Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Euskal erabiltzaileen bilaketei gaztelaniazko emaitzekin erantzuten die Googlek

Interneteko bilaketen plataforma nagusiak haren algoritmoan egindako aldaketek zuzenean eragin diete euskarazko Wikipediaren bisitei. Izan ere, euskara gaztelaniaren mesedetan diskriminatzen dela identifikatu du Puntueusek, katalanarekin egiten duen bezala. Arazoa konpontzeko martxan jarri dira.

Ezker-eskuin, Luistxo Fernandez Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko lehendakaria, Josu Waliño Puntueus fundazioko zuzendaria, Lorea Arakistain bertako marketin zuzendaria eta Albert Cuesta Aliança per la Presència Digital del Catalàko koordinatzailea.
Ezker-eskuin, Luistxo Fernandez Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko lehendakaria, Josu Waliño Puntueus fundazioko zuzendaria, Lorea Arakistain bertako marketin zuzendaria eta Albert Cuesta Aliança per la Presència Digital del Catalàko koordinatzailea. (Gorka RUBIO | FOKU)

Googlen Maialen Lujanbioren izena idatziz gero gaztelaniazko Wikipediara eramanen gaitu bilatzaileak lehenbizi. ‘Barcelona’ idatzita, aldiz, bertako futbol klubaren webgunearen gaztelaniazko bertsioa erakutsiko digu. Hori egiten du interneteko bilaketen plataforma nagusiak gure ordenagailua euskaraz edo katalanez konfiguratua egon arren. Kataluniako erabiltzaile batzuek detektatu zuten eta hortik abiatuta ikerketa zehatz eta sakon bat egin du Aliança per la Presència Digital del Català erakundeak. Donostian izan da elkarte honetako koordinatzailea, Albert Cuesta, Puntueuseko kideekin batera.

2022ko maiatzetik hona katalanak ikusgarritasuna galdu duela frogatzen du azterketak. Horren arrazoia Googlek bere algoritmoan egindako aldaketa bat dela ondorioztatu dute. Horren eraginez, gaztelaniazko emaitzak lehenesten eta katalanezkoak zigortzen ari dira.

2021aren hasieratik 639 webgune eleaniztunen trafikoa aztertu eta gero, Aliança per la Presència Digital del Catalàk zehaztu du hiru webgunetik bik bisitak galdu dituztela katalanez, kasu gehienetan gaztelaniaren mesedetan. Bilakaera horrek ez du zerikusirik erabiltzailearen hizkuntza aukerekin, bilatzaileak hizkuntza lehentasunak ez errespetatzearekin baizik.

Akats tekniko bat, baina azkar konpondu beharrekoa

Cuestak NAIZi argitu dionez, honen atzean ez dute Googleren asmo txarrik ikusten, akats tekniko bat baizik. Hori bai, eragin itzela duen eta berehala konpondu behar den akatsa, atzeraezina izan ez dadin. Adierazi digunez, kulturaren presentziari egiten dion minak kezkatzen ditu batez ere.

Ekainaren 6an aurkeztu zuten txostena katalanek. Beren webgunean jarri dute guztion eskura. Generalitateko Gobernuari helarazi diote azterlana, hedabideen bidez ezagutarazi dute eta, batez ere, Google eta Microsofteko teknikariekin jarri dira harremanetan arazoa bideratzeko. Izan ere, Google da bilatzaile nagusia eta hor jarri dute arreta handiena baina bertze erabiltzaile batzuetan ere detektatu dute arazo bera.

«Bi enpresa handietako batek jakinarazi digu arazoa egiaztatzen ari direla eta besteak informazio gehiago eskatu digu. Nahiko pozik gaude alde horretatik», kontatu du analista eta kazetari katalanak.

Eman nahi dituzten hurrengo urratsen artean dago azterketaren ondorioak hegemonikoak ez diren bertze hizkuntzen hiztunekin konpartitzea. Hortik Euskal Herrira egindako bisita.

Lehenengo neurtu, gero aldatzeko

Puntueus Fundazioak ere ikusi ditu Googlen euskara gaztelaniaren mesedetan diskriminatzen dela pentsatzeko zantzuak. «Euskal erabiltzaileen bilaketei gaztelaniazko emaitzekin erantzuten die Googlek. Katalanek bezala, arazo bat dugu guk ere, eta ondorio larriak ditu, euskara baztertu eta gaztelaniaz nabigatzera eramaten dituelako erabiltzaileak», adierazi du Josu Waliño fundazioko zuzendariak.

Orain, azterketan sakonduko dute horrek euskal interneten izan duen eragina neurtu eta zein neurri zuzentzaile hartu jakiteko, «lehenengo neurtu egin behar baita gero aldatzeko». Elkarlanean eman nahi dituzte pausoak, eta Lakuako Gobernuari arazoaren berri eman diote.

Wikipediako arduradunak ere kezkatuta

Euskarazko webgunerik irakurriena da Wikipedia. Bertako arduradunek ere sumatu dute Googlen algoritmoaren aldaketa, oro har bisitak gora doazen arren hainbat arlotan jaitsiera neurtu dutelako. Luistxo Fernandez Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko lehendakariak erran duenez, kezkatuta daude badakitelako bai eduki kopuruan bai kalitatean Wikipedia ongi elikatzen ari direla eta, hala ere, iaztik alor zehatz batzuetan trafikoa galtzen ari direlako. «Googletik bideratutako bilaketetan dago gakoa».

Fernandezek jakinarazi duenez, ikasleek aunitz bisitatzen dute Wikipedia, baina azkenaldian gutxiago, euskarazko edukiak bilatuta ere gaztelaniazko eskaintza agertzen zaielako. Adibide zehatz batekin esplikatu du adituak. Bilatzailean ‘J'accuse’ idatzi eta euskaraz zein katalanez konfiguratutako ordenagailuetan gaztelaniazko emaitza azaltzen da aurrena, eta ez informazio osoagoa emanen lukeen jatorrizkoa, frantsesezkoa. «Sistematikoa da», azpimarratu du. «Maialen Lujanbioren izena idatzi eta gaztelaniazko emaitza agertzen da lehenengo».

.EUS, arnasgune digitala

Puntueus Behatokia interneten euskarak duen egoera ikertzen ari da etengabe, eta denbora errealean ematen ditu datuak bere webguneak. Prentsaurrekoan, 2022ko emaitzak azaldu dituzte. Euskal Herriko webguneen %14 daude euskaraz, eta .EUS domeinua erabiltzen duten webguneen artean %75era igotzen da kopuru hori. Euskararen arnasgune digital gisa definitu du .EUS domeinua Waliñok. Izan ere, .COM domeinua erabiltzen duten eta euskaraz argitaratzen duten webguneetan %8ra jaisten da euskararen presentzia eta .ES domeinuetan, %6ra.

Webgunea berritu dutela kontatu du fundazioaren zuzendariak. Bertan, behatoki interaktibo bat eskaintzen da. Mapa ireki eta domeinuaren berri herriz herri jasotzeko aukera dago; mundura zabaltzeko ere bai.

Puntueusek ia 15.000 domeinu ditu gaur egun. Euskal Herriko lehenengo hiruren artean da, .COM eta .ES-ekin batera. 2013an sortu zenetik hazten jarraitzen du. 2022an kasik %90ek berritu zuten. Munduan, batez beste %70ekoa da berritze tasa.

Sektore guztietakoan du presentzia, baina batez ere enpresen eremuan.

Gero eta gailu gehiago euskaraz

Lorea Arakistain Puntueuseko marketin zuzendariak erabiltzaileei erreparatu die: zenbat eskatzen dugu euskarazko edukia? Zein hizkuntzatan ditugu konfiguratuta gure gailuak? Duela bost urte aztertu zen azkenekoz gailuak euskaraz erabiltzen dituzten erabiltzaile kopurua eta inoizko daturik baxuena jaso zen: gailuen %2 baino ez zeuden euskaraz.

Aurten, datu hori bikoiztu egin da. %4koa da oro har eta %15ekoa erabiltzaile euskaldunen artean. «Datuak apala eman dezake, baina albiste ona da. Herritarrek gailuak eta nabigatzaileak euskaratzea sustatzeko ekintzek eragina dutela erakusten du», baloratu du. Joera goranzkoa dela erantsi du.