Maite Ubiria
Elkarrizketa
François Gonzalez
Baionako Harmonia orkestrako zuzendaria

«Harmonia herritarrek sentitzen duten emozioa azaltzeko tresna bat gehiago da bestetan»

1879an sortu zen orkestra Lapurdiko hiriburuko ospakizunetan «mementotxo» askoren protagonista da. «Betiere baionarren ondoan, haiek gabe gure lanak ez lukeelako zentzurik», argitu dio berehala NAIZi François Gonzalezek. Harmoniako zuzendaria da 2003az gero.

François Gonzalez, asteazken gauean, Harmoniaren kontzertua zuzentzen, Askatasun plazan.
François Gonzalez, asteazken gauean, Harmoniaren kontzertua zuzentzen, Askatasun plazan. (Guillaume FAUVEAU)

Harmoniarik gabe ezin dira Baionako Bestak ulertu. 1879an sortu zen orkestra Lapurdiko hiriburuko ospakizunetan «mementotxo» askoren protagonista baita.

«Betiere baionarren ondoan, haiek gabe gure lanak ez lukeelako zentzurik», argitu du berehala François Gonzalezek. Harmoniako zuzendaria da 2003az gero.

Lehen, zuen estreinaldia besten irekiera ekitaldian zen. Aurten, bestak hasi aitzin ere «Behin baziren bestak» ikusgarrian aritu zarete.

Askotan aipatu dugu zerbait falta zitzaigula Baionan. Beste hiri askotan bada nolabaiteko bezpera hori, eta gogoa bagenuen hemen ere gure bestetako bilakaera kontatzeko. Musikariak, dantzariak, erraldoiak, nola ez... Aurten lehen aldiz, bestetako astean, astearte gauean, eman dugu saio berezi hori. Luzetako asmoa bete da.

Askatasun plazan eman zenuten hitzordua eta bertan pasatzen dira, halaber, baionarrek hainbeste espero duten hasiera eta gaur gauean, damuz, hartuko duten besten despedida.

Besta toki askotan pasatzen da, berdin karrika zein peñetan, hiri osoan sentitzen baita giroa, baina egia da Askatasun plaza jendez lepo ikusteak sentimendu berezia sortzen duela. Memento zirraragarria da denontzat, baita oholtza hartzen duten Harmoniako musikarientzat ere.

Ohitura baduzu, hala ere, batuta eskuetan aurten hogei urte bete baitituzu. Data berezia.

Tronboia jotzen 9 urterekin hasi nintzen eta 11 urterekin sartu nitzen Baionako Harmonian. Gaztetatik irakasle gisara ere jardun dut, berdin Landetan zein Euskal Herrian, eta Euskal Herriko Orkestrako kidea naiz. Esan dezaket, ordea, Harmonia dela, Baiona bezala, nire benetako etxea.

Ordu asko ematen dugu elkarrekin, eta horrek harreman oso berezia sortzen du. Askatasun plazan sumatzen dela giro hori esango nuke. Baina, bai, galderari erantzunez, Mauleko Harmonian ere gustura asko ibilitakoa banaiz ere, Baionako Harmonian izatea bada zerbait, eta ardura handia da orkestra zuzentzea.

Milaka jende 'Peña Baiona', ' Txoria txori' kantatzen.. Nola egiten da urtero errepikatzen den memento bat hain berezia bilakatzeko?

Eskarmentu handia eskatzen du horrek! (barreak). Gure denbora hartzen dugu entseguetan, ostegun guztietan biltzen garelako. Arreta berezia eskaintzen diogu piezak eta musika pasarteak aukeratzeari. Toki itxi batean edo karrikan jotzea ez da berdina. Betiere berrikuntza bat edo beste sartzen ahalegintzen gara, jakinik ere jendeak batzuetan gustura hartuko duela, eta beste batzuetan ez. Askatasun plaza goxoa da, jendea bere onena emateko prest da. Gu tresna bat gehiago gara, jendeak sentitzen duen poza azaltzeko.