
Lou Reed musikari estatubatuarra «ezinbesteko erreferentzia musikala» da Mikel Telleriarentzat. Miresmen hori oinarri hartuta egin du bere azkenengo lana, ‘Oroit Lou Reed’ izeneko diskoa, «rock alternatiboaren aita» izandakoaren konposatzeko era hartuta euskarazko hamar abesti berrik osatutakoa.
Hala azaldu du astearte honetan Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, datorren ostegunean, hilak 20, diskoaren aurkezpen kontzertua hartuko duen agertokiaren aurrean, hain zuzen. Autoprodukzio lana da, Sonora Estudios grabaketa-estudioan egindakoa eta Koldo Uriartek ekoiztutakoa.
Musikari idiazabaldarrak azaldu duenez, covid-19aren pandemiaren ostean etorri zitzaion diskoa burura lehenengo aldiz, Jonan Ordorikak Lou Reeden omenez ‘Lou Reed. Mila esker’ bilduma egin zuela jakin zuenean. Euskaratutako bertsioz osatutako horren harira, «beste pauso bat» eman du Telleriak bere abesti propioak konposatuz.
Sormen prozesuan zailtasun gehien ekarri dizkion abestia lehenengoa izan da, diskoaren homonimoa. «Lou Reed aipatzen duen kantu bat denez», ez da arina, letrak «pisuzkoa behar zuen izan», azaldu du Mikel Telleriak. Estatubatuarraren letretan batik bat Charles Bukowski bezalakoen «eragin oso nabarmena» azpimarratu du, eta ‘Dirty Boulevard’ abestian inspiratu da honetarako.
Gainerako kantak «nahiko libreagoak» direla esan du. Bigarrenak, ‘Atarian’ izenekoak, Zygmunt Bauman soziologoaren ‘Maitasun likidoa’ liburua du oinarri, Internetak aurrez aurreko solasaldietan izan dezakeen eragin negatiboari buruzko hausnarketan, zehazki.
‘Enkantea’ zortzigarren abestia da. Honetan, sare sozialen «giro kutsakorra» du hizpide musikariak. Horretaz gain, Gabriel Arestiren ‘Harri eta Herri’ poema-liburuan dioen honetan oinarritu da, «egundoko gaurkotasuna» duelakoan: «Orain berriz egia eta gezurra armak dira eztakit arrazoiaren edo desarrazoiaren kontra edo fabore».
‘Egin behar aukera’, hirugarrena, eta ‘Antsiaz jota nago’, zazpigarrena, «biziagoak» dira. Hirugarrena rock arin bat da eta zazpigarrena Ramones taldeari egindako keinua da, Lou Reed-ek babestu zuelako eta New Yorkekoek bere musikari jarraipena eman ziotelako, Telleriak azaldu duenez.
Musikariekin, «egundoko zortea»
Musikariei dagokienez, Jorge Olea galiziarra (gitarra elektriko eta akustikoak), Angel Celada (bateria), Iñigo Goldaracena (baxua), Raul Romo (saxoa) eta Paloma Strachan (txeloa) izan ditu lagun Mikel Telleriak.
Aurkezpenean beraiekin «egundoko zortea» izan duela aitortu du. 2023an diskoa lantzen hasi zirenean gitarrajole propio bat behar zutela konturatu ziren, azaldu duenez, eta orduan egin zuten topo Jorge Olearekin, uda hartan Luz Casal abeslariaren kontzertu batean ikusi zutenean.
Angel Celadak, «Gasteizko musikarientzat erreferentzia» denak, ere parte hartu du. Erritmo ertainetan «maisua» dela azpimarratu du abeslariak eta, esker onez, «disko honetan daukan esperientzia eta jakinduria guztia sartu» duela esan du. Iñigo Goldaracena baxu-jotzailearekin eratutako hirukotea «oinarria» izan da Mikel Telleriarentzat.
Jonan Ordorika gogoan
Masterizazio lanak Jonan Ordorikak egin behar zituela argi zuten hasieratik, baina 2023ko abuztuan hil zen soinu teknikaria. «Nire asmoa zen berarekin masterizatzea, egundoko solasaldiak egin eta barreak egin eta ondo pasatzea, jota geratu ginen».
Lou Reedi eskainitako disko batean Ordorika ez aipatzea «pentsaezina» denez Telleriarentzat, berari ere eskaini dio lan berri hau. Diskoaren liburuxkak ‘Jonan Ordorika gogoan’ esaldiak irekitzen du.

«Queríamos que las canciones sonaran como suena Kaotiko en este momento»

Un estudio genético prueba que María Branyas, de 117 años, «tenía una microbiota como una niña»

«La juventud necesita espacios para respirar y poder desconectar»

«Pequeña y con algo de caña, ron y música, ¿el peligro es que Cuba no se arrodilla?»
