Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Arabako nortasun gastronomikoa birpentsatzeko konpromisoa

Astelehen honetan aurkeztu dute ArabaKO, hainbat jatetxetako sukaldariek osatutako kolektiboa, ideia baten inguruan sortua: gastronomia sukaldean prestatzen den hori ez ezik, «lurrarekiko, kulturarekiko eta jendearekiko loturan oinarritutako zerbait» ere bada.

ArabaKO kolektiboaren aurkezpena.
ArabaKO kolektiboaren aurkezpena. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

ArabaKO. Kolektiboa eta kilometro 0. Astelehen honetan aurkeztu dute Gasteizko Abastos merkatutan hogeiren bat sukaldarik osatzen duten kolektibo hori, ideia baten inguruan sortua: gastronomia sukaldean prestatzen den hori ez ezik, «lurrarekiko, kulturarekiko eta jendearekiko loturan oinarritutako zerbait» ere bada, eta gastronomia errotuaren baina mundura zabalik dagoenaren aldeko apustua da.

Aurkezpenean izan dira ArabaKO kolektiboko kide guztiak: Edorta Lamo (Arrea), Aitor Etxenike (Kromatiko), Jabi Sarasua (Karmine), Maria Laskibar eta Ivan Sancho (Kea), Luis Hernani (ManoLena), Cristian Solana (El Puntido), Juan Anton (Zaldiaran), Gorka Arrieta (Sua), Beatriz Pascual (Almazen), Aitor Ocio (Bodeguilla) Jon Gil (Bideko), Bleen Sandrin eta Jokin Loma (Palacio de Añana) Koldobika Galan eta Asier Moreira (Bode), Luis Angel Perez (144), Eneko Ochoa (Ballarín), Juan Garcia (El Dolar) eta Laura Muñoz (Urgora). Haiekin, Elikadurako, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Arrantzako sailburu Amaia Barredo, Basque Cullinary Centerreko zuzendari Jose Mari Aizega eta Mantalako koordinatzaile Imanol Zubelzu zan dira.

Hain zuzen ere, Basque Cullinary Centerrek eta Gasteizko Gobernuak sortutako Mantala Basque Gastronomyk antolatu du aurkezpena. Ekimen horretako koordinatzaile Imanol Zubeltzuk esan duenez, «Arabako nortasun gastronomikoa birpentsatzeko» sortu da ArabaKO. Eratzen ari den kolektibo honetaz hitz egitean lurrraldearekiko konpromisoa azpimarratu du, eta askotariko sentsibilitateak eta proiektuak biltzeko asmoka duela dio, gaur arte egin denetik abiatuta.

Berritzeko gogoa, nondik datozen jakinda

Izan ere, Aitor Etxenikek esan duenez, jende gaztea da, berritzeko eta sortzeko gogoa duena, baina «zer bidetatik gatozen kontziente« izan behar dute, noruntz doazen jakiteko, eta «horretarako herrietara joan behar da». Kolektiboaren lerro estrategikoei dagokienez, esan du ekoizleak izango direla benetako protagonistak eta haiengandik ikasteko prest daudela.

Konpromisoak markatuko du sarearen lan ildoa, zero waste gastronomian oinarritua: jasangarritasuna, jakirik ez xahutzea, ingurumen inpaktua murrizteko. Beste alde batetik, bertako produktuen eta Arabako ardoaren defentsa ere oinarri dute. Berrikuntzaren alde egiten dute, baina erroarekiko lotura galdu gabe, eta komunitatean egindako lana. Elkarlana elkarrengandik ikasiz.

Espazio irekia, partekatu eta sortzailea da, eta Edorta Lamok nabarmendu duenez, lurrarekiko eta kulturarekiko lotura estua duena. Ondare kulturala mantentzea izango da euren arduretako bat, iraunkortasunari eutsiz eta sasoiari bere garrantzia emanez, ekoizleekiko harremanak zainduz. Galdutako errezetak berreskuratuko dituzte, eta etorkizunean erreferentzia izan nahi dute.

Kolektiboko beste kide batek, Belen Sandrinek abegikortasuna ere aipatu du. Bezeroarekiko harremanak eta baita beste kultura batzuekikoa ere, beste kultura batzuetatik ekarritakoa «gure erroetara txertatzeko».

Lehen pausoa

Lehen pauso gisa aurkeztu du ArabaKO Maria Laskibarrek. Haren ustez, garapen gastronomiko eta turistikorako lehen pausoa izan da aurkezpena, Arabako sukaldaritzari ikusgaitasun handiagoa emango diona eta, gogorarazi duenez, baldintza ezin hobeak daude horretarako: produktuak, bodegak... sinergia publiko-pribatua –Mantala eta Hazi aipatuta–.  

Abian da kolektiboa, eraikitze fasean, baina gero eta partaide gehiagorekin eta zabalik, beste sentsibilite eta kolektibo batzuetara zabalik. «Sarea ehuntzeko gogotik» sortu da ArabaKO, «elkarrengandik ikasteko grinatik eta Arabako gastronomia kultura mota bizi gisaere azalduko duen kontakizun sendo bat eraikitzeko desiotik».

Jose Mari Aizega Basque Cullinary Centerreko zuzendariak esan duenez, aurketztu den kolektibo honen atzean geruza asko daude: elikagaiak, edanak, produktua... eta pertsonak, «pertsona konprometituak eta transformazio bokazioa dutenak», eta sukaldarien belaunaldi berri baten ordezkaritzat jo du ArabaKO.

ArabaKO olektiboak bere izenetik hasita erakutsi nahi du bere konpromisoa, lurraldearekiko, elikagaqiekiko, jendearekiko konpromisoa: kilometro 0, eta konpromiso horrek gidatzen duen kolektiboa da.

Amaia Barredo sailburuak kolektiboaren gaztetasuna azpimarratu du, gaztetasun hori, eskaintza eta jarduera bat baitatoz Araba, Bizkai eta Gipuzkoa gastronomiaren eta elikaduraren alorrean garatzen ari diren «lidergoa eta nazioarteko posizionamenduarekin». Harro egoteko moduko ekimena dela uste du.