Aldaketa klimatikoak hilekoan ere badu eragina
Gutxi ikertutako afera da, emakumeei eragiten dion beste edozein adina; hala ere, badaude zantzuak ondorioztatzeko muturreko beroak eragin negatiboa duela hilekoa duten pertsonengan. Besteak beste, mina eta odoljarioa areagotu eta amenorrea eragin ditzakeela ondorioztatu dute hainbat zientzialarik.

Muturreko beroa ez da osasungarria, jakina da hori, ikerketa zientifikoen beharrik gabe ere. Kalte egiten dio osasunari eta bereziki eragiten die haur txikiei eta edadetuenei, zenbaitetan, heriotza eragiteraino. Bestelako neurri batean bada ere, hilekoa duten pertsonei ere eragiten die azken aldian ia ohiko bilakatu zaigun muturreko beroak; izan ere, eragina du ziklo menstrualean eta haren sintometan, besteak beste. Ebidentzia zientifikoa, hala ere, ez da zabala, gehiegi ikertu gabeko alorra baita. Edonola ere, esan genezake aldaketa klimatikoa eragiten ari den askotariko efektuen artean dagoela osasun menstrualaren gainean duena.
Iraia Garcia Santisteban EHUko irakasle eta ikertzaileak azaldu duenez, deskribatuta dago ziklo menstrualean gorputzaren tenperatura aldatu egiten dela: «Hori aspalditik dakigu, gure fase proliferatiboan daukagun tenperatura bat da, eta obulatu ostean, progesterona askatzen denez, tenperatura igo egiten da gradu erdi, gutxi gorabehera». Hain zuzen ere, informazio hori jende askok baliatzen du haurdunaldiak bilatu edo ekiditerako orduan.
Tenperatura oszilazio horiek gorputzaren barruan badaudela baieztatu dezakeen arren, Garciak aitortu du ebidentzia eskasagoa dela kanpo tenperaturak eragin ditzakeen ondorioen inguruan. «Eragina badagoela deskribatuta dago», adierazi du, hala ere.
Baina etorkizunean gehiago garatu daitekeen ikerketa lerro bat dela uste du. Izan ere, azken urteetako udak inoizko beroenak eta luzeenak ari dira izaten eta tenperaturek goranzko joerei eutsiko diete; hori dela eta, litekeena da deskribatu diren eragin horiek areagotzea eta, horrela, ikerketa lerro berriak zabaltzea.
Horretarako, ordea, ziklo menstrualak dituzten pertsonek eragin horren kontzientzia hartu eta medikuarenera jo beharko lukete. Garciak argi ikusten du oztopoa: oro har, sintomak muturrekoak ez badira –eguneroko bizitza ezinezko egiteraino–, pazienteak ez dira ginekologoarenera joaten.
Hala ere, azaldu du ikusi ahal izan dutela hilerokoak ematen duen mina areagotzen dela muturreko beroaren ondorioz, eta, kasu batzuetan, amenorrea eragiten duela, hots, hilerokorik eza. Horiek horrela, Garciak azaldu du aztertzeko subjekturik ezean, zaila dela ikertzaileek ildo horri jarraitzea.
Hipotesia, ordea, egon badago. «Hilekoa kontrolatzen duena ardatz neuroendokrinoa da, hau da, hipotalamoa, hipofisia eta obulutegiak zeharkatzen dituen ardatz hormonala. Azken finean, obulutegiak dira azken erantzuleak eta hormonak askatzen dituztenak», azaldu du Garciak. Ardatz horretaz aparte, ikertzaileak dioenez, badago beste bat «hipotalamoa, hipofisia eta giltzurrunen gaina zeharkatzen dituena» eta erantzuten duena, besteak beste, estresaren aurrean. «Beroak estres fisiologikoa sortzen duenez giltzurrun gaineko ardatzak kortisola jariatzen du eta obulutegietara doan ardatzarekin elkarreragina dago; beraz, hor gertatu daiteke zerbait», gaineratu du. Alegia, elkarri eragiten diotela jakin badakite zientzialariek, baina, horretaz gain, ezer gutxi gehiago.
Genero arrakala
Ez da kasualitatea ziklo menstruala, orokorrean, eta muturreko beroak harengan duen eragina, bereziki, ia ikertu gabeko alorrak izatea. Izan ere, emakumeak dira, batez ere, hilekoak dituztenak eta, duela hamarkada gutxira arte, gizonezkoak ziren ikerketen buru.
«Betidanik, ikerketa lerroen buruak gizonak izaten ziren eta ikerketa horiek, ondorioz, guztiz androzentristak», baieztatu du Garciak, zalantza izpirik gabe. Horren harira, hau gaineratu du: «Ikertu diren gaixotasunak izan dira gizonei eta emakumeei eragiten dietenak edo gizonei bakarrik eragiten dietenak».
Izan ere, adierazi du 1990era arte emakumeak ez zituztela entsegu klinikoetan sartzen, ziklo hormonalak ikerketak “konplikatzen” zituelako. Jarduteko modu horren adibide gisa jarri du duela gutxi argitaratu zen berria, menopausiari buruzko ikerketa baterako arratoi arrak erabili zituztela plazaratu zuena. Hala ere, Garciak uste du gaur egun ikertzaile kopuruan genero arrakala ez dela horrenbestekoa.
Hala moduzko neurriak
Ebidentzia gutxi badago muturreko beroak ziklo menstrualean izan dezakeen eraginaren inguruan, are gutxiago ondorio horiek kudeatzeko baliabideei buruz.
Dauden ikerketa urriek azaleratu dutenez, eragin horien artean daude odol isuriaren eta minaren areagotzea, zikloaren iraupenean aldaketak, bestelako sintomak intentsitate handiagokoak izatea, bai eta infekzioak ere, beroak eragindako hezetasunak eta higiene menstrualerako produktu jakin batzuen erabilerak sortuak.
Horrela, ondorio horiei aurre egiteko «logikaz» jardutea baino ez zaigu geratzen, Garciak azaldu duenez. «Hidratatzea, toki freskoetan egoten saiatzea, loa kontrolatzea… Finean, zentzua aplikatzea» gomendatu du ikertzaileak, organismoak pairatzen duen estresa ahalik eta gehien murrizte aldera.

Ruidosas memorias del pionero y alternativo punk euskaldun

Aldaketa klimatikoak hilekoan ere badu eragina

Muere Peón Kurtz, fundador del grupo Def con Dos

La campaña de vacunación contra la gripe arranca el lunes en Araba, Bizkaia y Gipuzkoa

