NAIZ

‘Gu geu garena’ bideoklip udatiarra kaleratu du ETSk

Josune Arakistain, Süne, da kantuko eta bideoklipeko protagonista Iñigo Etxezarreta ETS taldeko abeslariarekin batera. Arabako eta Bizkaiko toki esanguratsuetan hartutako irudiekin osatu dute festara gonbidatzen duen abestiaren bideoklipa.

Aurreko urtea bukatu aurretik kaleratu zuen En Tol Sarmiento Ekorako taldeak ‘Guretzat’, beren ibilbideko zazpigarren diskoa. Denetariko doinuak gordetzen dituen diskoa da, baina argi zegoen udari begira festara gonbidatuko zuten hainbat kantu bazituela haien artean. Eta hori argi utzi dute aretoetan egindako biran, joan diren toki bakoitzean sekulako festa izan delako eta sarrerak agortuta zeudela zion kartela askotan zintzilikatu zutelako.

Aipatutakoen artean, dena dela, nabarmena da ‘Gu geu garena’ abestia, Josune Arakistainekin batera egindako kantua. Lasturko musikariak Süne bezala abiatu zuen bere bakarkako ibilbidea iaz eta ordutik hona bere abesti propioekin zein kolaborazioetan ikusi dugu, 2023ko Gazte Topagunean Moonshine Wagon taldearekin ‘Orainari’ kantuan esaterako.

EDM, electro dance music, delako estiloaren maitalea da Süne eta bide horretara eraman zuten ‘Gu geu garena’ ETS taldeko Iñigo Etxezarretak eta biak, laguntasuna eta garen bezala onartzea aldarrikatzen dituen abestia. Uda giroan hainbat txokotan zabaltzeko moduko kantua da, EDMak hortik baitu dezente, udatik eta festatik. Horren adibide, Sünek berak Rikki ekoizlearekin iazko ekainean ateratako ‘Sunday’, Tomorrowlanden bertan ere entzun zen abestia.

Itsasoa eta gatza

Bi elementu dira nagusiki En Tol Sarmientok bere bideoklip berrian nabarmendu dituenak, itsasoa eta gatza. Añanako gatzagan ikusi dezakegu atzera eta aurrera Iñigo Etxezarreta ikus-entzuneko piezan. Süne, berriz, Antzar Egunerako erabiltzen dituzten ontzien artean, zelai batean. Horrez gainera, Ondarroako portuan ere sartu-irtena egiten du Sünek eta bertako jendeak ere ikusten dira. Hala ere, Terralstudiok egindako bideoaren zati handiena Lekeitioko Karraspioko hondartzan dago grabatua.

NAIZ Irratian gehiago

Bideoklipa sareratzearekin batera, Iñigo Etxezarreta ETS taldeko kidea NAIZ Irratiko uhinetan izango da bideoari buruzko informazio gehiago ematen eta udan dituzten asmoen inguruan ere galdetuko diete goizeroko solasaldiko kideek.