Marcel Pena
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Txosnen eredua arriskuan dagoela ohartarazi dute: «Ez gara enpresa bat»

Bilboko Konpartsak, Donostiako Piratak eta Gasteizko Txosnak batu dira ostegun honetan alarma mezu bat zabaltzeko: «Jaiak, gaur egun ezagutzen ditugun bezala, desagertzeko arriskuan daude». Aisialdiaren pribatizazioa eta tramite administratiboak dira jai eredu horren oztopo nagusia.

Gasteizko Txosnen, Bilboko Konpartsen eta Donostiako Piraten ordezkariak, ostegun honetan.
Gasteizko Txosnen, Bilboko Konpartsen eta Donostiako Piraten ordezkariak, ostegun honetan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

«Ez gara enpresa bat, eta ez dugu izan nahi. Irabazi asmorik ez daukagu eta gure ekintza guztiak herriari zuzenduta daude». Hitz horiekin ohartarazi dute Bilboko Konpartsen, Donostiako Piraten eta Gasteizko Txosnen ordezkariek Euskal Herrian hain errotuta dagoen jai eredua arriskuan dagoela, besteak beste aisialdiaren pribatizazioa eta merkantilizazioagatik eta goiko maila administratiboetatik ezartzen dituzten tramiteengatik.

Horrela adierazi dute ostegun honetan Bilbon egindako agerraldi batean Iker Martin Bilboko Konpartsen Federazioaren ordezkariak, Donostiako Piraten Joseba Cornagok eta Maite Aranalde Gasteizko Txosnetako ordezkariak, ‘Txosnak arriskuan’ ekimena aurkezteko. Hala ere, abisatu dute arazo hau ez dela pairatzen bakarrik hiriburuetako jaietan, baizik eta herri eta auzoko jaietan ere bai.

«Ez dugu alarmista izan nahi, baina gero eta gertuago ikusten dugun errealitate bat islatu nahi dugu gaur. Mundua pribatizatzen ari da, eta gero eta zailagoa da txosnak eta herri-jaiak antolatzea. Aisialdia merkantilizatuta dago, eta irabazi asmorik ez dugunoi geroz eta oztopo gehiago jartzen dizkigute espazio publikoa erabiltzeko. Agerikoa da, instituzioek lehentasuna ematen diete irabazi asmoa duten jarduerei», adierazi du Aranaldek.

Zentzu honetan, gogoratu dute euren eredua autogestioan eta borondatezko lanean oinarritzen dela eta, beraz, ez daukatela irabazi asmorik. «Ez gara enpresak, ez gara ekitaldi komertzialak, boluntarioak gara», nabarmendu dute. Horregatik, azaldu dute «anomalia» dela ez onartzea «jai eredu hau Euskal Herrian hain erotuta egonda».

TicketBai sistemak ‘Txosnak Arriskuan’ ekimena antolatzeko orduan zein eragin izan duen galdetuta, Martinek azaldu du hori bakarrik izan dela itotzen duten tramite administratiboen zamaren «tanta bat gehiago»: «Pribatizazioari buruz hitz egiten dugunean, hasi ahal gara tramite burokratikoetatik, profesionalizazioa... Orain arte daukagun ereduan egunero eskatzen digute beste pauso bat. Nahiz eta guztiok nahi dugun, aurrera ateratzea zaila egiten zaigu, eta ikusten dugu urteak pasa ahala zailagoa izango dela. Urtero tanta bat gehiago, eta sentitzen dugu itotzen ari garela».

Testuingurua ikusita, Konpartsa, Pirata eta Txosnetako ordezkariek jakinarazi dute administrazioekin harremanetan daudela, horiek eta beste gai batzuk jorratzeko, eta guztion onurarako konponbide bat aurkitzeko. «Ez dago gauza tristeagorik hainbeste maite dugun eta guztion artean hainbeste gozatzen dugun hori desagertzeko arriskuan ikustea baino», deitoratu dute.

Hori guztiagatik, ekitaldia antolatu dute maiatzaren 31rako Miribillako anfiteatroan, txosnen eta herri jaien defentsan.