AIZAR RALDES (AFP)

«Cholet», fenomeno berezia Bolivian

“El Crucero de los Andes” izena du eta “cholet” izeneko eraikin berezien munduan azken nobedadea da. Boliviako El Alto hirian kokatuta, itsas mailatik 4.070 metrora, oinezkoen arreta erakartzen du adreiluzko etxe ugarien artetik. Azken bi hamarkadetan aimara burgesia berriak etxebizitza altu eta koloretsuak eraiki ditu bertan. Zein baino zein koloretsuagoa; zein baino zein deigarriago, altuago, garestiagoa... Eta hauxe da Andeetako arkitektura berriaren azken ekarpena.

Hamalau solairu ditu eta itsasargi baten antzera altxatzen da itsasertzik gabeko herrialdean. Jakina, jabea, Victor Choque Flores, harro dago bere choletaz; izan ere, lehen semetzat hartu du. Iron Man, Megatank eta Bumblebee ere han agertzen dira, tamaina handian margotuta, baina “El Crucero de los Andes”-ek El Altoko handienen altuera bikoizten du. Gainera, prestatuta omen daude “Messi cholet” baten planoak, futboleko izar argentinarraren omenez.

Choquek 35 urte ditu. Ez du zifrarik aipatu nahi, baina onartu du zorpetu egin dela obra ordaintzeko. Batzuek diotenez, erantzun horrekin gezurtatu egin nahi ditu berari buruzko zurrumurruak, kontrabandoarekin lotzen dutenak.

Vania Calle arkitektoak, Hirigintzako irakasle eta Andeetako Epistemologia Zentroko kideak, berriz, adierazi du gaur egun fatxadak ez ezik lurzoruaren erabilera ere aldatzen ari direla choleten maila bakoitzaren ustiapen komertziala ahalbidetzeko.

El Altoko kontraesana da biztanleen %36 -milioi bat inguru- pobrezian bizi dela luxuzko eraikin horien artean. Horrez gain, arteari buruz ere iritzi kontrajarriak daude bertakoen artean: batzuek ondo ikusten dute Andeetako arkitektura berezi eta koloretsua fikziozko pertsonaiekin fusionatzea, baina beste bizilagun batzuek, aldiz, diote indigenen kulturatik erabat at gelditzen direla cholet-ak.