NAIZ

Fermin Muguruzaren kontzertua Plateruenan, 40 Minutu Rocken atarian

Fermin Muguruza, Miribillan abenduan eskainitako kontzertuan.
Fermin Muguruza, Miribillan abenduan eskainitako kontzertuan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

40. urteurren biran bete-betean sartuta dagoen honetan, kontzertu berria iragarri du Fermin Muguruzak otsailaren 13rako: Durangoko Plateruenan joko du, 40 Minutu Rock jaialdiaren atariko gisara. Aipatu jaialdia otsailaren 15ean ospatuko da, larunbatarekin, Durangoko Landako gunean. Egun horretan Madrilgo Wizink Centerren izango da musikari irundarra, 10.000 pertsonaren aurrean.

Sare sozialen bidez iragarri du Muguruzak kontzertua, eta zehaztu du Durangorako sarrerak astearte honetan, otsailak 4, jarriko direla salgai, 9.00etan.

 

Musikari irundarrak abenduan ekin zion 40. urteurren birari, lehendabizi Biarritzen anaiaren omenezko kontzertuarekin eta ostean Miribillan eskaini zituenekin. Hamaika urte nazioarteko birarik egin gabe egon ostean, 2025erako mundu mailako egitaraua antolatu eta bere musika ibilbidearen errepasoa egingo zuela esan zuen Muguruzak, Kortatu eta Negu Gorriak taldeekin izandako hastapenetatik hasi eta nazioarteko hainbat musikarirekin egin dituen kolaborazioetaraino.

«Musikaren independentziaren, autogestioaren eta adierazpen askatasunaren garaipena izango da 40 urteko ibilbide hau agertoki baten gainean ospatu ahal izatea, oso kolpatua dagoen belaunaldi batekoa naizela jakinda. Kontzertu hauek guztiontzat bereziak izatea espero dut, musika, dantza eta erreibindikazioaren bidez; oroimen kolektiborako ariketa bat, bizitzaren ospakizun bat eta faxismoaren arbuioa, besarkaden zeremonia bat», adierazi zuen Muguruzak.