasis’, argitaratu zuen Izak, eta moldaketa berriarekin «bizitza berria» hartu duela nabarmendu du Hondarribiako musikariak.

Arsuaga oholtza gainean lehen aldiz ikusi izanak eragin zion zirraraz ere jardun da: «Cafe Berlinen Verde Pratoren zuzeneko emanaldia ikusi nuenean arnasik gabe geratu nintzen. Ana magnetikoa da, misteriotsua, hurbilgaitza. Ahots garbi eta mistiko horrekin, izaki mitologiko baten parekoa da, Penelope bezalaxe!».

Emanaldi hartatik urtebetera Tulsa-rekin kantuan aritzeko gonbidapenari baiezkoa eman dio Arsuagak, eta ‘Ni ez naiz Penelope’ da emaitza. «Zortea dut, nire gonbidapena onartu eta ezetz, ez garela Penelope kantatu dezakegulako».

Kantuaz, ‘Ese Éxtasis’ biraren barruan «zorion une asko» eman dizkion abestia dela ziurtatu du Izak, «horregatik plazerra da niretzat bizitza alternatibo bat emateko aukera zabaltzea, eta oraingo honetan euskaraz», ospatu du.

Biraren barruko hurrengo kontzertua Bartzelonako Apolo aretoan du Tulsak, ostegun honetan.