BABESLEDUN EDUKIA

Madalena, Santiago eta Santa Ana jaiek hartuko dute Gipuzkoa

Errenteria, Mutriku, Astigarraga, Soraluze, Villabona eta Ordizia dira asteburu honetan jaietan sartuko diren Gipuzkoako herrietako batzuk, Madalena, Santiago eta Santa Ana jaiak ospatuko baitituzte.

Errenteriako txupinazoan festarako gogoa lehertzen da.
Errenteriako txupinazoan festarako gogoa lehertzen da. (Jon URBE | FOKU)

Larunbateko Madalen eguna ospatuko duten herrien artean dago Errenteria, eta egitaraua uztailaren 21etik 25era luzatuko da; Udala, jai batzordea, eta herriko pertsona eta eragile askoren partaidetzarekin prestatutako egitaraua lagun. Aizpea Otaegi alkatearen hitzetan, «komunitatea birsortzeko ezinbesteko hitzordua dira; herri gisa garena ospatu eta gure arteko harremanak berregin eta indartzeko egunak».

Ohi bezala, uztailaren 21ean (ostirala), 19:00etan, herriko plazan botako dute txupina. Hala, aurtengo omenduak Herriko Gurutze Gorriaren lantaldea eta Juneren Hegoak taldea izango dira: «Pertsona eta kolektibo zaurgarrienen alde eta euren bizitzaren une jakinetan komunitatearen laguntza behar dutenen alde egiten duten lanari aitortza kolektiboa». Gainera, txupin nagusiarekin batera izango dira mila koloreko txupinazo txikia, Holi txupinazoa eta Zumardian jarritako pantaila erraldoia, are gehiago, Herri Bizia webgunearen bitartez jarraitu ahal izango da jaien hasiera.

Bertsolariak, herri kirolak, danborrada, jolasak, su artifizialak, dantzak... jarduera asko eta asko izango dituzte jaietan. Aurtengo musika programazioari dagokionez, denetarikoa izango da, hainbat gunetan banatua: Sega Sound Killers, Los Zopilotes Txirriaos, Neomak, Janus Lester, Oihan Vega, Reincidentes, Bengo, Kai Nakai, Liher eta Sonakay.

Errenteriako establezimendu laguntzaileak: Zamalbide Albaitaritza klinika, Pizza Sprint, Beerlagun (Oarsoak).

Malen jaiak ospatuko dituzte Mutrikun ere, uztailaren 21etik 25era, Udalak eta herriko hainbat talde eta eragilek antolatuta. Horrela bada, Malen bezperan hasiko dituzte ospakizunak, baixakuan (uztailak 21), eta txosna gunean izango dute jaia bereziki, Bizixoren jaitsierarekin hasita: herri kirolak, bazkaria, bingo musikatua...

Malen egunean, berriz, zapatuan (uztailak 22), egun handia ospatuko dute: Haur parkea, musika bandaren kontzertua, aizkolariak, harri jasotzaileak... Malen txiki izango da domekan (uztailak 23), bereziki umeei zuzendutako jarduerekin. Astelehena (uztailak 24) kuadrillen eguna izango da, eta martitzena (uztailak 25), “Santixo eguna”.

Goiko plazan hauek izango dira gauetako ikuskizunak: Show party, Gozategi, Goazen karaokea, eta Zea Mays. Txosna gunean, berriz, hauek ariko dira: Dj saioak, Emaion, Egin, J Martina, Dj Tintz eta D'Capricho.

Mutrikuko establezimendu laguntzaileak: Hotel Arbe, Kanping Galdona, Mutrikuko Udala, Txalaparta kafetegia.

Astigarragan Santio jaiak ospatuko dituzte asteazkenera arte. (Jon URBE | FOKU)

Astigarragan ere ostiral honetan hasiko dituzte jaiak, baina kasu honetan Santioak ospatzeko. Ospakizunak uztailaren 21etik 26ra iizango dira, hainbat eragile, elkarte eta astigartarrek udalarekin batera antolatutako egitarau dutela. Jaien hasierako pregoia eta suziria Astigarragako Gazte Asanbladaren esku geratuko da, 30 urte bete dituela eta, egin duen eta egiten duen lana goraipatze aldera: «Zer lirateke Astigarragako jaiak AGA gabe? Bejondeizuela gazteoi eta AGAri!», diote jaietako programaren agurrean.

Haur, gazte zein helduek izango dute zertaz gozatu Santio jaietan, eta Santiago Egunean (uztailak 25) ohiko soka-dantza eskainiko du udalbatzak. Edonola, Santa Ana izango da jai handia (uztailak 26), Foru plazan. Astigarraga zerbaitegatik ezaguna bada, sagardoagatik da, noski, eta horixe izango da Santa Ana eguneko protagonista: Sagardo dastaketa. Zuku preziatuaren bueltan izango dira bertsolariak, idi demak, artisauak eta joaldunak.

Musika bi gune bereizitan egongo da banatua. Batetik, kontzertu nagusiak Joseba Barandiaran plazan izango dira: Gozategi, Laket, Dupla, Dj Bull, Kresala eta La Jodedera. Gazte asanbladak kudeatutako txosnan, aldiz, kontzertu txiki ugari izango dira, besteak beste: Gezurra, Perlata, Mugan, Zulo, Dj Azkura eta Arima zaurituak. Horretaz gain, Gobadarien parkean edo Kontxa Etxeberria plazan ere bestelako musika eskaintza egongo da: Disko festa, Afrika Bibang edo Txekoslobako.

Badago, beraz, zertaz gozatua Astigarragan, eta han dioten moduan: «Ehun da ehun berrehun, aupa Astiarra!».

Astigarragako establezimendu laguntzaileak: Lizeaga sagardotegia. Zamalbide Albaitaritza klinika

Soraluzen kanoikada uztailaren 24an izango duten arren, uztailaren 21etik 26ra antolatu dituzte jaiak, Santiago eta Santa Ana ospatzeko: «Ilusioz eta harrotasunez bizi ditugunak», diote udalaren webgunean. Egitarauak adin eta gustu guztietarako jarduerak dituela azaldu dute: musika, dantza, otorduak, kirola, aldarrikapen uneak…

Aurtengo jaietan presentzia berezia izango dute Galtzagorri jai batzordeak eta txarangak, 20. urteurrena dutela eta: «Jada bi hamarkada lanean jaiak herritik eta herriarendako antolatzen, urtez urte herriko kaleak musika eta dantzaz alaituz eta Soraluzeri gune herrikoi eta parte hartzaileak eskainiz». Horregatik guztiagatik, Galtzagorriak izango dira jaiei hasiera ematearen arduradunak.

Horretaz gain, 2023ko jaien ezaugarri nagusia «parte hartzea» izango dela zehaztu dute, Soraluzeko hamaika eragilerekin elkarlanean antolatu baitituzte aurtengo jaiak ere: «Herri bizigarriago baten bidean egiten diharduten lanagatik bihotzez eskertu nahi dugu jaien antolaketan ari diren herri eragile, kolektibo eta norbanako guztiak».

Musikak bi gune nagusi izango ditu. Zubi Nagusian, kontzertuetako batzuk hauek izango dira: Eire, M&M´s, Txaberria, Malko eta Beranduegi; Plaza Zaharrean, aldiz, hauek ariko dira: Oihan Vega dj-a, Old Glasses, Gozategi eta Los Tenampas.

Soraluzeko establezimendu laguntzaileak: Goki erreformak, Txurruka jatetxea.

Villabonara Santio jaiak uztailaren 24an iritsiko dira, eta ohikoa den bezala, 31ra arte luzatuko dira; Udalarekin batera, jai batzorde, herritar, elkarte eta eragile askoren lanari esker. Salbadora jubilatu elkarteko lagunek botako dute aurtengo txupina, Erreboteko plazan, jai batzordeak hala erabakita. Horrela, adineko villabonatar guztiak omendu nahi dituzte, eta, batez ere, jubilatu elkartearen baitan elkartu eta jarduerak antolatzen ibiltzen direnak. «Jaiek ez dute adinik eta gure adinekoek guztien guztien esker ona merezi dute!», dio programaren agurrean Beatriz Unzue alkateak.

Horrela banatuko dituzte jaiak: Santio bezpera, Santio eguna, Santa Ana jubilatuen eguna, Gazteen eguna, Kuadrillen eguna, Erromeria eguna, igandea eta San Ignazio eguna. Erromeria eguna adin guztietako publikoa biltzeko modukoa izango da. Izan ere, Oinkari dantza taldearen eskutik, ez dira faltako Santiotan Kantari kantu jira, sagardo eta pintxo dastaketa, trikitilariak, bertsolariak eta Larrain dantza herrikoia.

Bestalde, hauek izango dira Villabona musikaz alaituko dituzten taldeak: Puro Relajo, Xiberoots, Skabidean, Trikidantz, Laket, Goxuan Salsa eta Rockalean.

Villabonako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Villabonako Udala, Labegoxo, Industrial Borobil, Basajaun liburudenda, Txurrut taberna.

Goierrin, azkenik, Santa Ana jaiak ospatuko dituzte Ordizian. Dagoeneko jai giroa herrian dagoen arren, astelehenean (uztailak 24) emango diete jaiei hasiera ofiziala eta hurrengo ostiralera arte (uztailak 27) ez dute etenik izango. Hasierako suziria Txistulari Elkarteak eta Kimetz Emakumeen Elkarteak botako dute, euren urteurrenak direla eta. Lehenengoak 50. urteurrena du aurten, eta, bigarrenak, 30.ena.

Aurretik egingo dituzten jardueren artean, larunbatean (uztailak 22), iaz jaiotako haurrei ongietorria eginez herriko zapi urdina jarriko diete, eta 100 ume baino gehiago izango dira. 

Jai egunetan, danborrada, kirol probak, errekortariak, musika emanaldiak, denetik izango dute, adin eta gustu guztietarako jarduerekin. Aipatzekoa da aurten Ordiziako Klasikaren 100. edizioa izango dela, eta asteartean jokatuko dute (uztailak 25). Buruhandi berriak ere kalera aterako dira lehenengo aldiz astelehenean (uztailak 24), Sorgina eta Azatxo. Azken horrek badu bere zentzu osoa, izan ere, ordiziarrei ‘azak’ deitzen diete eta saskibaloi elkartearen pertsonaia da Azatxo. Beraz, aza itxurako buruhandia izango dute Ordizian aurrerantzean.

Bestalde, azken eguna, santanazaleen eta kuadrillen eguna izango da, eta, egun horretan, 1509tik datorren tradizioari eutsiko diote, santanazaleen ohiko esku-dantza eginez. Bi bikote izango dira aurten parte hartuko dutenak.

Musikaren arloan, Ordiziako kaleetan ibiliko dira Rockalean eta Beti Argi, eta, horretaz gain, kontzertuak eskainiko dituzte plaza nagusian talde hauek: Mariachi imperial elegancia mexicana, Puro Relajo eta Joselu Anaiak. Txosna gunean, berriz, hauek ariko dira: Aingura, Irati 58, Dj Naza, J Martina, Maixa eta Malakias eta Muxutruk.

Ordiziako establezimendu laguntzaileak: Mujika liburudenda.