NAIZ

Osakidetzak Covid Iraunkorraren Unitatea zabaldu du arreta indibidualizatua eta osoa emateko

Basurtuko Unibertsitate Ospitalean dago kokatua Osakidetzaren Covid Iraunkorraren Unitatea, eta medikuak jarriko dituzte Araban eta Gipuzkoan ere. Covid iraunkor konplexua edo larria duten pazienteak artatzeko erreferentzia bat izatea da asmoa, arreta osoa eta pertsonalizatua emango duena.

Osasun sailburua, Alberto Martinez, covid iraunkorra duten lagunen elkarteetako ordezkariekin.
Osasun sailburua, Alberto Martinez, covid iraunkorra duten lagunen elkarteetako ordezkariekin. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Covid Iraunkorraren Unitatea zabaldu du Osakidetzak Bilbon, Basurtuko Unibertsitate Ospitalean. Helburua da covid-19aren sintoma iraunkorrak edo ondorioak dituztenei «arreta indibidualizatua, integrala eta diziplina anitzekoa» eskaintzea eta ziurtatzea. Hasi dira dagoeneko pazienteei kontsulta presentzialerako ordua ematen.

Alberto Martinez Lakuako Osasun sailburuak eman ditu xehetasunak. Berarekin batera Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zerbitzua emango duten mediku taldeetako ordezkariak eta Susana Lopez Osakidetzako zuzendari nagusia izan dira. Covid konplexua edo larria duten pazienteen elkarteetako kideek ere ez dute hutsik egin aurkezpenean. Long Covid Euskal Herria elkarteak unitate berriaren diseinuan parte hartzea eskatu zuten otsailaren 19an.

Martinezek jakinarazi duenez, unitatea Basurtuko Unibertsitate Ospitalean kokatuko da. Bertan diagnostikatu eta tratatuko da patologia. Gainera, espezialista talde bat ariko da bai Gipuzkoan eta bai Araban. Espezialista horiek sarean lan egingo dute beste osasun zentro batzuekin, kasu larriak eta konplexuak dituzten pazienteak tratatzeko. Unitateak hiru lurraldeei emango die zerbitzua. 

Basurtuko erreferentziazko unitate hori Neurologia Zerbitzuaren ardurapean egongo da. Honako taldeak bilduko ditu: barne-medikuntza, pneumologia, errehabilitazioa eta psikiatria. Beharrezkoa izanez gero, beste espezialista batzuek ere parte hartuko dute.

Sareko lana

Unitateak Covid iraunkor konplexua edo larria duten pazienteak artatuko ditu astero. Datozen asteetan 50 paziente inguru deituko dituztela esan dute.

Osasun sailburuak adierazi duenez, helburua da covid-19aren sintoma iraunkor edo ondorio larriak agertzen dituztenen bizi-kalitatea hobetzea, errekuperazioa sustatzea eta tratamendu pertsonalizatua eskaintzea.

Unitateak Osakidetzako gainerako osasun erakundeekin lan egingo du sarean.

Adierazi dutenez, «ekitatea» bermatuko dute arretan. Horretarako, deribazio-irizpideak jasotzen dituen dokumentu bat landu dute. Bizkaian, kasuak lehen mailako arretatik edo ospitaleko espezialitateetako kontsultetatik bideratuko dira, zerbitzuen arteko kontsulta baten bidez. Gipuzkoan eta Araban, berriz, lurralde bakoitzak izendatutako erreferenteen bitartez bideratuko dira hautatutako kasuak.

Biomarkagailuak

Gaixotasunaren ikerketa ere egingo da unitate berrian. Besteak beste, biomarkagailuak bilatuko dira diagnostikoa bateratzeko eta tratamendu berrien entsegu klinikoak egingo dira.

Hain zuzen ere, EAEn covid iraunkorra duten lagunen bi elkarte daude, denera 265 kaltetu biltzen dira. Horietako batzuk izan dira ekitaldian eta biomarkagailuak izatearen garrantzia azpimarratu dute, kasu guztiak atzemateko eta baita Gizarte Segurantzan ezintasunagatik erreklamazioak egiteko ere.

Osasun orokorreko arazoa

Sailburuak esplikatu duenez, covid iraunkorra, Long covid edo Covid-19aren osteko sindrome ere deitutakoa, SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzio baten ondoren sortzen den egoera klinikoa da, gutxienez hiru hilabetez modu jarraituan, aldizka edo progresiboki irauten duena eta organo eta sistema bat edo gehiago kaltetzen dituena. Horrek zaildu egiten du diagnostikoa eta tratamendua, ez baita ezagutzen sintomak denboran luzatzea eragiten duen kausa zehatza.

Osasun orokorreko arazoa da. Izan ere, eragin handia du jasaten dutenen bizi kalitatean, eta tratatzeko konplexutasuna dela eta, erronka handia da osasun sistemetarako.

Sintomak askotarikoak dira. Ohikoenen artean, honako hauek aipa daitezke: muturreko nekea, arnasa hartzeko zailtasuna, buruko lainoa edo kontzentratzeko arazoak, giharretako eta artikulazioetako mina, takikardia, digestio-arazoak, antsietatea eta depresioa.

Gaur egun ez dago patologia hori duten pazienteen erregistro ofizialik, eta zaila da patologiaren irismenaren zifra errealak izatea, diagnostikatzeko zailtasunaren ondorioz.

Pandemia

Bost urte dira Euskal Herrian lehen kasua agertu zenetik. Martinezek oroitarazi duenez, covid-19aren inpakturik handiena 2020tik 2022ra bitartean gertatu zen gurean, 2020ko otsailaren 28an lehen kasua agertu eta hurrengo bi urteetan. Lehen aldi horretan, sei bolada handi izan ziren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 800.000 kasu inguru erregistratu ziren (%24,6, 60 urtetik gorako pertsonenak izan ziren) eta 8.000 pertsona inguru hil ziren (%1eko hilgarritasun-tasa).

Pandemiaren jardueraren goren aldia 2021eko abendutik 2022ko urtarrilera bitartean erregistratu zen. Zehazki, 330.000 kasu baino gehiago erregistratu ziren, eta ospitaleratzeak 4.000 baino gehiago izan ziren.

Lehen bi urteetan, Osakidetzako lehen mailako arretan 800.000 kasu baino gehiago artatu ziren eta 36.800 ospitaleratze inguru izan ziren. Profesionalek egoera ezezagun bati erantzun behar izan zioten.

Orain, bost urteren ondoren, «biktima horiek guztiak» ekarri nahi izan ditu gogora eta «gehien pairatu zutenenganako elkartasuna» agertu du. Eta, berriz ere, Osakidetzako profesional guztien ahaleginaren eta dedikazioaren garrantzia azpimarratu du, komunitate zientifikoa ahaztu gabe, «ezinbesteko zutabea baita tratamenduen garapenean eta txertaketan».

Baieztatu duenez, txertaketa-kanpaina hasi zenetik, covid-19aren eragina nabarmen murriztu zen. Halaber, gaixotasunaren ezagutzan lortutako hobekuntzak lagungarriak izan ziren. Handik aurrera, eta gaur arte, lehen mailako arretan eta ospitaleetan intzidentziak egonkor eta, oro har, balio txikietan jarraitu duela azaldu du.