NAIZ

Agortu dira ZETAK Ilunben ikusteko zita hirukoitzeko sarrerak

ZETAK taldeak iragarri duenez, ez dago sarrerarik irailaren 5, 6 eta 7an ‘Aaztiyen’ biraren amaierarako Ilunben antolatutako zita hirukoitzerako. Lehen bi egunak sarrerak salgai jarri bezain laster agortu ziren, eta azken egun horretakoak ere astearte honetan amaitu dira.

Pello Reparaz, Nafarroa Arenako emanaldian.
Pello Reparaz, Nafarroa Arenako emanaldian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Nafarroa Arenako ‘Mitoaroa’ ikuskizunaren osteko fenomeno soziala ez da amaitu. ZETAKen ‘Aaztiyen’ bira amaierarako Donostiako hitzordu hirukoitzerako sarrerak agortu egin dira. Lehen hitzordurako, irailak 6, sarrerak kolpe batean saldu ziren salgai jarri eta berehala. Bigarren eta hirugarren kontzertuak iragarri zituen orduan talde nafarrak eta hauetarako ere, dagoeneko, ez dago sarrerarik, taldeak berak iragarri duenez.

Pello Reparazek, proiektuko ahots eta buruak, honela erantzun zuen NAIZekin egindako elkarrizketan, gertatzen ari zenaren inguruan. «Ez badidazu zuk esaten, ni ez naiz oso gai erantzuteko. Zaila da hau deszifratzea eta sentitzen dut behar dudala denbora bat pasatzea ulertzeko jazotzen ari den guztia hau».

Baina zurrunbilo horren baitan, zita hirukoitz horretarako buru-belarri jarriko direla lanean nabarmendu zuen. «Hitz lodiak dira hauek. Lehen espektatiba bazen, baina bagenuen argi eta garbi esku artean espektatiba horien alturan egon zitekeen ikuskizunik, bagenituen hainbat karta gordeta. Baina orain presioa erabatekoa da. Gogoz helduko diogu. Aste batzuk pasatzea eta hasiko gara berriz buru-belarri».

Donostiako kontzertu hau ez da ‘Mitoaroa’-n ikusitako gauza bera izango, baina honako honetan ere Zetak ez da bakarrik egongo oholtza gainean. «Oraingoan Euskal Herri osoko inauteriak biltzeko asmoa dute: Lapurdiko kutilun, Abanto Zierbenako hartza, Zuberoako zamaltzain, Altsasuko maskaritak, Lantzeko Mielotxin eta Ziripot, Lizarrako palokia eta beste hainbatekin batera burutuko dute kontzertu magiko hau», adierazi zuten ZETAK taldeko kideek.