Nerea Lauzirika

Tradizioa haustera dator ‘Sustraien matxinada’ diskoa

Gorka Hermosa akordeoilariak eta Garikoitz Mendizabal txistulariak diskoa argitaratu dute batera, Elkar argitaletxearen eskutik. ‘Sustraien matxinada’ lan berrian euskal musikaren tradizioari beste ikuspuntu batetik heldu diote, euskal folklorea ez ezik, jazza eta musika klasikoa ere uztartuz.

Euskal tradizioari arketipikoki lotuta dauden akordeoia eta txistuarekin unibertso aitzindariak jorratu dituzte Gorka Hermosak eta Garikoitz Mendizabalek batera atera duten diskoan. ‘Sustraien matxinada’ lanean euskal musikaren tradizioarekin hautsi dute, jazzarekin eta musika klasikoarekin nahastuz, baina distantziakidetasuna mantenduta. Donostiako udal liburutegian aurkeztu dute diskoa.

Mundu mailan sobera ezagunak diren bi musikariren parte hartzea izan dute diskoan, Carles Benavent jazz eta flamenko baxu jotzailearena eta Tino di Geraldo bateria jotzailerena, hain zuzen ere. Hermosak aurkezpenean azaldu duenez, astebeteko intentsiboa egin zuten landetxe batean, «lehen egiten zen bezala», eta egun eta erdian estudioan sartuta grabatu dute disko osoa.

‘Sustraien matxinada’ diskoa plazaratu dute Gorka Hermosak eta Garikoitz Mendizabalek. (Gorka RUBIO | FOKU )

Hermosa arduratu da piezen konposizioaz, nahiz eta adierazi duen inprobisaziotik asko daukala lanak. Akordeoilariak aitortu du aspalditik zuela Mendizabalekin zerbait egiteko asmoa, eta bakoitzaren agenden bateraezintasunak atzeratu duela elkarlana.

«Garikoitz asko miresten dut, duela urte askotatik» eta horrek bultzatu zuen Hermosa, neurri batean, proiektuarekin aurrera egitera. Izan ere, hamabi disko kaleratuta dauzka akordeoilariak eta ez zuen hau beste bat gehiago izatea nahi: «Nire bizitzako diskorik onena izan behar zuen». Pozik dago egindako lanaz eta markatutako helburua bete duelakoan dago.

Kideak egindako lana goraipatu du aurkezpenean: «Garikoitzek ematen dion tokea zoragarria da, erraietara eramaten gaitu». Mendizabalek garrantzia kendu nahi izan die Hermosak botatako loreei, txistua «betiko txistua» dela azalduta. Izenburua «izugarri ondo» jarrita dagoela deritzo, «zentzu onean» egindako matxinada baita lanean bildu dutena: «Bere fusio horretan estilo asko daude, denetik dago».

Halaber, txistulariak aitortu du Benavent eta Di Geraldorekin lan egitea «esperientzia ahaztezina» izan dela eta eskerrak eman dizkio Elkar Argitaletxeari, horrelako disko bat haien katalogoan sartzeko egindako apustuagatik.

Hilabete honetan bertan hasiko dituzte emanaldiak. Irailaren 23an Zumarragako Antion eskainiko dute kontzertua eta otsailean Madrilgo Galileo aretoan. Horrez gain, Gasteizko Antxina Folk edo Bilboko Loraldia jaialdietan ere izango dira. Kontzertuetako batzuk diskoaren grabazioan parte hartu duten Benavent eta Di Geraldorekin eskainiko dituzte, eta beste batzuetan formatua desberdina izango da.