NAIZ

Modus Operandik ‘Ellos dicen mierda’ La Polla taldearen kantua moldatu du Duplakoekin batera

Kantua ‘Atzo/Gaur’ diskoan publikatu zuten eta orain Iker Villak zuzendutako bideoklipa kaleratu dute. Ikus-entzuneko pieza NAIZen soilik ikusi daiteke primizian. Aguraingo musikaren eszena aldaketa ere irudikatu dute hein batean gisa honetara, nahiz eta batzuk zein besteek beren tokia duten.

Modus Operandi taldearen ‘Atzo/Gaur’ diskotik hartutako abestia da ‘Ellos dicen mierda’. 2023a bukatzerako osatu zuten disko bikoitza, bost kantu berri eta bost klasiko moldatuta.

Aguraingo La Polla Records taldearen kantu klasikoa da ‘Ellos dicen mierda’ eta beste Aguraingo biko batekin egin dute moldaketa hau, Dupla taldearen ekarpenaz gozatzeko parada izan du Modus Operandik. «Mundua pikutara doa, eta La Polla Records taldeko Evaristo Paramosek bikain azaldu zuen bizi dugun egoera», diote Modus Operandikoek.

Talde nafar-arabarrrak ez du inoiz autotunea erabili, kantu honetakoa izan da estreinako aldia. «Esan daiteke 80ko hamarkadan punka izan zena, orain toki hori trapak hartu duela. Trapetik abiatuta rocka, rapa eta punkera bideratu da hala abesti mitikoa», diote taldekideek. Josu Ervitiren estudioan grabatu zuten diskoa eta, orain, bideoklipa, Iker Villak zuzendu du.

Ostegun honetan bertan, martxoak 21, zuzenean arituko da Modus Operandi taldea Donostiako DabaDaba aretoan Maloa Brothers taldearekin batera. Kantu hau eta disko berriko kantuak zuzenean entzuteko aukera izango da, beraz, asteburu atarian.