NAIZ

Merina Gris taldeak ‘lilili’ single berria sareratu du

Merina Gris hirukoteak ‘lilili’ abestia eta honen bideoklipa sareratu berri ditu plataformetan. Azaldu dutenez, «elurraren eta suaren artean galtzen den lotura baten istorioa» biltzen du bideoklipak.

Audio_placeholder

Merina Gris taldeak ‘lilili’ single berria sareratu du

Loading player...

Merina Gris musika taldeak ‘lilili’ izeneko kantua eta honen bideoklipa sareratu ditu. Taldekideen hitzetan, «zerbait azaldu ezin denean esaten den hura» da ‘lilili’, «sentitzen dena, emozioak iradokitzeko komodin bat, adierazten asmatu ez arren, zuk nahi duzun beste pertsona horrek jakin edo senti ditzan». Kode moduan ulertzen dute ‘lilili’ hitza, bi pertsonek soilik uler dezaketena, «ez baitu beste inork ulertuko».

Sareratu berri duten kantua, baina, galeraren gaineko gogoeta bat dela nabarmendu dute taldekideek. «Ari da tristeaz eta politaz, nahigabeaz, nostalgiaz, lantuaz eta dolu batek irekitzen duen zirrikitutik sartzen zaizun hotz horretaz».

Eta hotz hori da, hain zuzen ere, bideoklipeko protagonista. Elurrez estalitako paisaia batean aurkezten du Patrcik Criado (‘Antidisturbios’, ‘La casa de papel’, ‘Águila Roja’) eta Aitana Batres (‘Tú no eres especial’) antzezleek irudikatutako maitasun istorioa. Bideoklipa Madril eta Nafarroaren artean ibiltzen den Cosmis Tree ekoiztetxeak egin du.

Bertan, «hain etsaia uste ez zenuen mundu batean aurrera egiteaz» mintzatu nahi izan dutela adierazi dute taldekideek. ‘lilili’, azken batean, «barkamena eskatzeko modu bitxi baina zintzoa» baita.

Abestiaz, lehen kolpean pop kantu klasiko bat badirudi ere hainbat ñabardurek «bakan eta ohiz kanpokoa» egiten dutela iritzi dute taldekideek: «Tempo erdiko beat bat, soinu hautsiekin, non nabarmentzen den neurri kontra doan bonbo bat, musika herrikoian batere ohikoa ez dena. Jarraian, 808 baxu bat eta afinazio kiribilduak dituen sintetizadore-paleta bat, aldi berean polita, goxoa eta deserosoa den giroa sortzen duena. Sararen ahots melodikoa tristuraz eta penaz dabil alderrai estrofetan zehar, galderaz beteriko leloan amaitu arte», nabarmendu dute.

NAIZ Irratiko MusikHaria saioan izan da Julen taldekidea abestiaren nondik norakoak aurkezten eta goiko aldean topatu dezakezue bertan hitz egindakoa.