Testua: Ane IPARRAGIRRE Argazkiak: J. MACDOUGALL (AFP)

Tacheles, gentrifikazioaren ikurra Berlinen

Tacheles, Berlingo harresia erori ondoren artistak bildu zituen zentro okupatu enblematikoa, luxuzko apartamentuz jositako higiezin-konplexu bihurtzeko bidean dago. Alemaniako hiriburuak azken urteotan izan duen gentrifikazioaren isla da.

Argazki-museo batek, Fotografiskak, ateak zabaldu berri ditu 1909an eraikitako merkataritza galeria zahar okupatu batean, artista talde batek bere tailerrak instalatu zituen leku berean. Mitte barrutian dago eta Tacheles izena du.

Dena dela, garai batean zentro okupatuen sinboloa izan zena higiezin gune erraldoi bilakatuko da. 25etik 360ra metro karratuko 265 apartamentu izango ditu, guztira. Eta, noski, baita dozenaka bulego ere, 2024. urtearen amaieran funtzionatzen hasiko omen direnak. Netflix eta Pfizer tartean dira. Merkatura atera diren 176 espazioetatik –metro koadroak 9.500 eta 30.000 euro arteko prezioa du– 45 salgai daude oraindik, PWR sustatzailearen komunikazio arduradun Markengold agentziaren arabera. Gainerako 89 pisuak alokatu egingo dituzte.

Tacheles 2012ko irailean hustu zuten, lanak berehala hasi behar zituztela argudiatuz. Jakina, hango artistak kanporatu egin zituzten, baina erabakiak ez zituen ustekabean harrapatu. «2010 eta 2012 urte bitartean mehatxatu egin gintuzten, dirua eskaini ziguten alde egiteko, eta elektrizitatea moztu ziguten hainbat bider», gogoratu du Bruno di Martinok, 2006tik Tachelesen tailerra izan zuen 56 urteko frantziarrak. Bi urte geroago, 2014an, 25.300 metro koadroko lursaila Perella Weinberg Partners inbertsio funtsak erosi zuen, 150 milioi euroren truke. Negozio ona, egungo prezioekin alderatuz gero.

Aurri egoeran

Hiriaren ekialdeko auzoetan diru oso gutxirekin bizi zitekeen eraikin horietan; gainera, horietako batzuek Bigarren Mundu Gerrako metrailadoreen suaren arrastoak zituzten artean. Erregimen komunista 1990ean erori ondoren, ez omen zegoen argi nortzuk ziren eraikinaren jabeak, Hanno Hochmuth Potsdameko Leibniz Zentroko historialariaren esanetan. Hori bai, gero zer gertatu zen badaki Matthias Bernt Leibniz zentroko hirigileak: «Ekialdeko Berlinen, ondasun asko lehengo jabeei edo haien ondorengoei itzuli zitzaizkien, eta hauek, ia beti, espekulatzaileen esku bukatzen zuten».

Bizilagunak, beste auzoetara

Gauza bera gertatu omen zen 1997ko amaieran Prenzlauerbergen. Auzo bohemioa zen eta alokairuen prezioak izugarri igotzen hasi ziren, hango bizilagunak beste auzo batzuetara kanporatuz nahitaez. Horietako bat zen Bruno di Martino, tailerra beste orube abandonatu batera eraman behar izan zuena derrigorrez. RAWera joan zen, Friedrichshain auzuneko trenbideetako lursail zahar batera. Bruno di Martinok argi du zer gertatzen ari den, eta baita zergatik ere. Bere ustez, Tachelesko konplexu berria «pribilegiatu gutxi batzuei zuzendutako proiektua da, besterik ez». «Berlinek garai batean bere artistengatik erakartzen zituen turistak, bere mundu undergroundarengatik, eskaintza alternatiboarengatik.Baina hori guztia orain desagertzeko arriskuan dago», adierazi du.

Yoram Roth, inauguratu berri den argazki museoko presidenteak, berriz, gentrifikazioari buruzko kritikak errefusatu egin ditu. Mendebaldeko Berlinen jaioa eta Holokaustotik bizirik irtendakoen ondorengoa, Hirugarren Reicharen eta Gerra Hotzaren ostean hiria hondatuta zegoela gogorarazi du. «Kontuan hartu behar da puntu honetara iristeko tragedia bat izan dela tartean», esan du. «Ez dugu ahaztu behar jendeak ondasunak eta bizitzak galdu zituela. Eta, ene ustez, normala da espazio hau berriro zerbaitez bete nahi izatea».