NAIZ

EGOk 50 musikari titular berri ditu, azken urteetako kopuru handiena

Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) amaitu ditu bere kide berriak hautatzeko entzunaldiak eta, aurkeztu diren 160 musikari gazteen artean, orkestrak 50 titular berri eta 39 ordezko aukeratu ditu, azken urteetako kopuru handiena. 

50 musikari titular eta 39 ordezko berri izango ditu EGOk.
50 musikari titular eta 39 ordezko berri izango ditu EGOk. (EUSKAL HERRIKO GAZTE ORKESTRA)

Euskal Herrriko Gazte Orkestrak (EGO) kide berriak hautatzeko entzunaldiak amaitu berri ditu eta, iragarri dutenez, 50 musikari titular berri batuko dira orkestrara. 160 gazte aurkeztu dira entzunaldietara eta hauek modu telematikoan gauzatu dira, bideo bidalketaren bitartez, orkestra profesionalen munduan geroz eta egonkortuagoa dagoen tendentzia.

Aurkeztutako materiala instrumentu ezberdinetako musikari adituek osatutako epaimahaiak aztertu du, EGOren zuzendari artistiko den Ruben Gimenorekin batera. Azken hau pozik azaldu da entzunaldietako emaitzekin: «EGOko kide berrien gaztetasuna nabarmendu nahiko nuke; entzunaldiei aurre egin diote orkestra profesionaletan eskatzen denaren pareko errepertorioarekin. Kalitate nabarmena, heldutasun teknikoa nahiz musikala erakutsi dute, eta ezbairik gabe, musika maila goreneko etorkizun oparoa bermatzen duten ezaugarriak dira horiek», esan du.

Datuei begira, zehaztu du 50 musikari titular eta 38 ordezko hautatu dituztela. Aukeratuak izan diren gazteen %65 inguru, Hego Euskal Herritik datoz, Musikene eta CSMN izanik ekarpen handiena egiten dituzten ikastetxeak. Aurten Kontserbatorio Profesionaletatik heldu diren eta plaza bat lortu duten gazteen kopurua ere nabarmendu dute, «handitzen doan zenbakia baita», eta Gimenoren iritziz horrek «heldutasuna eta kalitate goiztiarra» erakusten ditu. Hala, nahiz eta EGOko kide izateko adin-muga 24 urtekoa izan, musikarien batez besteko adina 20 urtekoa da.

Era berean, Hochschule für Musik und Darstellende Kunst Frankfurt, Londoneko
Royal College and Music School, Trossingeneko Staatliche Hochschule für Musik Trossingen edota Conservatorium van Amsterdamen, besteaz beste, ikasketak egiten ari diren gazteen presentzia ere nabarmendu dute, baita erreferentzia diren gazte orkestretan ari diren musikariak ere, hala nola, Gustav Mahler Youth Orchestra, EUYO, JONDE, eta baita ere dagoeneko orkestra profesionaletan jotzen hasiak diren gazteen presentzia ere.

Amaitzeko, adierazi dute behin entzunaldiak gauzatuta, EGO aurtengo jarduerak prestatzeko ari dela «buru belarri»:  hiru topaketa eta izaera ezberdineko hainbat proiektuk osatuko dute aurtengo jarduera nagusia.