NAIZ
New York

Begi oso bat transplantatu du, historian lehen aldiz, AEBetako zirujau talde batek

New Yorkeko kirurgialari talde batek begi oso baten munduko lehen transplantea egin du. Prozedura aurrerapen mediko handi gisa deskribatu da, baina oraindik ez dakite pazienteak ikusmena berreskuratzerik izango ote duen.

Aaron James, emaztearekin, ebakuntza egin zioten New Yorkeko ospitalean.
Aaron James, emaztearekin, ebakuntza egin zioten New Yorkeko ospitalean. (AFP)

Ebakuntzaz arduratu den zirujau talde estatubatuarrak ostegun honetan azaldu duenez, egin dutena da emailearen aurpegiaren zati bat eta ezkerreko begi osoa atera eta hartzailearenenean txertatu.

Pazientea 46 urteko behargin bat da, Aaron James, 2021eko ekainean 7.200 volteko deskarga elektriko bat jasan eta bizirik ateratzea lortu zuena. Kable batek aurpegia ukitu izanak lesio larriak eragin zizkion eta tartean ezkerreko begia galdu zuen.

Aurpegian halako ebakuntza berreraikitzaileetan liderra den NYU Langone Health ospitalera eraman zuten eta iragan maiatzaren 27an egin zioten operazioa.

Begi oso bat transplantatzea zientzia medikoaren helburu handietako bat izan da luzaroan, eta saguekin egindako esperimentuetan ikertzaileek nolabaiteko arrakasta izan badute ere, partzialki ikusmena itzulita, pertsona bizidunengan inoiz egin gabeko ebakuntza izan da.

Aaron James, maiatzaren 27an egin zioten ebakuntzaren une batean. (Joe CARROTTA | AFP)

«Begi osoko lehen transplantea lortu izana balentria izugarria da, luzaroan askok uste izan baitute ezinezkoa zela», adierazi du 21 ordu iraun zuen ebakuntza zuzendu zuen Eduardo Rodriguez zirujauak.

«Ezin genuen paziente hobeagorik eskatu», gaineratu zuen.

Transplantatutako begiak osasun onaren zantzuak eman baditu ere, ez da segurua Jamesek ikusmena berreskuratzea.

«Oso eskertuta nago emailearekin eta haren familiarekin, zailtasun handiko une batean bizitzeko bigarren aukera bat eman didatelako. Espero dut familiak kontsolamendua aurkitzea emailearen zati bat nirekin bizi dela jakinda», esan du Jamesek.

Irailean itzuli zen Arkansasera, emaztearekin eta alabarekin egoteko.

Oraindik New Yorkera itzuli behar du izaten du, jarraipenerako hileroko hitzorduetarako, eta etorkizunean goi-tentsioko lineetako langileen segurtasun-arduradun gisa lan egiteko aukera izango du.