Itsasu eta Bidarrai artean sortutako musika proiektua da Maskak, 2024ean ‘Buruz buru’ lehen diskoa argitaratu zuena. Pop rock eta electro estiloak nahasiz atmosfera propioa eratu duen taldea da eta azken urtean euren proiektua hainbat eszenatokitan aurkeztu ostean euren hurrengo lana izango denaren aurrerapen kantuarekin datoz: ‘Ameslari’. Kantua eta bideoklipa, biak sareratu berri dituzte.
Taldekideek azaldu dutenez, kantuak inposatu zaizkion ereduekin ezeroso sentitzen den gizonezko bat aurkezten du: «Lehen koplan, gizon bat galdua da, ez daki zer egin bere biziaz eta proposatuak zaizkion bizi modeloekin ez du bat egiten (ibilbideak aipatuak direlarik, beste batzuen bizi ereduak dira edo bizi ibilbideak)». Hala ere bere ibilbidean aurrera doa, ingurukoen iritziei iskin eginez, kantuan aipatzen den moduan, ‘izarrek’ esaten dutenari jaramon egin gabe: «Erraiten dugularik izarrek ez dutela erraiten zer izan behar dugun ta zer ez, pentsatzen dugu batez ere estereotipoei, eta gizarte heteronormatuaren kodeei, gizonak ere inpaktatzen dituenak», zehaztu dute.
Bigarren koplan sakonago heltzen diote gaiari, iraganera joz, «erakusteko ttipidanik jasaiten ditugulako norma horiek. ‘Malkoak irriz irenstea’ metaforaren bidez, esplikatu nahi izan dugu gizonen itxuraren garrantzia, eta batez ere emozioak gure baitan atxikitzeak kaltea baizik ez duela eragiten», azaldu dute, eta maskulinitate ereduen gaineko gogoeta sustatu nahi dutela zehaztu dute: «Azken bi esaldietan adierazia dena, maskulinitate modelo honek jarrera zapaltzaileak eragiten dituela, eta bakoitzaren askatasunak murrizten dituela. Izan ere, hainbat gauza mugatzen ditugu besteen begiradarengatik».

Txosnen eredua arriskuan dagoela ohartarazi dute: «Ez gara enpresa bat»

Zea Maysek Kortaturen ‘Hay algo aquí que va mal’ abestiaren bertsioa osatu du

Fermin Muguruzak Anoetan eskainiko duen kontzertuko ordutegiak iragarri ditu

Zea Mays, Bulego, Kaotiko, Rozalén y OBK, entre los conciertos para San Fermín 2025
