NAIZ

Elhuyarren hizketa-sintesiko sistema 6 hizkuntzatan erabili ahal izango da

Elhuyarrek sare neuronaletan oinarritutako ahots automatikoak (TTS) sortu eta sei hilabetera, bi berrikuntza aurkeztu ditu. Bata, testua ahots bihurtzeko aukera 6 hizkuntzatan; bestea, testu-kutxa erabilita edozein eduki entzun ahal izatea.

Erabiltzaile bat Elhuyarren TTS sistema erabiltzen.
Erabiltzaile bat Elhuyarren TTS sistema erabiltzen. (ELHUYAR)

Urte erdi igaro da Elhuyarrek sare neuronalean oinarritutako ahots automatikoak (TTS) aurkeztu zituenetik eta, orain, bi berrikuntza nabarmenekin dator: batetik, testua ahots bihurtzeko aukera ematen du sei hizkuntzatan eta, bestetik, testu-kutxa erabilita edozein eduki entzutekoa.

Ohar bidez azaldu dutenez, hizketa-sintesiko sistema euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez eta galegoz erabili ahalko da eta, beraz, erabiltzaileek dokumentuak zein testu solteak ahots bihurtzeko aukera zabalagoa izango dute.

Testua entzuteko aukera eskaintzen duen kutxa da beste funtzionalitate berria, edozein eduki nahi den ahotsarekin entzun ahal izateko kutxa. Behin ttsneuronala.elhuyar.eus webgunean sartuz gero, ‘TTSa probatu’ botoia sakatu, eta han agertuko da kutxa. «Oso erraza da erabiltzen: testua idatzi, hizkuntza eta ahotsa aukeratu, eta berehala jasoko dugu testuaren audioa. Dokumentu bat plataformara zuzenean igota ere izango dugu aukera ahots bihurtuta jasotzeko», zehaztu dute Elhuyarretik.

TTS ahotsek egiazkoak diruditen arren, sare neuronaletan oinarritutako teknologiaren bidez sortutakoak direla ere nabarmendu dute: «Ahotsen grabaketa espezifikoetatik abiatuta sortutako sistemak dira, eta adimen artifizialeko teknikak baliatuz sortzen dira sistema horiek». Elhuyarrek TTS ahots pertsonalizatuak sortzeko aukera ere eskaintzen du.