Juan Luis Mugertza

Samarkandako Registan plaza, dotore, distiratsu eta alai

Uzbekistan oso herrialde gaztea da. Sobietar Batasunarekiko lotura hautsi ostean, 1991n, independentzia aldarrikatu zuen. Kokapen estrategikoa ezinbesteko pasabide izan zen Europa eta Asia artean merkataritza egiten zuten karabanentzat. Egun, Erdialdeko Asiako bizilagun gehien dituen herrialdea da.

Plazan dauden hiru madrasetako baten fatxada.
Plazan dauden hiru madrasetako baten fatxada. (Juan Luis MUGERTZA)

Tashkentetik, Uzbekistango hiriburutik, Samarkandara joateko aukerarik onena abiadura handiko trena da. Ospetsuenak Afrosiyob izenekoak dira; 250 km orduko hartu ohi dute. Prezioak merkeak dira eta sarrerak oso erraz eros daitezke interneten. Uzbekistan Railways-en webgune ofizialean erregistratu besterik ez duzu egin behar  ibilbide, prezio eta tren mota guztiak aurkitzeko. Tashkenten lo egin genuen hoteletik tren geltokira joateko metroa erabili genuen. Oso garraiobide azkarra, merkea, erosoa, eta ederra da. Gainera, geltoki asko errusiarrek utzitako irudi ederrez daude apainduta.

Behin Samarkandan zaudela, komeni da hartutako hotela Registan plazatik gertu egotea. Izan ere, egunero, bere dotoreziak bultzatuta, behin baino gehiagotan joango zara bertara. Egun argitan jantzitako soinekoak gazteagoa egiten badu ere, gauean apaindutako argi proiekzioak eta soinu ikuskizunak sekulako dotorezia eman ohi diote Registan enparantzari. Gainera, kontzertu, ospakizun eta ekitaldi garrantzitsu asko bertan egiten dira. Hori dela eta, turista asko joaten dira egunero.

Ezkontza asko ospatzen dira plazan. (Juan Luis MUGERTZA)

Registan plaza, argazkien kliska

Bertan hiru madrasa daude: Ulugh Beg (1417-1420), Sher-Dor (1619-1636), eta Tilya-Kori (1646-1660). Dirudienez, XV. mendearen hasieratik XX. mendearen hasiera arte,  herri-exekuzioak egiten ziren plazan, eta odola hobeto xurgatu eta ikus ez zedin, hondarra zabaltzen zuten lurrean. Hori dela eta, eremuari Registan esaten zitzaion («reg»-harea eta «stan»-lekua). Horiek aspaldiko kontuak direlarik ere, egun, bisitatzen dutenek oroimenean irudiak gordetzeaz gain, arropa tradizionalez jantzitakoei eta ezkontideei argazkiak egiteko sekulako aukera izango dute bertan eta inguruetan.

Tubeteika, Erdialdeko Asiako musulmanen kapela

Uzbekoen jantzi tradizionalaren elementu nagusietakoa da tubeteika. Nahiz eta emakumeek, gizonezkoek eta umeek jantzi, adineko emakumeek ez dute erabiltzen. Erdi Aroan, musulman fededun batek leku publikoetan txapel hori gabe egotea debekatuta zuen. Gaur egun, ez da oso ohikoa, egunerokoetan, jendea jantzita ikustea, ez baldin bada familia eta erlijio ospakizunetan. Gizon eta emakumeen tubeteikak modu ezberdinean daude apainduta. Gizonezkoenak bi koloretakoak badira; emakumeenak, berriz, kolore anitzetakoak. Kasu berezietan, urrezko diseinuez eta brodatuez daude apainduta. Uzbekistango eskualde bakoitzak bere kapela du, eta tamaina eta diseinu ezberdina ditu.

Oso bitxia da «laguna» izena izatea bertan dastatutako ardo batek. (Juan Luis MUGERTZA)

Fatikha-Tui, konpromisoaren aspaldiko tradizioa

Samarkandako Registan plaza ezkontzen paradisua da. Bertan egindako egunetan, eztei batzuk ikusi genituen. Hasiera batean, argazkiak egiteko erreparua izan baldin bagenuen ere, ezkonberrien irribarreek inolako trabarik ez genuela, argi eta garbi, adierazi ziguten.

Uzbekoen kulturan ohitura eta erritu interesgarri asko daude. Horietako bat ezkondu aurretiko Fatikha-Tui izeneko konpromiso zeremoniarena zen. Antzina, mutiko bat adin egokira iristen zenean, senide, bizilagun eta lagunak emaztegai baten bila hasi ohi ziren. Hori bai, behin neska hautatzen zutenean, senargaiaren izebak edo bere ama neskaren gaineko informazioa izaten saiatzen ziren: non hazi zen, duina ote zen, gurasoak nortzuk ziren… Emandako argibideek senargaiaren gurasoen nahia betez gero, bikotekidea azkar bidaltzen zuten neskaren etxera. Gaur egun, uzbeko gehienek euren bikotekidea aukeratzeko aukera dute, nahiz eta gurasoen iritziak zer esan handia duen, batez ere, Uzbekistango landa eremuetan.

Emakume bat plazan. (Juan Luis MUGERTZA)

Uzbekoen janaria eta edaria

Uzbekistan ez da leku txarra jateko, bereziki okela gogoko baduzu. Arkumea, txahala eta oilaskoa Uzbekistango gastronomiaren protagonistarik handienak dira, entsaladak, zopak, buztinezko labean egindako ogia, gazta, eta fruitu lehorrak, baztertu gabe. Azken hauek, sarri askotan, gosarietan jarriko dizkizute eta merkatu guztietan ikusiko dituzu. Kalitate onekoak dira, eta, gainera, oso merkeak. Halarik ere, plater bakar bat aipatu beharko bagenu, Uzbekistango Plov arroza azpimarratu beharko genuke. Elkarretaratze eta ospakizunetan jaten badute ere, jatetxe askok ere badute ohiko menuan. Normalean arkumea edo behi-haragia erabiltzen da. Oliotan gorritzen da, eta jarraian, tipula eta azenarioak salteatu, samurtu eta karamelizatu egiten dira. Ondoren, arroza zuzenean lapikora botatzen da urarekin edo egosteko saldarekin batera. Dena, poliki-poliki, irakiten dagoelarik, zaporeak primeran nahasten dira, eta sekulako plater ederra da.

Edariari dagokionez, tea ezinbestean aipatu behar. Bertakoen edari nazionala da, eta edozein unetan eta lekutan edaten dute, baita bazkarian edo afarian ere. Heldulekurik gabeko ontzi txikietan lagunduta teontzietan zerbitzatzen da. Uzbekistan herrialde musulmana bada ere, normalean ez dago arazo handirik garagardoa eta bestelako edari alkoholdunak hiri turistikoenetan aurkitzeko, tartean, ardoa ere. Uzbekistan Erdialdeko Asiako ardo ekoizle nagusia da, eta ardo gorria, lehorra, eta gozoa ekoizten ditu. Oso bitxia izan zen ikusitako, eta dastatutako ardoetan, batek «laguna» izena izatea.