NAIZ

Hizkuntza indoeuroparren historiako katebegi galdua aurkitu dute DNA zahar batean

‘Nature’ aldizkarian argitaratutako lan berri batean aztertu dute K. a. 6.400 eta 2.000 urteen artean bizi izandako Eurasia osoko 435 gizakiren DNA zaharra. Ikertzaileetako bat EHUko Iñigo Olalde izan da. 200 urteko galdera baten erantzunera hurbildu dira: zein da hizkuntza indoeuroparren jatorria?

Iñigo Olalde EHUko ikerlariak ere parte hartu du azterlanean.
Iñigo Olalde EHUko ikerlariak ere parte hartu du azterlanean. (EHU)

K. a. 6.400 eta 2.000 urteen artean bizi izandako Eurasia osoko 435 gizakiren DNA zaharra aztertu dute hizkuntzen sustraiak ezagutzeko. Ikertzaileetako bat Iñigo Olalde izan da, EHUko BIOMICs taldeko Ikerbasque Research Fellow eta Ramón y Cajal ikertzailea. ‘Nature’ aldizkarian plazaratu den azterlan honek aurkikuntza interesgarriak ekarri ditu.

Ikerketan ageri denez, Kaukaso-Behe Volgako populazio bat, oraintsu identifikatutakoa, hizkuntza indoeuropardun herri guztiekin lotu daiteke.

Hizkuntza indoeuroparrak 400dik gora dira, eta haien hiztunek munduko populazioaren ia erdia osatzen dute. Talde garrantzitsuak daude beren artean, hala nola germaniera, erromantzea, eslaviera, indo-iranera eta zeltera. Hizkuntza protoindoeuroparretik datoz denak. Historialariek eta hizkuntzalariek XIX. mendetik dihardute hizkuntza indoeuroparren jatorria eta zabalkundea ikertzen, oraindik ere hutsune handia baitago arlo horretan.

Aurretik egindako ikerketa genetikoek frogatua zutenez, Jamna kultura (K. a. 3.300-2.600) —Itsaso Beltzaren eta Kaspiar Itsasoaren iparraldeko estepa ponto-kaspiarretakoa—, K. a. 3.100 urte ingurutik aurrera hedatu zen bai Europarantz eta bai erdialdeko Asiarantz. Horrek azaltzen du ‘estepako jatorria’ agertu izana K. a. 3.100 eta 1.500 urte bitarteko Europa osoko populazioetan.

Estepako populazioaren migrazio horiek eragin handiagoa izan dute Europako gizakien genometan azken 5.000 urteetan izandako beste ezein gertaera demografikok baino, eta uste orokorra da ziurrenik migrazio horien bitartez hedatu zela hizkuntza indoeuroparra.

Ordura arte, estepako jatorririk ageri ez zuen hizkuntza indoeuroparren adar bakarra anatoliera zen, eta haren barruan, hitita. Familiatik lehenik banatu zen adarra izan zen segurutik, eta horregatik gorde zituen beste adar guztietan gerora galdu ziren arkaismoak.

Eragin handiko populazio bat

Artikulu berriak dioenez, aurreko ikerketetan ez zen aurkitu estepako arbasorik hititen artean, eta horren arrazoia da hizkuntza anatoliarren sorburua izan zela orain arte behar bezala deskribatua egon ez den gizatalde baten hizkuntza. Populazio hori eneolitikoa zen —K. a. 4.500 eta 3.500 urteen artean datatu da— eta Ipar Kaukasoko eta Behe Volgako mendien arteko estepetan bizi izan zen. Oraintsu identifikatutako Kaukaso-Behe Volgako populazio hori iturri genetikotzat erabili denean, aro hititaren aurreko edo aro hititako Anatoliako bost gizakik gutxienez agertu dute eskualde horretako arbasorik.

Azterlan berriak erakutsi duenez, Jamna populazioak Kaukaso-Behe Volgako taldean du bere jatorriaren %80 inguru. Brontze Aroko erdialdeko Anatoliako biztanleek ere —hititera hiztunek— beren jatorriaren %10 zeukaten talde horretan. Beraz, Kaukaso-Behe Volgako talde hori indo-anatolieraz mintzo ziren herri guziekin lotu daiteke, eta bera da aukera gehien dituena izateko eskualde horretan K. a. 4.400 eta 4.000 urteen artean indo-anatolieraz mintzo zen herria.