NAIZ

Berdintasunaren aldeko ekintza txiki bakoitzaren ahalmena azpimarratu du Emakumeak Zientzianek

Festa giroan hasi da Emakumeak Zientzianen 9. edizioa. «Ekintza txiki bakoitzak zientziaren berdintasunaren aldeko bidea nola ireki dezakeen» nabarmendu nahi du. 35 euskal erakundek 60 jarduera baino gehiagoko programa zabala antolatu dute datozen egunetarako.

60 jarduera baino gehiagoko programa zabal bat diseinatu du  Emakumeak Zientzian ekimenak.
60 jarduera baino gehiagoko programa zabal bat diseinatu du Emakumeak Zientzian ekimenak. (Mikel Martínez de Trespuentes | FOKU)

100 pertsona baino gehiago elkartu dira ostegun arratsaldean Bilborocken Emakumeak Zientzian ekimenaren 9. edizioari hasiera emateko, ‘Hazia erein’ lelopean, «agerian uzteko nolako gaitasuna duen ekintza txiki bakoitzak zientzian berdintasuna lortzeko bidean».

Ohar batean azaldu dutenez, «eraldatze-hazi txiki horien garrantzia gertutik bizi izan duten» zenbait zientzialari, irakasle, ikasle, erakundeetako ordezkari eta abarren testigantzak biltzen dituen bideo bat ere aurkeztu dute, eta gonbita egin dute «etorkizun parekideago bat eraikitzeko eguneroko ekintzen ahalmenaz hausnartzeko».

Maitena Salinas aktoreak zuzendu du ekitaldia, eta, ondoren, Emakumeak Zientzianen koordinazio taldeak antzezpen bat egin du. Zientzia-hazia emez ernetzeko prozesua irudikatu dute antzezlanean. Emakume eta neska zientzialarien nazioarteko egunaren hamargarren urteurrenean, ekimenak izan duen hazkundea eszenaratu da, 2017an ereindako hazi baten metaforarekin.

Erakunde-talde txiki batekin hasi zena loratzen joan da ekosistema sendo bihurtu arte. «Landatutako hazi bakoitza zientzia inklusiboagoa eta ekitatiboagoa lortzeko urrats bat da. Elkarrekin, aldaketa azkartzen dugu», adierazi dute.

Kanpainaren bideoa ere aurkeztu dute, azpimarratuz nola lagundu dezakeen ekintza txiki bakoitzak berdintasuna lortzeko bidean. Besteak beste, zientzialari, irakasle, ikasle eta erakundeetako ordezkari hauek beren esperientzien berri eman dutei: Celia Rogero, Materialen Fisika Zentroko zuzendaria (CFM CSIC-UPV/EHU), Itziar Astigarraga, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko pediatria-zerbitzuko burua eta Biobizkaiako ikertzailea, Garazi Andonegi, Elhuyar Zientzia Unitateko koordinatzailea, Marta Anza, Botikazar BHIko ikasketa-burua, Naia Martin, Botikazar BHIko batxilergoko 2. mailako ikaslea, Alaitz Landaluze, Innobasqueko berrikuntza-politiken koordinatzaile nagusia, eta Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria.

«Inaugurazio ekitaldi honek hasiera ematen dio programa askotariko eta aberasgarri bati, zeinaren helburua baita emakumeek zientzian duten papera ikustaraztea eta gizarte aberatsago baterantz aurrera egiten jarraitzea”, nabarmendu dute Emakumeak Zientzianeko antolatzaileek.

Emakumeak Zientzian 2025 programa otsailaren 7tik 14rako astean garatuko da. 60 jarduera baino gehiagoko programa zabal bat diseinatu da, EAE osoan zehar, erakusteko kolektibo txikiek eragin eraldatzailea sortzen dutela denboran zehar. «Zientzialari baten lanetik hasi eta neskato batengan pizten den jakin-minaren txinpartaraino, ekarpen bakoitza aldaketa erreal, sakon eta jasangarri bat elikatzen duen hazia da», gehitu dute. Jarduera-programa osoa www.emakumeakzientzian.eus webgunean dago.