«Zurrunbilo batek irentsi nau»
Pello Reparazek (Arbizu, 1990) duela bost urte abiatu zuen ZETAK, «elkarrekin berotzen den lan-talde bat». Eta hori da Nafarroa Arenan ikusi zenaren funtsa. Fikzioa zirudiena errealitatera ekarri eta dena nafartasunetik eta euskaratik. Emaitza? Hausnartzeko betarik eman ez duen zurrunbiloa.

ZETAK taldearen lehen abestiak, duela bost urte, hala zioen. ‘Hi Pello, ze ostiya?” Zer gertatzen ari da?
Ez badidazu zuk esaten, ni ez naiz oso gai erantzuteko. Zaila da hau deszifratzea eta sentitzen dut behar dudala denbora bat pasatzea ulertzeko jazotzen ari den guztia hau. Ez dut sekula halakorik bizi, ez nekien kontzertu batek halako inpakturik izan zezakeenik ere. Berria da hau hainbeste aspektutan eta zaila da hau nolabait deszifratzea.
Aurreikusten zenuten?
Egin dira maila honetako, hainbeste jende elkartu duten kontzertuak, egin dira Euskal Herrian. Lan asko egin dugu, maitasun handiz prestatu dugu show-a, bizitza eskaini diogu azken hilabeteetan. Eta espero zitekeen inpaktua izatea. Kontua da norainokoa izan den inpaktu hori. Ni zurrunbilo batek irentsi nau emankizuna eta gero, eta hor hasi naiz ikusten agian beste zerbaitetaz ari garela.
Baina promoan ere esaten zenuten: «Ez da kontzertu bat»
ZETAKen ideosinkrazian dago gauzak zalantzan jartze hori. Zer espero da gurea bezalako proiektu batengandik? Kontzertu bat. Ba saia gaitezen beste zerbait egiten. Zorionez horrek bestelako leku batzuetara eramaten gaitu, ez hobeak, ez okerragoak, baina maiz ezberdinak. Harro gaude eta hortik jo nahi dugu.
Honela hasi ginen ‘Mitoaroa’ prestatzen. Beti esan dugu ZETAK proiektu artistiko multidisziplinarra dela eta ari gara hori paperetik harago errealitatera eramaten.
«“Aralarko dama’ idatzi nuenean zerbait aurkitzearen sentsazioa izan nuen. Orduan esan genuen, nola litzateke ‘Aaztiyen’ kontzertu batera baino bestelako ikuskizun mota batera eramango bagenu?»
Egingo dugu hilabete batzuk atzera. Nola jaiotzen da ‘Mitoaroa’ egiteko ideia?
Sinesten dut ‘Aaztiyen’ diskoarekin norabait heldu garela. Etengabeko bilaketa prozesua da ZETAK. Nahiko engorrosoa den prozesuan maiz ez duzu aurkitzen «ah! Heldu naiz hona!» Baina ‘Aaztiyen’-ekin bai. Zerbait gertatu zen. Abesti guztietan zeuden printzak, unibertso bat ari zen sortzen, mitologia asko…
Halako batez, ‘Aralarko dama’ idatzi nuenean, sentitu nuen bai sonoritate, bai iruditegi aldetik, bai istorio aldetik, bazegoela beste zerbait. Zerbait aurkitzearen sentsazioa izan nuen. Basoan zoazenean bezala oinez aurrera, zer aurkituko duzun ez dakizula, deskubritzen zoaz eta halako batez zelai moduko batera iritsi eta hara! Hasten zara gehiago inbestigatzen eta ezagutu duzun hori gehiago ezagutu nahian. Orduan esan genuen, nola litzateke ‘Aaztiyen’ kontzertu batera baino bestelako ikuskizun mota batera eramango bagenu?
Abesti bakoitza bereziki jantzita eta landua aurkeztu zenuten. Baina nola prestatu zen Pello Reparaz?
Jende asko ari da lanean proiektuan eta kontuan hartuta ahotsa eta proiektuaren buru naizela, erabaki nuen Eguberritan isolatzea. Ez dut familiarekin bazkaldu, ezta lagunekin ere, eta egun berezi horiek bakarrik etxean pasa ditut. Sentitu dudana da egin beharra nuela, bermatzeko. Nahiko bakartiak izan dira egun horiek, baina oso enfokatuta izan naiz.
Bakardadetik 30.000 lagun biltzera.
A zer kontrastea!
Kontrasteak, Vendetta, Arrasate, Erramun… Emozio gymkana bat izan zen.
Era nahiko naturalean sortu dira kontu hauek guztiak. Kontzertuari dagokionez bai, erabaki oso estrategikoak hartu dira, hari bat dago, emozio zehatzak landu hemen, gora, behera… Hori dena neurtuta dago. Baina parte-hartzaileena era naturalean sortu da.
Erramun ez dago gurekin biran etortzeko, baina noizbait gertatu beharra zuen. Ez da egin ‘Itzulera’ abestiak izan duen inpaktuarekin. Maixux eta alabak ba, atera berri dugu abestia. Vendettako lagunak. Banan-banan deitu eta denek eman zuten baiezkoa. Horrek betetzen nau. Gauza ederra da.
«Nafartasunetik euskararen aldeko aldarrikapen zuzena egin genuen eta Jagoba Arrasaterekin berretsi»
Eta Arrasateren sorpresa.
Harremana dut, baina ez gehiegi. Baina hor hasi nintzen sinesten proiektuak, Mitoaroak, Nafarroan izan zezakeen pisu sinbolikoa, izanik ZETAK proiektu nafarra, euskaraz abesten duena, Nafarroa Arenan… Ba Nafarroan euskararen normalizazioaren alde halako aportazioa egin duen Jagoba bat eta jakinik bertsoak egiteko eta botatzeko duen gaitasuna, zergatik ez? Gure nafartasunetik euskararen aldeko aldarrikapena egiteaz gain, zergatik ez berretsi.
Agerian da ikusleen barrenak mugitu zenituela. Zureak ere?
Nahiko intermitente, egia esan. Badira showaren parte batzuk teknikoki eta performatikoki oso exigenteak direla eta momentu horietan ikaragarri kontzentratuta nago eta ez naiz gai jazotzen ari dena perspektiba orokorrago batetik sentitzeko. Baina beste batzuetan… Adibidez, Erramun heldu beharra nuen ‘Xalbadorren heriotzean’ abesten ari zenean, eta zer esan! Nolako intentsitatea, erokeri hutsa!
Euskara. Ez al ginen kontziente euskaraz horrelakoak sortu zintezkeenik?
Ni ere ez nintzen kontziente. Nahi gabe deskubritu dugu hori ere egin daitekeela. Paperean, asko amesten du batek. Asko irakurtzen dut eta fikzioa irakurrita sartzen zara paperean. Gero heltzen zara bilerara eta zure «movida» hori batzuetan ongi hartzen da eta bestetan ez. Elkarrekin berotzen den lan-talde gazte eta gogotsua dugu eta fikziotik zetozen hainbat proposamen egingarri bilakatu dira.
Hondar politikoa ezin uka.
Horretan sinesten dut. Jagobarena aipatzen nuenean ere hortik nihoan. Badakigu nolakoa den hau. Kolpe-kolpetik euskaraz abesten duzunean Nafarroan, gonbidatu horiek hartzeko hautua egiten duzula edo aldarrikapen zuzenak egiten dituzularik, nahiko premeditatua dela esan dezakegu ZETAKen kutsu politiko hori.
Ikusi al duzu emanaldia?
Ez osorik. Ez dut betarik izan. Hainbat arazo tekniko izan genituen. Jakin nahi nuen zer-nolako erreperkusioa izan zuten horiek emaitza finalean. Baina momentu egokira itxoiten ari naiz fundamentuz ikusteko eta nire konklusioak ateratzeko. Eta ikasteko ere hortik. Beno lehendabizi disfrutatzeko ere.
Halakoen osteko «hutsunea» askotan entzun da.
Egia da proiektuaren kudeaketan orokorrean, badirela momentu batzuk, erabakiak hartzera bidean, adibidez, bat bakarra izatea, azken hitza duen hori, abantaila dela, besteak oso kontutan hartzen ditudan arren. Baina bestalde, batzuetan nahiko bakarrik sentitzen zara proiektuaren prozesu ezberdinetan. Agian artista handiagoek sentitzen dute halako hutsunea bestelako faktorerengatik, ez dakit, niri eskapatu egiten zait. Zorionez kontzertua amaitu eta familia nuen han, lagunekin egon nintzen, herri ezberdinetatik gurekin parte hartzera etorri zirenekin... Eta orduan ba beno bakarrik sentitzetik nahiko urrun egon nintzela esan beharra dut.
«Lehen espektatiba bazen, baina bagenuen horien alturan egon zitekeen ikuskizunik, bagenituen hainbat karta gordeta. Baina orain presioa erabatekoa da»
Eta hemendik aurrera ere hutsunetik gutxi. Ilunben betekada hirukoitza.
Bai. Bai, bai, bai. Hitz lodiak dira hauek. Lehen espektatiba bazen, baina bagenuen argi eta garbi esku artean espektatiba horien alturan egon zitekeen ikuskizunik, bagenituen hainbat karta gordeta. Baina orain presioa erabatekoa da. Gogoz helduko diogu. Ebakuntza daukat hurrengo astean. Aste batzuk pasatzea eta hasiko gara berriz buru-belarri.
Eta Ilunbetik harago, nola dator urtea?
Bira amaiera gisa planteatu genuen eta orain ba "mamotreto" bilakatu da. Eta uste dut urtea birplanteatzeko asmoa dagoela. Egia da ezin izan garela oraindik fundamentuz eseri, zurrunbiloan gaude eta. Urtea mugitua izango da, baina bai, oso, oso serioski hartu nahi dugu Ilunbekoa.
Imajina dezaket burua ez dagoela geldirik egoteko, baina deskonektatu eta atsedenerako beharrik ez duzu?
Erabatekoa. Erabateko beharra daukat, erabatekoa. Esperantza daukat, aipatu dudan ebakuntza horrek behartuko nauela hor botata eta geldirik samar egoten. Nire burua ez da gelditzeko erraza den horietako bat. Eta horrek ez du behar fisikoki mugitu, baina saiatu behar naiz lasai egoten, asko irakurtzen. Pelikulak ditut ere pendiente eta geldi-geldi belaunak uzten badit herrian ere txakurrarekin ibiltzeko, bueltaka, lagunekin egoteko gogoa daukat.

¿Quiénes son los grandes actores de la inteligencia artificial en el mundo?
40 Minutu Rock jaialdian aurkeztuko du ‘Amaineman’ estreinako diskoa Sünek

Musk lidera un grupo que ofrece 97.400 millones por OpenAI y el jefe le responde con sorna

Benito Lertxundi 7K-n: «Herri honek behar du osatu, jabetu zer geratu zaion atzendua»
