
Bakarkako bideari ekin ziola ia hiru urte pasa dira Sünerentzat. MusikHaria saioan aurkeztu digu diskoa eta gogoratu dugu uda hartan sartu ginenean aurkeztu zigula ‘Sunday’ abesti dantzagarria, trikia eta EDMa uztartzen dituen abestia eta handik gutxira Tomorrowland festibal entzutetsuan ere ziztatu zuen Rikki kantuaren ekoizle eta DJak.
Gerora pixkanaka abestiak kaleratuz joan da Süne eta aurreko udazkenean kaleratu zuen disko osoa, ‘Amaineman’. Gauzei bere eran joaten uzteari egiten dio erreferentzia diskoaren tituluak eta gisa horretara aritu da ezbairik gabe Lasturgo musikaria. Horren adibide egin duen estilo nahasketa, elektronika eta trikitia elementu nagusi bezala hartuta, swing balkandarra, punk-popa, pasodoblea, folk unibertsoko abestiren bat, muñeira edota bakarlari akustikoaren ikuspegitik jorratutako abesti bat ere topatu ditzakegu hamabi abestien artean.
Veintiuno Toledoko taldea, Olatz Salvador, Nøgen taldekoak, Huntzakoak, Moonshine Wagonekoak, Keu Agirretxea edota Antia Muiño izan ditu diskoan kolaboratzen. Baita zuzeneko taldera batu zaion Greta Ch’Aska ere.
Madril eta Usurbil artean grabatu du diskoa Sünek, Jimbo Paez ekoizlearekin aritu baita lanean eta haren A Sonido estudioan eta Usurbilgo Haritz Harreguyrenean ibili da abestiekin atzera eta aurrera.
Taldetik bakarkako bidera
«Imaginaziotik gutxi duen kantua» da diskoa zabaltzen duen ‘Kantauri’, Huntza taldekoek parte hartu dutena, omenaldi kantua. «Orain arte lan egiteko modua eta orain dudana ordezkatzen dituen abestia da. Horregatik Huntza garaiko estiloa hartzen duenean trikia entzuten da eta balkandar estiloko bonboa edota Txitxarro gogorarazten duen zati progresibo hori ere badu. Mix bat eegin nahi izan dut aurkezpen eskutitz moduan. Nik melodia eta hezurdura trikitiarekin sortu nituen eta Jimborekin madrilen ideia landu eta garatu nuen gero», kontatu digu Arakistainek. Hortik abiatu eta askoz ere gehiago du diskoak.
Zuzenekoak martxan
Azpeitiko Sanagustin kulturgunean eskaini zuen azken emanaldia Sünek ‘‘Amaineman’’ aurkezteko eta datorrena, larunbat honetan, otsailak 15, 40 Minutu Rock jaialdian izango da. Datorren kontzertu propioa DadaDaban izango da, Donostian, otsailaren 21ean. Azken sarrerak geratzen dira bertarako. Momentuz, iragarri duen azkena, Aian izango da, probalekuan, maiatzaren 10ean. Hiria eta herria, mundu urbanoa eta baserri giroa, denak poltsikoratu ditu Sünek.

«La sílice juega un rol fundamental en la creación de la vida»

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

ETSk Madrilgo Movistar Arena betetzeko erronka hartu du 2026ko apirilaren 25ean

Gatiburen ‘Azken Zoramena’ kontzertua Gernikako San Kristobaleko aparkalekura lekualdatu dute
