
En Tol Sarmiento taldeak 45.000 pertsona bilduko ditu martxoaren 15ean, 21ean eta 22an, 20. urteurrena ospatzeko BECen emango dituen kontzertuetan. Taldeak emanaldi berezia prestatu du 2025ean Euskal Herrian azken kontzertuak izango direnerako herriko jaietan inspiratuz, «konposizio-geldialdia» hartu aurretik.
Horrela azaldu du ostegun honetan Iñigo Etxezarreta ETSren abeslariak, Bilboko BBK Aretoan egindako prentsaurreko batean. Taldeak hirukoiztuta bete du BECeko Bizkaia Arena. Izan ere, sarrerak duela urtebete baino gehiago agortu ziren, irten bezain pronto. Hiru kontzertu horietan, ETSk bere ibilbidearen errepasoa egingo du, azken diskoen abestiak ahaztu gabe. Guztira, bi orduko emankizuna izango da, 40 modalitate ezberdinetako artista gonbidatu baino gehiagorekin. Hala ere, Etxezarretak ez du izenik eman, baina aurreratu du «gure historian edo herriko jaietan guretzat oso garrantzitsuak izan direnak» izango direla.
Bai jakinarazi ditu zeintzuk izango diren hasierako taldeak: Andoni Ollokoegi pasaitarrak eta Gozategik kontzertu banarekin emango diete hasiera gauei hiru egunetan, ETSren emanaldien aurretik. Gainera, 22rako, jarduera berezia antolatu du taldeak publiko guztientzat BECen 2. pabilioian. «Herriko jai baten berregitea izango da. Hau da, herri baten jaiak simulatuko ditugu fisikoki», azaldu du Etxezarretak. «Herriko jai» honetan, Miren Nogalesek eta Antton Telleriak umorez botako dute txupinazoa; Puro Relajo, Joselu Anaiak eta DJ Bullek musika ipiniko dute, eta herriko kirolak eta haurrentzako jarduerak ere egongo dira. Gune honetara sarrera erosi zuten pertsonek bakarrik izango dute sarbidea.
Hiru kontzertuek «aurrekaririk gabeko hedapen teknikoa izango dute», hala nola 250 m2-ko pantaila bat. Izan ere, 22ko emanaldia EiTBko hedabideek emango dute zuzenean. 21.30etatik aurrera, Xabier Garcia Ramsdenek aurkeztuko du saio berezi bat ETB2n eta, horretaz gain, EiTBko irratien, eitb.eus-en ea Primeran-en bidez ere jarraitu ahal izango da. Nobedade moduan, EiTBk lehen aldiz eskainiko du musika-kontzertu bat 4K formatuan.
Nahiz eta kontzertu horien ostean taldeak «konposizio-geldialdia» hartuko duen, Etxezarretak azaldu du hori ez dela ETSren agurra. «Bere garaian, berria atera genuenean, bagenekien lehenengo aldiz 20 urtetan taldeak gelditu egin behar zuela. Urtebete pasa da, eta momentu honetan esan dezakeguna da 2025ean ez dugula Euskal Herrian kontzerturik emango», esan du, baina aldi berean ziurtatu du inoiz ez dutela esan «taldeak utziko zuenik; jotzeko gogoz jarraitzen dugu».

Rozalén y Fernando Velázquez publican una versión del villancico ‘Hator hator’

El rock escocés homenajea al artista norteamericano Dennis Hopper

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Glutenik gabeko garagardoak digestio mailako ondoeza eragin dezaketen konposatuak izan ditzake


