NAIZ
Donostia

Roberto Ugarte Alvarado izendatuko dute Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusi

Administrazio Kontseiluak Roberto Ugarte Alvarado gasteiztarra proposatu du Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusi izateko, Oriol Rochen ordezko gisa. Erabakia astearte honetan egingo du ofizial Gobernu Kontseiluak.

Roberto Ugarte, artxiboko irudi batean.
Roberto Ugarte, artxiboko irudi batean. (EUSKADIKO ORKESTRA)

Roberto Ugarte Alvarado (Gasteiz, 1962) etxera itzuliko da hamarnaka urtez Estatuko hainbat erakunde musikaletan lanean aritu ondoren. Zehazki, Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusi izateko itzuliko da Euskal Herrira, pasa den urtarrilean orain arte karguan egon den Oriol Rochek ez zuela jarraituko iragarri ostean.

Ugarterena Administrazio Kontseiluak egindako proposamena da, baina izaera ofiziala astearte honetan emango zaio Gobernu Kontseiluaren onespenaren bitartez.

Roberto Ugarte musikaria da, gitarran espezializatua. Bere bizitzan zehar piano interprete, gitarra jotzaile, laguntzaile eta abeslari bezala lan egin du Errenazimentuko eta Barrokoko hainbat musika taldetan, baita irakasle eta koru zuzendari modura ere. Azken hogei urtetan, musika-erakunde handien kudeaketan eta zuzendaritza artistikoan egin izan du lan.

Bere hastapenak Gasteizko Jesús Guridi Kontserbatorioan izan ziren, piano eta gitarra ikasketak egiten. 1995ean, Gasteizko Luis Aramburu Udal Musika Eskola sortu berriko zuzendari izendatu zuten. Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide izan zen 1998tik 2001era. Kanaria Handiko Orkestra Filarmonikoko Koordinatzaile Artistikoa izan zen (2001); Madrilgo Orkestra eta Abesbatza Fundazioko gerente izendatu zuten (2009); Orkestra Sinfonikoen Espainiako Elkarteko (AEOS) Zuzendaritza Batzordeko kide izandakoa, idazkari, bokal eta lehendakariorde karguak ere bete ditu (2015-2018).

2020ko otsailean, 2023ra arte, Scherzo Fundazioko zuzendari modura aritu zen lanean, eta Scherzo Fundazioko Interprete Handien Ziklo entzutetsuaren antolaketaren arduraduna izan zen. Ziklo horrek nazioarteko piano-jotzaile garrantzitsuenak biltzen ditu Madrilgo Musika Auditorio Nazionalean. 2020tik Granada Hiria Orkestrako kudeatzaile karguan egon da orain arte.

Europako erreferente

Euskadiko Orkestrak ohar bidez adierazi duenez, Ugartek «ilusioz» helduko dio Euskadiko Orkestra Europako erreferente kultural bihurtu nahi duen etapa berriari. Roberto Ugartek Oriol Roch ordezkatuko du, 2014tik Euskadiko Orkestra zuzendu duena. «Administrazio Kontseiluak eskerrak eman dizkio azken urteetan Euskadiko Orkestraren zerbitzura egindako lanagatik», esaten da oharrean.

Orkestraren aburuz, Roberto Ugartek zuzendaritza orokorra hartzeak «musika-erakundeen kudeaketan esperientzia lortu ondoren euskal talentuaren itzulerarekin du zerikusia». Urteek eta egindako lan eskergak ematen duten ibilbide sendoarekin itzuliko da Euskadira. Roberto Ugartek ilusio handia du eta, aldi berean, bere alderdi artistikoa garatzen eta prestigioa mantentzen jarraitu nahi duen orkestra bati bere aletxoa emateko zain», ohartarazi dute. Euskadiko Orkestrak da, gaur gaurkoz, kontzertuetan abonatu gehien dituen EAEko kultur erakundea.