Testua: Eli Txapartegi. Argazkiak: Carmen Abd Ali (AFP)

Grafiti eskolak, hormetako mezuak ikasgai

Ikasle bat, bere artelanaren aurrean.
Ikasle bat, bere artelanaren aurrean. (Carmen Abd Ali | AFP)

Lapitza eta goma eskutan dituela, Ibrahima Soumar pazientziaz eta kontu handiz ari da, paper zuri batean letra sorta baten ingurua marrazten. Ez dago pozik egiten ari denarekin eta berriz hasten da eguneko ariketarekin: marraztu grafiti bat “Top” hitzarekin. «Ez da erraza, batez ere ni bezalako hasiberri batentzat», dio Ibrahimak irribarre lotsatiz.

 

26 urteko senegaldarrak ikasketak utzi zituen Dakarko Guediawaye auzoko RBS Akademya grafiti eskolan matrikulatzeko.

Dakar hiriburuan kaleetako eszenatokiaren oihalaren parte dira grafitiak, batez ere autobide nagusietan eta zenbait aldiritan, non gazte askok hip-hopa gustuko duten. Grafitia artetzat hartzen da Senegalen, eta artelanek maiz transmititzen dituzte politika, hezkuntza, osasuna eta ingurumenaren inguruko mezuak.

PARTEKATZEKO «TOPALEKU GISA»

Eskolak 2021eko abenduan ireki zituen ateak, elkarrekin trukatzeko eta partekatzeko «topaleku gisa», gogoratzen du Serigne Mansour Fallek. Madzoo ezizenez ezaguna. Bera da proiektua abian jarri zuen kolektiboko sortzaileetako bat. Bere aburuz, helburua da «gure herentzia mahai gainean jartzea, gazte profesionalak trebatzea», gizartearentzat baliagarriak izan daitezen eta pertsonei «beren garaiko erronkak ulertzen» lagun diezaieten.

Denbora luzez askok «xentimorik irabazi ezin zuten alferrontzien denborapasa» bezala ikusten zuten grafitia, baina, Madzooren ustez, gero eta errekonozimendu handiagoa lortzen ari da. RBS Akademyaren sorrera zorte kolpe egokia izan zen prestakuntza formala nahi zuten zaleentzat.

Arte koadroak eta grafiti piezak sakabanatuta daude eskolako bi solairuetako korridoreetan, zein baino zein ikusgarriago, euren artean edertasun eta kolore lehiaketa bat antolatu balute bezala.

Bizar zuridun agure baten margo deigarri batek, oihal urdin batez jantzia, bisitariaren begirada erakartzen du, maskorrez egindako landare txiki bat ateratzen zaio bere buru soilduan. «Panafrikanismoa» sinbolizatzen du, obraren artista Madzook berak azaltzen duenez.

Ikasgela ere, lan-mahai luze eta horma irudi handi batekin, originala da. Letra handiek, arrosa eta berde kolorekoak nahasita, sarrerako horma apaintzen dute. Zaila da idatzita dagoena bereiztea. «Estiloa» zehaztu du Soumarek. «Neuk ere arazoak izan nituen ulertu ahal izateko», onartu du irribarrez.

Gaurko ikastaroa «arte kontzeptualaren» (ideia bat adierazteko edo sortzeko moduaren) eta «koloreen» ingurukoa da, zehaztu du Cherif Tahir Diopek, Akonga ezizenez ezaguna. Grafitigilea, diseinatzailea eta orain irakaslea da.

TEORIA ETA PRAKTIKA

«Hemen ez gaude eskola konbentzional batean. Dena espiritu arinarekin egiten da», azaldu du reggae musikaz lagunduta. Ibrahim-ek egin zuen bezalaxe, Libasse Sarr (18 urte) eta Maurice Diouf (25 urte) ikasketak utzi eta Akademyan matrikulatu ziren. Sei hilabetez, astean hiru klase. Grafitiaren teoria eta praktika nahasten dituzte eskolan. Bukatutakoan, ziurtagiri bat eskuratuko dute, baina Senegalgo estatu agintariek ez dute titulua ofizialki onartuko.

Eskolan matrikulatzeak 25.000 libera balio du (40 euro), eta, horrez gainera, 15.000 libera ordaindu behar dira hilero. Dirua materiala erosteko eta eskolaren alokairu gastuak ordaintzeko erabiltzen da.

RBS Akademya oso aktiboa da sare sozialetan, eta batzuetan artisten bizileku ere bihurtzen da. Nazioarteko artista batzuk aldizka bertan geratzen dira erakusketetan parte hartzeko eta esperientziak partekatzeko.

Madzoo zazpi urterekin sartu zen grafitiaren munduan, auzoko lagunek bultzatuta, eta gaur egun Senegalgo «kaleko artearen» figura nagusietako bat da. Bere burua «herriaren aldeko panafrikanista» gisa deskribatzen du, ikuspuntu politikoak alaitasunez islatzen omen dituelako. Behin baino gehiagotan bere irudiak oso partekatuak izan dira sare sozialetan. Horietako bat izan zen Macky Sall presidentea irudikatzen zuena, jaka gorri, zuri eta urdinez jantzita, eskutan bandera senegaldarra daraman gazte bati gertutik tiro egiten.