NAIZ

Elkarrizketa sistemak garatuko dituen egitasmo bat koordinatzen ari da EHU

Adimen Artifiziala oinarrian duen ‘Crystal’ egitasmoa Horizon Europe programaren baitan kokatzen da, eta bost unibertsitatek eta bost enpresak osatzen dute lantaldea. EHUko irakaslea den Ines Torres da koordinatzailea. Proiektuaren xedea da aplikagarriak izango diren elkarrizketa sistemak garatzea.

‘Crystal’ proiektuaren talde argazkia, Ines Torres erdian dagoela (urdinez jantzita).
‘Crystal’ proiektuaren talde argazkia, Ines Torres erdian dagoela (urdinez jantzita). (EHU)

Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) ‘Crystal’ egitasmoa koordinatzen ari da, zeinak pertsonentzat eta enpresentzat benetan baliagarrriak diren elkarrizketa sistemak garatzea helburu duen.

Lantaldeak ohar baten bidez kontatu duenez, alde batetik sistema autonomoak garatzea du xede, hau da, «pertsona ahulei laguntza emozionala ematen dietenak, eta bezeroari arreta emateko eta kontsultari erantzuteko zerbitzuen bidez laguntza aurreratua ematen dietenak». Horretarako, Adimen Artifiziala erabiliko da. «Proiektu honek arreta jartzen du zerbitzua enpatikoa, erakargarria, zehatza eta eraginkorra izan dadin», azaldu du EHUk. Horregatik, elkarrizketa ereduak eta sistemak garatuko dira, zeregin zehatzetara egokitzeko ikaskuntza estrategia berriak proposatuz.

‘Crystal: Laguntza emozionalerako eta bezeroari laguntzeko elkarrizketa sistemak’ da proiektuaren izen osoa, eta Horizon Europe programaren baitan kokatzen da. 2024ko azaroan hasi ziren garatzen eta lau urteko epea izango du. EHUrekin batera beste lau unibertsitate eta bost enpresa arituko dira lanean: Granadako Unibertsitatea, Irlanda iparraldeko Ulster University, Italiako Universitat Luigi Van Vitelli eta Austriako Management Center Innsbruck; eta Intelligence Voice, Pnuema Health, Apptek, Smarted eta Caser Residencial. Proiektuko kide bakoitzak bere esperientzia ekarriko du.

Helburu zientifikoa da pertsonak ardatz dituen diseinuan praktika hobeak garatzea, erabiltzaileen, profesionalen eta enpresen eskakizunak eta beharrak beteko dituzten elkarrizketa sistemak garatzeko. Gainera, elkarrizketen analisi bat lortu nahi dute, ikerketaren eta enpresaren helburuetarako informazio erabilgarria ateratzeko.

Metodologiari dagokionez, Adimen Artifizialean oinarritutako teknologia ikertu eta inplementatu nahi dute, elkarrizketa sistemak garatzeko, berariazko zeregin bakoitzean eredu optimizatuak eta eraginkorrak erabiliz.

Azkenik, pertsonek Adimen Artifizialarekin duten interakzioak, teknologiaren onarpena eta adopzioa ebaluatu nahi dituzte, erabiltzaileek teknologia hori hainbat kasutan onartzeko edo aukeratzeko dituzten motibazioak hobeto ulertu ahal izateko.

Bilbon azaroaren 4 eta 5ean egin zen ekitaldi baten ostean eman zituzten egitasmoaren lehen pausoak. Ines Torres irakaslea eta pertsona-makina interakzioan eta Adimen Artifizialean aditua da koordinatzailea. Irlanda iparraldeko Pneuma Healthcare enpresan egonaldia egin du bertako profesionalak entrenatzen eta adituetaz ikasten. Bertan, ahotsa eta hizkuntza tratatzeko eta aztertzeko teknologia berriak lantzen dituzte, enpresetan aplikatzeko.