NAIZ

Never Surrender, Autobus Magikoa eta Buitraker: Hatortxuk hiru itzulera iragarri ditu

Euskal Herriko hiru talderen itzulera iragarri ditu Hatortxuk. Lehena Iruñeko Buitraker izan da, 19 urteren ostean eszenatokietara bueltatuko dena Lakuntzako jaialdian. Bigarrena, Autobus Magikoa, NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan aurreratu dutenez. Never Surrender bandak osatu du hirukotea.

Audio_placeholder

Never Surrender, Autobus Magikoa eta Buitraker: Hatortxuk hiru itzulera iragarri ditu

Loading player...
Buitraker Hatortxurako prestatzen ari da lokalean.
Buitraker Hatortxurako prestatzen ari da lokalean. (Hatortxu Rock)

Never Surrender, Buitraker eta Autobus Magikoa taldeak eszenatokietara itzuliko dira Hatortxu Rocken, uztailaren 24tik 27ra Lakuntzan eginen duten agur jaialdian. Honela iragarri du jaialdiak astearte honetan.

Zita errepikaezin bat antolatzeko lanetan ari dira Hatortxu Rockeko kideak, abenduan Atarrabiari agur esan ostean. Azken edizio horretan eskaintza berezi bat taularatu nahi du elkartasun jaialdiak eta, beste batzuetan egin bezala, hainbat talde berreskuratuko dituzte. Eta gaur eman dute hiru izen hauen berri. Hala ere, «gaurkoan iragarritako itzulerak ez dira azkenekoak izanen, ezta gutxiagorik ere», adierazi du antolakuntzak.

Buitraker

Buitraker, 2000 urtean, lan berria aurkezten. (Joxe Lacalle / FOKU)

Lehena Buitraker izan da. Iruñeko euskal musika taldea izan zen, 1992an sortua, rock eta metal musika jorratu zuten, baina soinu elektronikoek eman zieten nortasuna, ‘FMI’ bezalako abestiak askoren ereserki bihurtzeraino. 2006ko azaroaren 7an igo ziren eszenatoki batera azkenekoz eta orain Hatortxuri «agur» esateko elkartu dira, ia bi hamarkada beranduago.

Taldeko kide den Iñigo Orduñak, albistea ezagutzera eman eta gutxira, honela idatzi du bere sare sozialetan. «Konfirmatu egiten dut. Uda honetan itzuliko gara eta Nafarroako jaialdirik handienean eta garrantzitsuenean joko dugu (jo, hitz egiteko modu bat da). Eta, esan dudan bezala, "erdipurdikoak bakarrik itzultzen dira"».

Autobus Magikoa: «Ezin ezetz esan»

Aipatu moduan, bigarren itzulera Autobus Magikoa talde oiartzuarrarena izango da. Taldeko Gotzon Retegi izan da astearte honetan NAIZ Irratian eta bertan eman du albistea. «Polita izan zen herrian bukatzea. Hiru urte izan ziren, baina oparoak. Lepo ibili ginen». Sareko erreprodukzioei so eginda, argi dago batek baino gehiagok pozez hartuko duela itzulera honen albistea. Hilero, Spotifyn, esaterako, 24.700 entzule ditu talde gipuzkoarrak. «Bai, harrituta nola jendeak jarraitzen duen entzuten».

2015ean sortu zuten taldea eta 2017an ‘Musker’ lana kaleratu zuten. Gipuzkoan fenomeno bihurtu ziren urte horietan euskal reggae musika ardatz zutela eta azken kontzertua 2018ko martxoan jo zuten, Ernai gazte antolakundeak Oiartzunen egindako Gazte Akelarrean.

Duela hamarkada bat «ahoz-ahoko marketina» izan zen gakoa, Retegiren hitzetan eta orain Hatortxun izango dute eszneatokia. «Aspalditik genuen presio hori, 10. urteurrenarekin. Eta Hatortxuren azken edizioarekin koinziditzen du. Ezin ezetz esan. Aukera zabaldu ziguten eta ezin ezetz esan».

Talde gisa Hatortxun sekula egon gabeak dira Autobus Magikoko kideak eta itzulera hau nola gauzatu den azaldu du NAIZ Irratian. «Haiek hurbildu ziren gure itzuleraren desira horrekin edo fantasia horrekin, hobe esanda. Errespetu eta harrotasun keinu bezala hartu genuen, egia esan». Eta beste bi albiste ere utzi ditu Retegik: hasierako formazioarekin itzuliko dira «baina sorpresatxoren batekin» eta Oiartzunen, etxean, beste emanaldi bat ere prestatuko dute, oraingoz datarik gabe.

Never Surrender

Hirugarrena, aldiz, eta gaurkoz azkena, Hatortxuren sare sozialen bidez iragarriko dute. Never Surrender Arrasaten sortu zen, 2002 urte hasieran, eta punk-oi estiloa jorratu zuten luze eta zabal. Lehenengo kontzertua urte hartako azaroan eman zuten. Azkena, berriz, 2019an. Sei urteren ostean, Lakuntzan itzuliko dira.

Hiru talde hauek dagoeneko ezagunak diren lehen 10 izenei batu zaizkie. Urtarrilaren hasieran aurreratu zuten kartelaren lehen lagin bat: Bulego, Nøgen, Tatxers, Skabidean, Streetwise, Banda Bassotti, Gozategi, Eñaut Elorrieta, Los Zopilotes Txirriaos eta Betagarri.

Jaialdiko sarrerak salgai daude, Hatortxu Rocken webgunearen bidez. Oraindik, izen hauetaz gain, xehetasun handirik ez den arren, festibalak aurreratu du musika eta elkartasunez jositako lau egun eta lau gau izango direla Sakanako herrian. 2017an Lakuntzan bertan egin zuten 20. edizioa eta orduan hainbat gune desberdin, tartean NAIZ Gunea, kanpina eta, musikaz harago, egitarau zabala osatu zuten.