Lakuako Gobernuak 2030erako Plan Onkologiko Integral berria amaitu du, partaidetza-prozesu baten ondoren, minbiziaren prebentzioko eta diagnostiko goiztiarreko politikak indartzeko, minbizia EAEko biztanleriaren heriotza-kausa nagusia delako.
Gontzal Tamayo Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioko zuzendariak dokumentuaren garapenaren berri eman du asteazken honetan Onkologikoan egindako jardunaldi batean, Donostian.
Azaldu duenez, 2024ko irailetik egon dira dokumentuan lanean paziente eta profesionalak. Helburua estrategia integrala, parte-hartzailea, jasangarria eta dinamikoa ezartzea da, bikaintasunean, ebidentzia zientifikoan eta ekitatean oinarritutako jarduerak gidatuko dituena, herritarrei osasun-emaitza hobeak eskaintzeko.
Osasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, estrategia berri horrek lehentasunezko sei arlo jasotzen ditu: pertsonak ardatz izatea, sustapena eta prebentzioa, detekzio goiztiarra, arreta integrala eta integratua, osasun-emaitzak eta erregistro-sistemak.
Pazienteen eta profesionalen ekarpenak
Hainbat eremutako 160 profesional inguruk parte hartzen dute 2030erako diseinatutako estrategia horren helburuak eta ekintzak zehazten. Pazienteen elkarteen, EAEko minbiziaren aholku-batzordeen eta Osakidetzako profesionalen ekarpenak jasotzen ditu, besteak beste.
Planteatutako lan-ildoek Europako ekimenak ere hartzen dituzte kontuan, minbiziaren arreta Europako estandarretara egokitzeko, Osasun Sailak jakitera eman duenez.
Era berean, 2018-2023 aldirako Euskadiko Lehen Plan Onkologikoari jarraipena emango dion estrategia horrek adierazle multzo bat izango du, haren ezarpena ebaluatzeko eta EAEren minbiziaren epidemiologian dituen ondorioak ebaluatzeko. Izan ere, populazioaren %27 gaixotasun horren ondorioz hiltzen da.
Zirriborroak, halaber, zenbait printzipio ditu oinarri, eta horietan oinarritzen dira lantaldeek amaitzen ari diren ekintzak, hala nola arrisku-faktoreak, detekzioa eta diagnostiko goiztiarra, arreta integrala, desberdintasunen murrizketa, genero-ikuspegia, esku-hartzeen eraginkortasuna eta I+Gko aurrerapenaren araberako planaren dinamizazioa.
Baheketen garrantzia
Osasun Sailak eta Osakidetzak egiten dituzten detekzio goiztiarreko baheketen garrantzia ere azpimarratu du Tamayok. Bularreko minbiziaren programak 2,5 milioi miaketa baino gehiago egin ditu 1995etik, eta 13.000 tumore inguru diagnostikatu ditu. Kasuen %84an tratamendu kontserbatzailea egin ahal izan zen.
2024an, 715 minbizi detektatu ziren, gehienak fase oso goiztiarretan eta pronostiko onean, 50 eta 69 urte bitarteko emakumeetan eta lehen mailako bularreko minbiziaren familia-aurrekariak dituzten 40 eta 49 urte bitarteko emakumeetan.
2009an abian jarritako kolon eta ondesteko minbiziaren baheketaren bidez, 50-69 urteko programan parte hartzen duten pertsonei 4.680 tumore gaizto detektatu ahal izan zaizkie, %71 hasierako estadioetan.
2024an, Osasun Sailak programa 74 urtera luzatzea onartu zuen, eta, horren ondorioz, nabarmen murriztuko da tumore hori duten pertsonen kopurua, eta biziraupen eta bizi-kalitate handiagoa izango du, orain arte %95etik gorakoa.
Zerbixeko minbiziaren baheketa-programa 2018an hasi zen, eta 25 eta 65 urte bitarteko emakumeei zuzenduta dago. 500 kasu baino gehiago identifikatu dira minbiziko eta minbizi-aurreko lesioekin.
Guztira, 700.000 emakume baino gehiago deitu dira programan parte hartzeko martxan jarri zenetik, eta, 2024an, 74.500 lagin baino gehiago aztertu dira Donostia Ospitaleko baheketa-unitatean; horri esker, minbizi inbaditzaileen %71 detektatu ahal izan da hasierako estadioetan.
Hiru programa horiez gain, Osasun Sailak proiektu pilotu bat jarriko du abian ekainean, Osakidetzan prostatako minbiziaren populazio-baheketaren ezarpena ere baloratzeko.
Bestalde, Tamayok azpimarratu du Donostialdea ESIan protonterapia-unitate berria abian jartzeak -2027an lehen pazientea artatzea aurreikusten du– eta Onkologikoa Osakidetzan integratzeak jauzi kualitatibo garrantzitsua ekarriko dutela onkologiako prestazioen garapenean.
Osakidetzak, osasun-ikerketako institutuen bidez (Bioaraba, Biobizkaia, Biogipuzkoa eta Biosistemak), minbiziari buruzko 577 ikerketa-proiektutan eta azterketa klinikotan parte hartzen du gaur egun (guztizkoaren %28). Proiektu horiek prebentzioan, diagnostikoaren hobekuntzan, diziplina anitzeko arretan eta tratamendu pertsonalizatuetan oinarritzen dira.

«Queríamos que las canciones sonaran como suena Kaotiko en este momento»

Un estudio genético prueba que María Branyas, de 117 años, «tenía una microbiota como una niña»

«La juventud necesita espacios para respirar y poder desconectar»

«Pequeña y con algo de caña, ron y música, ¿el peligro es que Cuba no se arrodilla?»
