GAUR8

Nerabeen %60k ez du teknologia berriak erabiltzeko araurik etxean

10-15 urte bitarteko haur eta nerabeen artean, hamarretik zazpik telefono mugikorra dute. Errealitatea geldiezina da eta adituak gero eta ozenago ari dira ohartarazten adin txikikoak gailu horien erabileran trebatzeko beharraz. Etxean arauak jartzea ezinbesteko gisa jotzen dute.

Nerabe kuadrilla bate etxe ingurune batean telefono mugikorrarekin.
Nerabe kuadrilla bate etxe ingurune batean telefono mugikorrarekin. (GETTY)

Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) azken datuen arabera, Estatuan hamar eta hamabost urte bitarteko hamar haur eta nerabetik zazpik dute telefono mugikorra. Errealitate hori geldiezina da eta adituak gero eta ozenago ari dira nabarmentzen beharrezkoa dela adin txikikoek gailu digital horien eta beste batzuen erabilera egokia barneratzea.

Hori lortzeko, gurasoak eta anai-arreba nagusiak funtsezko piezak dira bi norabidetan: kontsumo-eredu gisa eta familia-eremuan mugak eta jarraibideak ezartzeko. Hala ohartarazten du Universitat Oberta de Catalunyak (UOC) eta Gironako Unibertsitateak elkarlanean egin duten ikerketa batek. Lan horrek emaitza harrigarria erakusten du: nerabeen % 60k ez du araurik etxean IKT gailuak erabiltzeko, izan mugikorrak, telebistak, ordenagailuak, tabletak edo bideojokoetarako gailuak.

Aipatu ikerketa hori “Journal of Family Issues” aldizkari zientifikoan argitaratu berri da. Ikertzaileen ustez, muga eta arauen gabezia hori konpondu egin beharko litzateke: «Inolako araurik jartzen ez badugu, haurrek eta nerabeek ez dute haien burua modu autonomoan arautuko, oraindik ez baitira behar bezain helduak. Baina arauak ezartzen baditugu, berehalako erantzuna izan daiteke arauak haustea, hori nerabezaroaren ezaugarria baita».

Merche Martin Perpinya psikologoa eta ikerketan parte hartu duten bi unibertsitateetako irakaslea da. «Guk bitartekaritza aktiboaz hitz egiten dugu, hau da, negoziazioaz, akordioetara iristeaz, hitz egiteaz», esan du Martinek. Psikologoak seme-alabek IKTekin zer egiten duten interesatzeak eta, aldi berean, haiengandik ikasteak dakartzan onurak azpimarratu ditu: «Guraso zaren aldetik, zure seme-alaben kirol partida nola joan den interesatzen bazaizu, bideojokoa nola joan zaion ere interesa dakizuke. Bestela, komunikazio-kanal hau itxi egiten da. Eta oso garrantzitsua da nerabeek mugikorrarekin, sare sozialekin edo ordenagailuarekin egiten dutenaz argi eta garbi hitz egin ahal izatea. Segurtasunari, profil faltsuei edo ezezagunekiko elkarrizketei buruzko aholkuak eman ditzakegu, eta, era berean, seme-alabek TikTok-ek nola funtzionatzen duen edo bideo jakin bat nola egin erakuts diezagukete».

2021ean sarean honako ikerketa argitaratu zen: “Family Context Surrounding the Use of Technologies and Their Impact in Adolescents' Media Multitasking”. Erabiltzen dituen datuak duela bost urte pasatxo jaso ziren, eta Kataluniako Alt Empordàko sei ikastetxetako hamaika eta hemezortzi urte bitarteko 977 ikaslek etxeko IKT gailuen kontsumoari buruz duten pertzepzioari buruzkoak dira. Ikerketaren berezitasuna hori da hain justu, familien profil teknologikoa ikertzen du, nerabeek IKTen inguruan egiten duten erabilerari dagokionez.

Neskato bat online bideojoko batean jolasten. (GETTY IMAGES)

Gailuen erabileraren analisiak zereginen maiztasunari eta aldiberekotasunari egiten dio erreferentzia, media multitasking deiturikoari. «Ikasten edo etxeko lanak egiten ari ziren bitartean, beste zeregin batzuk egiten ote zituzten galdetzen genien, hala nola telefonoz hitz egin, musika entzun, telesail bat begiratu edo pantaila erabiltzea eskatzen zuen beste edozein ekintza», zehaztu du Martinek.

Emaitza argigarria da; media multitasking gehien egiten dutenek esaten dute gurasoek eta anai-arrebek asko erabiltzen dituztela IKT gailuak etxean. Aldiz, arauak izateak ez du gehiegi baldintzatzen nerabeek multitasking gehiago edo gutxiago egitea.

«Ikasten ari naizen bitartean, Whatsappeko mezuak etengabe aztertzen eta begiratzen baditut, arreta partziala dut gauza bakoitzean. Horrek eragina izan dezake ikasteko eta akatsak egiteko behar dudan denboran, ez bainago erabat kontzentratuta. Bestalde, mundu guztiak egiten du multitaskinga, eta haur eta nerabe horiek helduarora iristen direnean eta lan bat dutenean, egiteko eskatuko zaie. Baina gai izan behar dute mugikorra isilik jartzeko eta ikasketetan alde batera uzteko. Teknologien aukeren eta jarri behar zaion kontzientziaren arteko oreka aurkitzea da kontua», nabarmendu du ikertzaileak.

Gailu gehiago, erabilera gora

Ikerketa honek ematen dituen zenbakizko emaitza ugarien artean, datu hauek nabarmentzen dira: nerabeen %46,9k diote etxean lau eta bost telefono mugikor artean daudela; %34,7k bideojokoen bi edo hiru aparatu dituzte; erdiek baino gehiagok etxean bizpahiru ordenagailu dituzte eta bizpahiru telebista. Gainera, %38,3k aitortu du etengabe erabiltzen duela mugikorra.

Era berean, ikerketak zuzenean lotzen ditu etxean dagoen gailu kopurua eta erabilera. Gero eta gailu gehiago, erabilera handiagoa. Ildo horretan, Martinek honakoa nabarmendu du: «Errezeta magikorik ez dagoen arren, kontuan izan behar dugu gela bakoitzean telebista bat badugu, bakoitzak nahi duena eta nahi duenean begira dezala sustatzen dugula. Espazio partekatu batean bakarra badugu, tarte gehiago pasatuko dugu elkarrekin, eta zer ikusten dugun negoziatu beharko dugu».

Datu hauek bildu eta bost urtera, zerbait aldatu ote da? «Uste dut, galdera berak egingo bagenitu, orain gailuen erabilera handiagoa izango genukeela, eta baikorra izan nahi dut, eta arau gehiago aurkituko genituzkeela pentsatu. Izan ere, datuak bildu genituenean, ez zegoen interes handirik gure ikerketaren emaitzetan, eta gaur egun bai antzeman dugu interes hori; eskaera asko jaso ditugu nerabeek IKTak nola erabiltzen dituzten arautzen laguntzeko hitzaldiak egiteko eta aholkuak emateko», azaldu du psikologoak.

Erabilera arautzeko aholkuak

Adingabeen pantailen erabilera arautzeko lehen urratsa arau argiak ezartzea da. Adituek garbi daukate: «Elkarrizketa zintzoa izan behar da, uler dezaten zergatik ezin duten egun osoan ‘lotuta’ egon eta zergatik bete behar dituzten arau batzuk». Zentzu horretan, mugikorrarekin zer egin daitekeen (eta zer ezin den egin), zenbat denbora eskaini dakiokeen eta erabilera zein unetan murriztu behar den azaldu behar zaie.

Haur bat, Euskal Encounter ekitaldian (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Hala ere, ez dago mugikorrak erabiltzeko “urrezko araurik”. «Haur bakoitza desberdina denez, baldintzak negoziatu daitezke. Haur bat ondo portatzen bada eta eskola-errendimendu ona badu, batzuetan mugikorra pixka bat gehiago utz diezaiokegu. Beste kasu batzuetan, tresna horiek erabiltzeak arazo bat sortzen duela ikusten dugunean, garrantzitsua da haien erabilera mugatzea», diote adituek. Era berean, garrantzitsutzat jotzen dute araua ere alda daitekeela testuinguruaren arabera. Azterketa-aldietan, adibidez, tresna horien erabilera murriztu beharko da.

Mugikorraren erabileraren gaineko mugak eramangarriagoak izan daitezke, trukean alternatiba bat eskaintzen bada. Aire zabaleko jarduerak, adibidez, funtsezkoak dira txikienen garapenerako. Aire librean jolastea, familiarekin jardueraren bat egitea... mugikorraren alternatiba osasuntsuak izan daitezke.

Baina mugikorraren erabilera egokiari buruzko aholkuek ez dute ezertarako balio, haurrek ikusten badute gurasoek justu kontrakoa egiten dutela. Predikatzen hasi baino lehen, hobe da eredua ematen saiatzea. Haurrek zer ikusi hura ikasi.