Woodstock txikia bihurtu zen Kobetamendi Bilbao BBK Live jaialdiaren lehen orduetan

Txopet taldea indartsu hasi bazen ere, «bakea eta maitasuna» leloak hartu zuen Kobetamendi. Segidan Alex Serra & Totiduben emanaldia etorri zen eta mundu guztia zelaian eserita zela burutu zuten emanaldia. Rollo ona gehituz, harrera eginaz izan zen Colectivo da Silva Granadako zazpikotea ere.

Jendetza bildu zuen Florence + The Machine taldeak 2023ko BBK Live jaialdiko lehen egunean.
Jendetza bildu zuen Florence + The Machine taldeak 2023ko BBK Live jaialdiko lehen egunean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Baina argi zegoen jendea Amaia eta Florence + The Machinen zain zegoela. Ateak ireki zirenean ez zen halako pilaketarik izan, nahiz eta gutxi batzuk korrika sartu ziren eremura eta oholtza nagusiaren azpian kokatu ziren. Mozorrotutakorik ere bai tartean, asko Florence Welch emulatuz. Horrela izan zen 2023ko BBK Live jaialdiaren irekiera, 2006an hasi zenean hasi zenean nork pentsatu halakorik? 

Ateak zabaldu eta orduerdi eskasean jarri zen martxan jaialdia Txopet taldearekin. Esan ziguten NAIZ Irratiko MusikHaria saioko elkarrizketan azken singlearen bidetik gehiago zutela kantu berriek eta hala da. Chorus asko gitarran eta energia dosi garrantzitsua abesti bakoitzean, horixe eskaini zuen hiruko bizkaitarrak. Taldearen zaletu batzu batzuk baziren ikusleen tartean, kamisetek hori adierazten zuten. Duten jarrerak ez du baina baterako ere tarterik uzten. Iñigo alai, Andoni serio eta Jon oldarkor. Bakoitza berean. ‘Neska zaharrak’ kantuarekin lehen txalo zaparrada entzun zen Kobetamendiko negutegian. Pozik ziren kontzertuaren ostean: «Neguan aretoetan ikusi ditugun aurpegi berak ikusteak poztu gaitu, zirkuituan dabiltzanak dira eta ez kasualitatez parean tokatu garelako ikustera etorri direnak».

Izpiritu hippiea

Baina BBKn batetik bestera ibili beharra dago eta asko izaten da ikusteko eta are gehiago ikasteko. Oholtza nagusienetan txikienean Alex Serra & Totiduben emanaldia hasita zegoen iritsi ginenerako. Woodstock txiki bat bailitzan topatu genuen San Miguel oholtzaren aurrea, entzuleak zelaian eserita batzuk, beste batzuk dantza askean. Andeetako musikari erreferentziaren bat edo beste, elektronika asko eta dantzariak oholtza gainean, horixe zen eskaintza. Alex Serra abesten eta Toti Arimany dub musika gainerako elementuekik nahasten, dantzariak beren performancearekin ari ziren bitartean. Proposamen desberdin eta ausarta halako jaialdi batentzat. Hegoafrikan bizitako garaiek izango dute zerikusirik Serraren proiektuan. Gainera, Iseo & Dodosound eta Macaco bezalako artistekin ere partekatzen du zigilua Alex Serrak. Sekulako erregistroa eta kolore nahasketa du abesterakoan kataluniarrak, abesten entzuten dugun ahotsa berea ote den zalantzan jartzerainokoa.

Kontzertu eta kontzertu artean berrikuntza bat ikusi genuen. ‘Kiss Cam’ bat jarri dute martxan oholtza nagusian, saririk duen edo ez ez dakigu, baina une gogoangarriak utziko dituela ziur gaude.

Eee Gee artistaren txandaren zain ginen kamerarena ikusi dugunean, oholtza nagusiko lehena Danimarkako proiektua baitzen. Boskotea lila eta urdin kolorez jantzita igo zen oholtzara, Emma Grankvist eta bere ahotsa erdi-erdian zirela. Baxu solo batekin hasi zuten kontzertua, baina, erdian Emma eta ahotsa zeudela esatean, guztiagatik ari ginen. Pop melodia gozoak lehen abestian, R&B eta Soul mundura salto egiteko gero. Eskerrak eman zituen atseden txikietako batean eta egon direnetatik festibal politena dela esan zuen Granvkistek. Folk musikara salto egin zuten jarraian eta handik reggae kutsuko beste kantu bat eskaini, nahiz eta tempoz reggaea baino askoz ere geldoagoa izan eta pop melodiek jantzi abestia. Nahikoa eklektikoa iruditu arren, artista interesgarri bat batu zaigu gure gogokoen zerrendara. Pop kantu lasai bat eta balada bat segidan, harekin agurtu genuen Eee Gee, Txiki oholtzan bazelako paperaren gainean atentzioa ematen zuen proiektu bat: Colectivo da Silva.

Elektronikaren aukerak

Aipatu berri dugun zazpikote granadarrak Bilbao BBK Liven 2020ko edizioan egon behar zuen, baina edizio hura ez zen egin. Atzokoan, Txiki oholtzan rollo positiboa transmititu zuten, funkya, surf-rocka, dream-popa eta uda usaina ekarriaz Bilbora. Beren burua ‘boyband millenial’ bezala bataiatzen badute ere, oholtzara begira jarrita bigarrena soilik ikusi genuen, ‘boyband’ hitzaren atzean bestelako gauzak etortzen baitira burura. Gizonezkoak izango dira, baina zerikusirik ez Backstreet Boys, Take That, NSYNC edota One Directionekin. Pena.  Baina jende asko pilatu zuten sarreran, horrek adierazten zuen taldearen garrantzia, eta 'Bolitas' edota 'Marina D'Or' bezalako abestiek publikoaren eztarriak berotzeko balio izan zuten, denek abesten baitzituzten Colectivo da Silvakoen kantuak. 'Nos vemos luego' karibear batekin agurtu ziren. Inork beste bat eskatzen ez zuela ikusita, haiek publikoari galdetu zieten ea besterik ez ote zuten nahi eta azkena eskaini zuten erantzunik jaso gabe, puntual bukatuz, amaitu orduko Bengo hasi baitzen Firestone oholtzan.

Bengok argi utzi zuen nongoa den, herriko futbol taldeko kamiseta jantzita igo baitzen oholtzara. ‘Sayek’ kantuarekin hasi zen. Abestia bukatzean ‘Bizirik’ diskoa aurten atera duela esan eta ‘Infernutik’ kanta jo zuten. Disko honetan hasi zenetik honaino soinu aldaketa egon dela erakutsi digu eta atzokoan ikusi genuen geroz eta forma hobean dela taldea ere. 40 Minutu Rocketik hilabete batzuk pasa direnean, Bilboko emanaldia askoz ere borobilagoa izan zen. Haize instrumentuak grabatua izateak ere laguntzen du horretan, akaso. «Pixkanaka askeago ari gara gauzak egiten eta oholtzan ere hori nabaritzen da. Banda bat izateak ondoan guztiari beste indar eta zentzu bat ematen dio eta nabaritzen da», esan zigun Bengok kontzertu bukaeran

Esperimentalagoa eta elektronikagoa izan zen Ry X australiarraren musika eskaintza. Bon Iver gogora ekarri zigun abesteko moduan, baina Robin Schulz alemaniarraren elektronika oinarri izango balu bezala. Sinteak, teklatuak, erritmo kutxa, biolina eta ahotsa, dena zuzenean exekutatuz. Eskertzen dira halakoak. Betaurreko beltzak, sonbreroa eta bizarra, bere estetikaren ikur, Cocodrilo Dundee mitikoaren itxurako gizon onbera, mundua eraldatzeko egiten duela musika esan izan ohi baitu Ry Xek. Ezin izan genion denbora gehiegi eskaini, agenda estua dela-eta, baina pista jarraituko diogu aurrerantzean ziur.

Amaia, harribitxia

Amaiaren emanaldia hasita zen oholtza nagusira iritsi ginenerako. Pianoan eserita, ‘El Relámpago’ abestuz ari zela ikusi genuen lehenengoz, iaz ordu eta egun bertsuan Rigoberta Bandinirekin zen oholtza horretan bertan iruindarra. Jendez lepo zegoen oholtza nagusiko zelaia eta euriak mehatxatu gintuen arren, ez zuen lehertu ekaitzak Amaiaren kontzertuan. Bad Gyalen ‘Fiebre’ kantutzarraren (berak abestia bukatzean gauza bera esan zuen) pianoko moldaketarekin denak abesten eta bukaeran txaloka jarri zituen.

Atzetik ‘Yamaguchi’ eskaini zuen, Iruñeko parkeari egindako abestia, beretzat berezia dena. Ez dakigu Amaia Romero jota munduan ibilitakoa den edo ez, baina Voces Navarras taldeak hartuko luke Amaia egun batez bederen sanferminetan haiekin abesteko. Oiloipurditan jarri gintuen abestiaren zati batean eta publikoak oihu egin zuen barru barrutik. Eta txistukatu ere bikain txistukatzen du Amaiak, abestian txistukatzen duen zati hori zuzenean egin baitzuen. Bikain lagundu zuen gitarra klasikoarekin Amaia Mirandak. Bizkaitarrarentzat ere berezia zen gaurko emanaldia. Hiri buruzagiko festak hasi direla gogoratu zien bertaratuei Amaiak eta «Gora San Fermin!» oihukatu.

Hasiera indartsu baten ostean baretuko zela esan zuen Amaiak eta halaxe egin zuen. ‘Santos que yo te pinte’ abestiarekin jarraitu baitzuen. Oinarri erritmikoa indartsua, baina tempo geldoa duen kantua. Pop naifa egiten du orokorrean eta etiketa hori du zintzilikatuta, nahiz eta kontzertuko zati batzuetan naifetik gutxi duela ikusi genuen, baina aterki horren azpian kokatu behar zen ‘Quiero pero no’ abestia.

Musikari puska da Amaia, baina banda ere aipagarria da. Bitxikeria moduan, abesten ahotsa galtzen zuela zirudien, kantuen aurkezpenean, hizketan, geroz eta ahots urratuagoa izango balu bezala. Fisikoki nolako esijentzia izaten dutenaren adierazle. Bukaera aldean, kantua aurkezterakoan nahastu egin zen eta egokitzen zen kantua ‘El encuentro’ zela iragarri zuen. Denak dantzan jarri zituen kantuarekin. Publikoak maite zuela argi ikusi zen,baita atzetik etorri zen ‘Yo invito’ ere. Taldea aurkeztu, gitarra zintzilikatu eta ‘Quedará en nuestra mente’, americana kutsuko kantua jo zuen gero azken singlea ‘Sexo en la playa’ poperoa eskaintzeko. Kobetamendira iritsi garenean horrekin ari zen soinu frogatan. Kantu udatiarra benetan.

Eta bukatzeko ginga jarri zion emanaldiari, ‘Así bailaba’ kantatuz, Rigoberta Bandinirekin egindako kantua, iaz oholtzara igotzeko motiboa eman zion abestia. Ereserki feminista ederra da gero eta nabaritu zen hori atzokoan, denak abesten eta saltoka jarri zituelako Amaia bera twerkinga egiten ari zen bitartean. Publikoa eskertu eta antolakuntzari ere hitzak garbi: «Eskerrak eman nahi dizkiet kontratatu nautelako». ‘La canción que no quiero’ kantarterekin bukatu zen iruindarraren kontzertu puska.

Beroketa

Puntualak dira oso BBK Liven beti eta denborak ondo neurtuta izaten dituzte. Hala, garaiz hasi zen M83 frantziarren emanaldia. Argitasun gehitxo aukeran zeruan, prestatuta zuten argi diseinua sekulakoa zela aurreikusi zitekeelako muntatu zutena ikustean. Eta, jakina, gaua gainera erortzen joan zen heinean asko hobetu zen ikus-entzunezko esperientzia. Musika elektronikoa eta organikoa bikain uztartzen dituzte, modu sotilean, atmosfera ederrak sortuz. Musika gaseosoa izan zen hasiera partean eskainitakoa. ‘Fantasy’ azken diskoak hori baitu eta hortik hasi baitzen kontzertua. Baina euria hasi zen eta hogei bat minutuz gogotik bota zuen. Barealdia iritsi zenean, bitxikeria moduan, Art School Girlfriendek ‘Midnighy City’ bertsionatzen ari zen Firestone oholtzan eta aldi berean M83 beren abesti hori bera joz zegoen San Miguel oholtzan. Prentsa gunean une polita bizitzeko aukera izan genuen. Jendea erotu egin zen taldearen klasiko horrekin eta baita bertsioarekin ere.

M83k behetik gora egin zuen nabarmen, rave moduko batean bukatuz bere emanaldia. Antzerako giroa Villano Antillanoren emanaldian, oso-oso txiki geratu zen Beefeater oholtza, ikuskizun bezala akaso ez zen onena, baina nabari zen jendeak gau girotik ezagutzen duela artista. Bizarrapekin kolaboratu ostean, festibaletan ezinbesteko bihurtu da Puerto Ricokoa. Giroa oso bero utzi zuten Florence + The Machine taldearentzat.

Espero baino gutxiago

Zuri koloreko eszenografia tetriko baten erdian atera zen Florence Welch abeslari britaniarra, aldare moduko batetara, zazpi musikariz inguratuta. ‘Heaven is here’ kantuarekin hasi zen. Lorerik ez buruan, oinutsik, soineko berde argi bat, bere ile gorria eta azal zurixka nabarmentzeko. ‘King’ kantuarekin segi zuen, biak ere ‘Dance Fever’ diskokoak. Bertako kantuak izan ziren atzokoan gehienak.

Hasiera geldi horren ostean ‘Ship to Wreck’ kantu dantzagarriagoa etorri zen, 2015ekoa, eta publikoarekin hartuemana lortu zuen. Korrika batera eta bestera, oholtza betez ibili zen Welch, eta horretan artista dela argi ikusi genuen. ‘Free’-k eman zion jarraipena eta, atzetik, ereserki itxurako ‘Queen of peace’ abestu zuen, ‘How Big, How Blue, How Beautiful’ diskokoa. Batez ere hori da haren musikaren funtsa, ereserkiak egitearena.

Jendartera jaitsi zen gero eta haien artean abestu ‘Dream girl ever’. Publikoak maite du taldea eta maite du Florence Welch, fandome izugarria bertaratu baitzen atzokoan. Hala, abestien atsedenak jendea besarkatu eta musukatzeko aprobetxatu zituen publiko arteko azkena, Big God, hesira igota abestuz. Abestien esanahia denborarekin aldatu dela berarentzat aipatu zuen eta batez ere ‘June’ kantuarengatik esan zuen hori, elkar hartu eta maitasuna zabaltzeko eskatuz abestiari ekin aurretik. Hitz egitean hauskor, abestean indartsu. Ia hogei kantu eskaini zituen guztira eta publikoa oso pozik geratu zen. Kazetarien artean iritziak anitzagoak ziren. Sekulako ahotsa, sekulako taldea, etxean entzuteko musika oso ona, zuzenekoan eta jaialdi batean, akaso geldoegia. Are gehiago aurretik izan genuenarekin.

Festa giroan goizaldera arte

Kronika idazterakoan Desire proiektua entzuten ibili ginen, 80etako disco eta dance musika jorratuz ari ziren Kanadakoak. Tartean New Order taldearen ‘Bizarre love triangle’ abesti mitikoa edota Kylie Minoguen ‘Can't Get You Out of My Head’ ere jo zituzten. Hala ere, entzuteko eta dantzatzeko entretenigarriagoa zen ikusteko baino.

Fever Ray eta Playback Maracasek dibertsio puntua eman zioten eta The Chemical Brothers eta Delaportek elektronika ilunera eta rave mundura bideratu zuten guztia, nahiz eta madrildarrek pop kanturen bat edo beste eskaini zuten. Manchestergo bikoak hasieratik bukaerara egurra eman zuen.

Gaur jarraipena izango du jaialdiak eta Pavement, Phoenix edota Jamie XX bezalako artistak izango dira. Baita gazteenentzat maiteagoak diren Albany eta Duki bezalako proposamenak ere. Etxekoen artean, Rüdiger, Dadabe, Ben Yart edo Bilbao bezalakoak izango dira.