NAIZ

40 ikertzaile hasi dira lanean Ikerbasquen aurten, horietatik 10 Euskal Herrikoak

2023an jakintza arlo guztietako 40 ikertzaile hasi dira lanean Ikerbasquen, horietako 10 Euskal Herrikoak. Urkullu lehendakariak harrera egin die astearte arratsalde honetan egindako ekitaldian, 26 ikertzaile berrik hartu dute parte.

Lehendakariak ikerlariei harrera egin die.
Lehendakariak ikerlariei harrera egin die. (IREKIA)

Aurten Ikerbasquen jardunean hasi diren ikertzaileei harrera egin die Iñigo Urkullu Lehendakariak. Jakintza arlo guztietako 40 ikertzaile hasi dira 2023an Ikerbasquen lanean eta horietako 10 Euskal Herrikoak dira. 20 ikertzailek hartu dute parte astearte honetan egindako ekitaldian.

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitateetan eta ikerketa-zentroetan lanean ari diren edo jardungo duten jakintza-arlo guztietako zientzialariei aitorpenak banatzeko ekitaldia egin da astearte arratsalde honetan. Ekitaldian, halaber, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Fernando Cossío Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak ere parte hartu dute beste hainbaten artean.

Ikerbasqueren programek, ikerketako talentua erakarri eta horri bertan eusteko helburu argia dutela azaldu dute ekitaldian: «Alde batetik, atzerrian lanean diharduten zientzialariak erakartzea da helburua, arreta berezia eskainiz graduko uneren batean kanpora joandako euskal ikertzaileak Euskal Herrira itzultzeari; eta bestetik, Euskadin ikertzen dihardutenei ibilbidea finkatzeko aukerak eskaintzea». Gaur Lehendakariaren eskutik aitortza jaso duten 26 ikertzaileen artean, 10 euskal herritarrak dira, bertara itzuli direnak edo euren ikerketa-posizioa bertan kontsolidatzea lortu dutenak.

Nazioarteko esperientzia luzea eta lidergo-gaitasuna duten ikertzaile kontsolidatuei zuzendutako Research Professors deialdiaren bitartez, 2023ean 6 fitxaketa berri egin dituzte. Ikertzaile horien artean Marcin Blacerzyk dago, Fisika Zientzietan doktorea Poloniako Soltan Institutuan. AEBetako eta Europako zentroetan ikerketa-egonaldiak egin ondoren, Bioaraban hasi da lanean eta bertan protonterapia-teknikak erabiliz, minbiziaren tratamenduak hobetzeko ikertuko du.

Nazioartetik Euskal Herrira

Bestalde, Research Fellows programa hainbat jakintza-arlotako aditu gazteak EAEn elkartu eta zientzialari eta ikertzaileen «harrobi» bat sortzeko diseinatuta dagoen ekimena da. Programari esker, 2023an 14 pertsona sartu dira Ikerbasquera. Horixe da Amaia Carrionen kasua, Donostian jaioa, Max Planck Institute for Psycholinguistics (Nijmegen, NL) institutuan egin zuen doktoretza dislexiaren oinarri genetikoei buruz, eta gaur egun Basque Center for Brain, Language and Cognition zentroan geneen, garunaren eta irakurketaren arteko harremanari buruz ikertzen ari da.

Bi deialdi horien osagarri gisa, Research Associate programa dauka abian Ikerbasquek, aurreko bi kategorien arteko zubi-lana eginez. Ikertzaile gazteei zein zientzialari kontsolidatuei egungo eskaintzak osatzea du xede, ikertzaile-karrerako etapa desberdinak gainditzen laguntzeko asmoz. Deialdi honen bidez 6 ikertzaile hasi dira lanean aurten.

Gaur egun, Ikerbasquek 375 ikertzaile ditu kontratatuta, Research Professor (190), Research Associate (95) eta Research Fellow (90) deialdien bidez, eta guzti-guztiek Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sisteman txertatuta dihardute lanean.